Ur Kirolak, Donostiara itsasoa iristen den bitartean, lanean
Urriaren 13an ehun urte beteko ditu Ur Kirolak arraun elkarteak. Aulki mugikorrean zentratuta badago ere, aulki finkoan ere muturra sartu du 80ko hamarkadaz geroztik, are gehiago 2007an Donostiarra Gipuzkoako hiriburuko traineru bateratua eratu zenetik.
Tradizioz, Euskal Herria ura eta lurra da. Gure historia oso estu lotuta dago ozeano, itsaso eta ibaiekin, aisialdi, ontzigintza eta kirol ikuspegitik. Beti gozatu dugu. Hori dela eta, arraunean egitea oso garrantzitsua izan da gure gazte askorentzat». Ur-Kirolak arraun klubak horrela ematen dio ongi etorria irakurleari bere webgunean. Istorio bat kontatzeko mila modu daude, baina denborak, Berri Txarrak taldeak zioen moduan poligrafo bakarra den horrek, adierazten du behinola borondatez gainezka zeuden baten batzuek hasitakoa historiara pasako ote den ala ez.
Urriaren 13an da Ur Kirolak klubaren ehungarren urteurrena. Ez da mende bat egunero betetzen, eta ehun urteko ibilbidean gertatzen diren istorio guztiak ere ez dira artikulu batean kabitzen, baina, era berean, Donostiako elkartearen bizitzari buruzko zenbait zertzelada eman ditzakegu lan honetan.
Berriz ere klubaren webgunera joatea da egokiena, 1922ko urriaren 13 hartan jazo zenaren berri ondoen hantxe ematen baitute.
«Gauzarik garrantzitsuenak normalean modu inozo batean hasten direnez, arrauna praktikatzen zuen lagun talde batek (Amaikak Bat-en eta gero Jolastokieta Klubean –azkenean desegin egin zen –), hain ondo pasatzen zuen arraunean, ezen elkar partekatzen zuen dibertsioa serio hartzea erabaki zuen. Horrela, Donostiako Udalaren estropadetan Elkano Trofeoa garaipen sonatua lortu zuten bere mendeurreneko ospakizunetan».
Euskal Herrian aulki finkoak –batelak, trainerillak eta traineruak– askoz ere indar handiagoa izan du historikoki aulki mugikorreko arraunak baino. «Aulki mugikorrak jauntxoen gauza zirudien» –itsasoko kirolak askoz garestiagoak eta konplexuagoak ziren– 1922ko urrian Ur Kirolak Itsas Kirol Elkartea sortu zenean –hasiera baten gaztelera hutsez bataiatu zuten kluba eta geroago euskarazko izena ere sortu zuten–. Neurri handi batean Ur Kirolak elkarteak aulki mugikorraren aldeko apustua egin izana ordaindu behar izan du, nahiz eta «kanporantz» begira jarriko bagina, apustu horrek banku finkoaren alde egitea baino zentzu gehiago izan beharko lukeen, teorian, arraun olinpikoa eta lehiaketakoa aulki mugikorrari atxikita baitaude erabat. Azken batean, ezin da ahaztu batelak, trainerillak eta traineruak arrantzarako ontziak zirela berez, eta Kantauri itsaso petral honetan zein Atlantikoan olatuen artean eta korronteen erdian erabili ahal izateko pentsatu zirela batik bat, ez abiadura garatu ahal izateko. Are gehiago, balearen ehizarako, non mugikortasuna eta «malgutasuna» hartu behar ziren aintzat harrapaketak hanka egin ez zezan edota arpoia modurik «eraginkorrenean» sartu ahal izateko. Hargatik da Ur Kirolak klubaren izena hain zuzen ere Ur Kirolak.
1922ko urriaren 13an, Donostiako Principe kaleko zazpigarren etxeko sotoan bilduta osatu zuten elkartea. Hain zuzen ere, honako hauek eman zioten forma orain ehun urte bete behar dituen klubari: Juan Landaberea izan zen klubeko aurreneko lehendakaria; Jose Egurbide izan zen lehendakariordea; diruzaina Ignacio Uranga, Idazkaria Luis Echeverria; bokalak, berriz, Aquilino Echeverria, Ramon Aristiguieta eta Luis Zubillaga izan ziren. Horrez gain, ‘Sociedad Náutica Deportiva Ur-Kirolak’ sortu zuten horien artean izan ziren Jose Echeverria, Eustaquio Egurbide eta Ignacio Lerchundi ere, klubaren aurreneko Zuzendaritza Batzordea osatuz. Behin-behineko egoitza soziala, berriz, diruzainaren Urdaneta kaleko egoitzan finkatu zuten.
Oztopoak gaindituz. «Ehun urte ez direlako egunero betetzen, ospakizun ekitaldiak hasi ditugu. Presidente ohiak, langileak eta abar omendu ditugu hasteko. Urtean zehar hainbat ekitaldi egingo ditugu erakusketekin, mendeurreneko liburua argitaratuko da, lehen aldiz jokatuko den Europako Itsas Arraun Txapelketa bezalako txapelketak ekarriko ditugu Donostiara... Ez gaude geldi egoteko», adierazi berri du Ricardo Unzuetak, 1990etik 2006ra lehenengo eta ondoren 2010az geroztik Ur Kirolak elkarteko presidente denak, duela gutxi hedabideetan publiko egindako elkarrizketa batean.
