INFO
Elkarrizketa
Antton Telleria
‘Mihiluze’ programaren aurkezlea Ilaski Serranorekin batera

«Ni Kike Amonarriz 2.0? Zergatik ez?»

‘Mihiluze’ saioa itzuliko da, datorren astelehenetik aurrera, ETB-1era. Eta bere aurkezle berriarekin hitz egin dugu. «Gizartean programa oso garrantzitsua da, euskaltasuna erakusten duelako», nabarmendu du Antton Telleriak.

Serrano eta Telleria, ‘Mihiluze’ saio berrituaren aurkezle bikotea. (EITB)

«‘Mihiluze’ is back», ‘Mihiluze’ itzuli da. ETB-1eko lehiaketarik arrakastatsuenetako bat datorren astelehenetik aurrera, astero osteguna arte, eskainiko dute 21.30etatik aurrera. Dagoeneko bederatzi urte pasa dira azken saioa amaitu zenetik, baina laster ‘Tribuaren Berbak’, ‘Eroglifikoak’ eta ‘Zapikiak’ ikus-entzuleen egunerokotasunean sartuko dira berriro.

Beste nobedade batzuk egongo dira, adibidez aurkezleen taldean: Ilaski Serranok bertan jarraituko du baina bere alboan Antton Telleria izango da oraingoan, Kike Amonarrizen ordez. Gazte tolosar honekin hitz egin dugu.

Nola edo noiz sortu zen ‘Mihiluze’ proiektu berria?

Udaberria aldera, apirilan esango nuke. Produktoreak bildu gintuen eta aurreratu zigun programa berriz abiatuko zutela.

Zu zinen aurkezle izateko lehen aukera?

Baietz uste dut. Produktorari galdetu beharko litzaioke, baina hala pentsatu nahi dut, ni lehen aukera izan nintzela (barre egiten du).

Beste planaren bat zenuen momentu hartan?

Egia esan, ez. Telebistan, edo komunikabideetan orokorrean, ohituta gaude bizitza aldakorra izaten, proiektu batetik bestera saltoka ibiltzen. Adibidez nik mantenduko dut nire goizeko programan Gaztea Irratian. Baina oso harro eta emozionatuta geratu nintzen proposamen hori entzutean. Sekulako poza eman dit.

Jendea irrikitan dago. Casting-etan eta sare sozialetan nabaritu da. Nola kudeatu duzue «gainezka egite» hau?

Deialdiak benetako arrakasta izan du, bai. Programa oraindik hasi behar da. Beraz imajinatu datozen asteetan zer gerta daitekeen...

Zer da ‘Mihiluze’, zure ustez, euskal gizartean?

Lehenik eta behin, «nostalgia efektu» bat eragiten duen programa dela uste dut, aurtengo edizioan behintzat. Eta batez ere ‘Mihiluze’ euskaltasuna erakusten duen saioa da. Ez bakarrik hizkuntzari dagokionez, baizik eta izpirituari begira ere. Oso momentu jostariak eman zituen iraganean eta espero dugu orain berriro errepikatzea. Azken finean komunitate-joku bat da.

Txikitan ikusten zenuen programa?

Bai, bai. Ia 29 urte ditut baina oso ondo gogoratzen dut, nire familian ‘instituzio’ bat zen ‘Mihiluze’. Horrezaz gain Kike Amonarriz, lehen aurkezlea, gure familiaren laguna da. Tolosarrak gara denok.

Kike nolabait egongo da presente ‘Mihiluze’ berri honetan?

Noski. Prozesu osoan zehar gurekin egon da, erredakzioan ere egongo da laguntzen. Edozein zalantza, edozein arazo balego, Kikek lagunduko gaitu.

Gustatuko litzaizuke Kike Amonarriz 2.0 izatea?

Ba, zergatik ez?

Ilaski Serranorekin zer moduz?

Primeran, primeran. Berea da mantendu den programaren aurpegia. Lehen mini-oztopoa, baina hori edonorekin gertatzen da, gure arteko neurriak eta erritmoak hartzea izan da. Baina hasi eta berehala kimika ona aurkitu dugu.

‘Mihiluze’n irabazteko, zeintzuk dira ezinbesteko aldagaiak?

Jatorra eta bizkorra izatea, kultura orokorra izatea, eta zer esanik ez, zorte apur bat edukitzea. Baina batez ere garrantzitsuena: kamaraz ahaztea. Askotan jendea bildurtu egiten da horren aurrean eta hortik datoz krisialdiak.