INFO

Etxeko beharginen lan baldintzen erreforma «eskasa» dela salatu dute ELAk eta LABek

LABek Gobernu espainolak astearte honetan onartu zuen etxeko beharginen lan baldintzen erreforma «eskasa» dela eta «berandu datorrela» salatu du. ELAren arabera, dekretuarekin ez dira amaituko emakume langile horiek jasaten dituzten prekarizazio baldintzak.

Garbiñe Aranburu etxeko langileen ondoan, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Etxeko enplegua eta zaintzaren sektorea arautzen duen indarreko lan araudiaren alderdi batzuk aldatzen duen errege dekretuaren behin betiko testua Gobernu espainoleko Ministroen Kontseiluak onartu zuen astearte honetan. LABen ustez, Sanchezen Exekutiboak «erreforma hau etengabe saltzen duen bitartean, hau Europako Justizia Auzitegiaren 2022ko otsaileko epaiaren arabera ezarritako eskubideak nahitaez bete beharreko inplementazioa baino ez da». 

Hala, sindikatuak gogoratu du epai honek ondorioztatzen zuela sistema «diskriminatzailea» zela, ez baitzien langabezia eskubidea aitortzen etxeko langileei. Gainera, nabarmendu du sektorean langile gehienak emakumeak direla, eta, zentzu horretan, kritikatu du dekretuak ez duela ardura bere gain hartzen, eta premiazkoak diren gaiak saihesten dituela, hala nola «pernoktaren erregimenaren erregulazioa, lan ikuskaritzak etxe barruetan lana zer baldintzetan egiten duen jarraipenaren ardura hartzea, edo asteko legezko lanaldia astean 60 orduz murriztea».

Dekretuak langabezia prestaziorako eskubidea eta horri lotutako laguntza guztiak, soldatak bermatzeko funtsaren (FOGASA) estaldura, kontratuen formalitate guztiak sartzea, bonifikazio sistema berria –gizarte segurantzako kuoten igoerak ez dezan ekarri izkutuko ekonomia– bezalako neurriak onartzen ditula nabarmendu du LABek.

Hala ere,  Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean sartzea hitzematen du, baina ez du, sindikatuarene arabera, esplizituki azaltzen «nola, eta geroko lege garapena egiteke uzten du, eraginkorra izan dadin». Dekretuak desestimenduaren figura kentzea ezartzen du ere, kontratuak amaitzeko modu gisa, baina, aldi berean, hiru kasutan onartzen jarraituko duela salatu du LABek.

Negoziaziorik eza

«Diazen Ministerioak, negoziazio kolektiboaren aintzindari dela dioenak, prozesutik kanpo utzi ditu etxeko langileen erakundeak. Izan ere, behin baino gehiagotan eskatu duten arren, ezin izan dute dekretu honen zirriborroa eskuratu. Gainera, errege dekretua denez, legebiltzar taldeek, sindikatuek eta gizarte zibilak ezingo dute zuzenketarik egin», salatu du LABek.

«Ziur gaude borondate politikoa balego errotik alda litezkeela sektore honek bizi dituen bidegabekeria eta desberdintasun baldintzak», gehitu du.

Ildo honetan, sektore honen antolakuntza kolektiboan lanean ari dela nabarmendu du sindikatuak, eta patronala eta EAEko eta Nafarroako erakundeak interpelatzen, EAEn sektore honetako lehen hitzarmen kolektiboa lortzearen alde. «Honek posible egingo ditu Euskal Herrian Madrilen etxeko eta zaintza langileei ukatzen zaizkien eskubideak eta aukerak», azpimarratu du.

Halaber, jakinda ez dela Lan Ministerioaren eskumena, gobernu honen «hipokresia» salatu du, atzerritar jatorriko pertsonen ezohiko erregularizazioa eragozten jarraitzen duelako. Sinkatuaren iritziz,« justizia sozialeko premiazko» neurria da hori, batez ere sektore honentzat.

ELA: «Dekretua anbizio txikikoa da»

ELAk positibotzat jo du «sektore feminizatu, prekarizatu eta askotan arrazializatu hori arautzeko urratsak» egin izana. Hala ere, sindikatuaren arabera dekretuarekin ez dira amaituko emakume langile horiek jasaten dituzten prekarizazio baldintzak.

Ohar batean gogoratu duenez, etxeko langileak, Hego Euskal Herrian 34.000 inguru, ez dira parekatuko Erregimen Orokorreko langileekin 2024ko urtarrilaren lehena arte (2023rako zegoen aurreikusita parekatzea). Urriaren 1etik aurrera kotizatu ahal izango duten arren, sindikatuak gogoratu du ez direla ordaintzen hasiko Erregimen Orokorreko kotizazio epeak bete arte. Gainera, kotizazioak %6,05ekoak izango dira (horren %5 ordainduko du enplegatzaileak eta %1,05 langileak); eta, zentzu horretan, gainerako langileen kotizazioa %7,05ekoa dela azpimarratu du. 

Era berean, desestimenduaren figura ezabatu den arren, oroitarazi du kaleratzeak «oso merke» izaten jarraitzen duela, lan egindako urte bakoitzeko 12 eguneko kalte ordaina, hain zuzen ere, eta kasu batzuetan soilik hilabeteko soldatarekin.

Gobernu espainolak konpromisoa hartu du genero ikuspegia txertatzeko gaixotasun profesionalen koadroan. ELAren ustez, Errege Dekretuan sartu beharreko edukia zen.

Sindikatu horren arabera, dekretuak Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak hobetuko ditu, baina «guztiz eskasa» da gainerako langileekin parekatze aldera. «Sektore horrek prekarioa izaten jarraituko du, soldata arrakala betikotzen baitu, soldata txikiak, lanaldi amaigabeak, negoziazio kolektiborako eskubide falta eta abar luze bat», salatu du.

ELAk bereziki nabarmendu nahi izan du du etxe barruko langileen egoera, kasu askotan ez dutelako erregularizatuta euren egoera administratiboa. Bere iritziz, migratzaileak erregularizatzeko urratsak egin beharko lirateke, gainerako pertsonen eskubide berberekin bizi eta lan egin ahal izateko.

Era berean, uste du zaintzan aritzen diren langileek pairatzen dituzten baldintza prekarioak, hein batean, zaintza lanak ikusezin bihurtzen dituen sistema publikoaren gabezietatik datozela. Horregatik, zaintza sistema publikoa, doakoa, duina eta kalitatezkoa aldarrikatu du sindikatuak.