INFO

Noainen egingo dute Nafarroako VII Azoka Ekologikoa hilaren 16tik 18ra

Hilaren 16tik 18ra Nafarroako VII Azoka Ekologikoa egingo da Noaingo Zentzumenen Parkean. Bertaz, 30 ekoizle baino gehiagoren produktuak gertutik ezagutzeaz gain, nekazaritza ekologikoaren inguruko hainbat ekimen izango dira.

Sebastian Marco Noiango alkatea, Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria Nafarroako Gobernuan eta Mirian Otxotarena Nnpek-ko presidentea, Azokaren aurkezpenean. (NNPEK)

Nafarroako VII Azoka Ekologikoa berriz ere Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da irailaren 16tik 18ra. Naturaz inguratutako 25.000 metro koadroko ingurune apropos honetan, 30 ekoizle baino gehiago dituen merkatuaz gain, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaz, gune ekogastronomikoaz, arraza autoktonoen abeltzaintza-erakusketaz, emanaldiez, tailerrez, zozketez eta haurrentzako guneaz gozatzeko aukera izanen da.  Azoka zero zabor ekitaldia izanen da eta trantsizio agroekologikoaren inguruan informatu eta hausnartzeko aukera emango du.

Bertan, 33 erakusketari egonen dira eta Nafarroan ekologikoan ziurtatutako 2.500 elikagaietako batzuk egonen dira ikusgai. Gainera, ongi pasatzeko, nekazaritza ekologikoaren inguruan ikasteko edo elikadura sistemei buruz hausnartzeko jarduera ezberdinak egonen dira.

Azokak Nafarroako ekoizleak eta enpresak hartzen baditu ere, beste autonomia erkidegoetako eta Estate frantseseko ekoizleak ezagutzeko aukera ere izanen dugu.  Horrela, Nafarroako ardo, gazta, garagardo, barazki, olio, ezti, arrautza, haragi, kontserba, ogi, pasta, esne edo gozagarri ekologikoei beste produktu batzuk batuko zaizkie, hala nola frutak, laranja-zukuak, txahal eta txerri-kontserbak, haziak edo kosmetikoak.

Azokak, parkeko erdialdean kokatuko den merkatuaz gain, haurrentzako gune bat, gune gastronomiko bat eta hausnartzeko parada eskainiko duen hitzaldietarako eta tailerretarako guneak izanen ditu.

Trantsizio agroekologikoa

Izan ere, Nafarroako VII Azoka Ekologikoa trantsizio agroekologikoari eskaintzen dio edizio hau. Horrela adierazi du Mirian Otxotorena Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologiaren Kontseiluko (Nnpek) presidenteak: «Premiazkoa baita nekazaritzako elikagaien egungo sistemaren gainean jardutea, elikagai justu, iraunkor eta osasungarriak ekoizteko eta eskuratzeko».

Une erabakigarria da hau eta, horregatik, lurraldeko hainbat esperientziak parte hartuko duten mahai-inguru bat antolatu da. Bertan, parte-hartzaileek mahai gainean jarriko dute zein urrats ematen ari diren eta etorkizunean norantz jo beharko den. Nafarroako nekazaritza- azaleraren %7 ekologikoan ziurtatuta dago. Europako Batzordearen Baserritik Mahaira estrategiaren arabera, zifra hori %25era iritsi behar da 2030ean: 8 urte besterik ez dira geratzen. Nafarroa aurrera doa, baina egin beharreko bidea luzea da oraindik, eta horretarako dugun denbora-tartea laburra da.

Horrez gain, Itziar Gomez Landa Garapen kontseilariak azokara joateko deia egin du, eta adierazi du departamentuak apustu handia egin duela ekoizpen ekologikoa bultzatzeko: «Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Merkaturatzeari buruzko Bide Laburren Foru Legeak beharrezko txosten guztiak ditu gobernu-bileran onartzeko. Elikagaien merkaturatzea zuzenean arautu eta sustatuko du nekazaritza-ustiategien titularren eta azken kontsumitzaileen artean. Lege honen bidez, tamaina txikiko nekazaritza-ustiategiei lagunduko diegu, eta haien bideragarritasuna hobetuko dugu, lehiakorragoak izan daitezen».