Baina historia luze honi hasiera eman zioten lagunek hainbat oztopo topatu zituzten bidean. Hasteko, lehiaketak antolatzen aritzen zirenak ia ez zeudenez, ez zuten batere jarraitutasunik beren pasioa nahi bezala egin ahal izateko. Hori dela eta, aulki mugikorreko ontzien alde egin zuten –arraunketa olinpikoko ontziek ez bezala, elementu bereizgarri gisa, arraunari eusten dion elementua karelean finkatua izan ohi dute–. Horri esker, hasieratik, inguruetako arraunketa probetan ez ezik, nazioartean ere lehiatzeko aukera zuten. Lagun taldearen ilusioa asko handitu zen, estropada gehiagotan parte hartu ahal izan baitzuten.
Aurrera egiteko zailtasun izugarriak aurkitu zituzten, baina ez zioten ahaleginari uko egin: iolak beraiek eraikitzea erabaki baitzuten! Aurretik izandako esperientziatik abiatu ziren, eta ‘Askatasuna’, ‘Euskotarra’ eta ‘Nai-Degu’ batelak eraiki zituzten. Ilusio handia izan arren, ez zuten beharrezko informaziorik edo plan egokirik. Ondorioz, ontzigile inprobisatu horien azken ontzia, ‘Euskotarra’ iola, gabarra bezala erabili behar izan azkenean, besterik ezean.
Den dela, aitzindarion motibazioa osorik mantendu zen, bistan denez. Ondorioz, banku mugikorreko modalitatean arraun «afizionatua» praktikatu ahal izateko kirol elkarte bilakatzea erabaki zuten. Berariazko araudia egin zuten, gobernuko agintaritzak onartu egin zuen eta, halakoren baten, egun oraindik ere bizirik dirauen Ur Kirolak sortu zen, egun ezagutzen dugun moduan, alegia. Esan daiteke aitzindaria izan zela Ur Kirolak aulki mugikorreko arraunean inguru honetan, eta luzaro erreferente nagusia ere izan zen.
«Banku mugikorra modalitate olinpikoa delako eman diogu halako garrantzia», azpimarratu du Ricardo Unzuetak. «Historikoki beti izan gara erreferente modalitate honetan. Kontxan parte hartu duen trainerua ere izan dugu, baina gure oinarria arraun olinpikoa da. Banku finkoa tradizionalagoa da, baina guretzat banku mugikorrak beste balio batzuk ditu, nahiz eta ez dugun banku finkoa bere horretan baztertzen».
Izan ere, Ur Kirolak klubak ez zuen aulki finkoko trainerutik uretaratu 1982ra bitartean. Hala, 1983an debuta egin zuen Kontxako estropadan eta inoizko sailkapenik onena eskuratu zuen, bigarren sailkatu baitzen, Juan Lizarralde Altxerri patroi famatuak gidaturiko Orioko traineruaren atzetik. Aurrez, hala ere, 1955eko Kontxako estropadan Ur Kirolaken arraunlariek Donostiarra trainerua osatzen lagundu zuten. Ondorioz, 1956an Stadium Kopa saria jaso zen klubak, kirola sustatzen eta zabaltzen egindako lanagatik.
Jose Maria Olasagasti zen garai hartan klubeko presidentea. Hain zuzen ere, Juan Luis Landaberea (1922-1936), Luis Zubillaga (1936-1940), Pedro Mendizabal (1940-1943), Julio Ituarte (1943-1947), Luis Zufiaurre (1947-1949), Felix Erdozia (1949-1971), Jose Maria Olasagasti (1971-1990), Ricardo Unzueta (1990-2006), Iñaki Arana (2006- 2010) eta berriz ere Ricardo Unzueta dira klubak izandako presidenteak.
Hala, nahiz eta Ur Kirolak taldeak baduen traineruetan egindakoagatik saririk, bere palmaresik oparoena aulki mugikorrean dago, zalantzarik gabe. Zortziko lemazaindun kategorian hamabost bider lortu dute Espainiako Txapelketa irabaztea: 1949, 1954, 1955, 1956, 1957, 1959, 1960, 1961, 1962, 1963, 1964, 1965, 1966, 1967 eta 1992. Lauko lemazaindun kategorian, aldiz, beste bederatzi bider lortu dute urrezko domina: 1948, 1950, 1956, 1957, 1959, 1963, 1965, 1966 eta 1975, hain justu ere.
Ez da harritzekoa, beraz, aulki mugikorreko probekin zerikusia duten antolaketa lanetan parte hartzea klubak. Hala, joan zen urrian Kontxako badian II Open Internacional Bay Rowing proba ospatu zen Ur Kirolak taldearen antolakuntzarekin. Bertan, 108 ontzi aritu ziren. Era berean, Gipuzkoako hiriburuan 2022 European Rowing Coastal Championship eta 2022 European Beach Sprint Championship lehiaketak ospatuko dira, urriaren 27tik 30era bitartean hain zuzen ere. Kontxako badian jokatuko dira lehiaketok eta 800 parte hartzaile baino gehiago bilduko dituzte.
«Oso garrantzitsua da hiriarentzat, beti esan ahal izango dugu lehen itsas arraun txapelketa Donostian jokatu zela. Txapelketa bi zatitan banatzen da: lehena urriaren 27tik 30era, Ondarretako hondartzan. Modalitate berria denez, badiaren inguruan izango da, eta ikuspena ahalik eta handiena izango da, txalupak ez baitira itsas zabalera sartuko estropadetan bezala. Lasterketa ezberdinak egingo dira, lehena esprintean eta bigarrena badiaren inguruan», adierazi du Ricardo Unzueta Ur Kirolak klubeko presidenteak.
Itsas arrauneko kluben, emakumezkoen, gizonezkoen eta talde mistoen arteko lehiaketa da, eta hainbat probatan parte hartzen dute (C1X, CMix2X). Era berean, European Rowing Beach Sprint Championship txapelketan hainbat herrialdetako selekzioek hartzen dute parte, emakumezkoen, gizonezkoen eta mistoen lehiaketetan (C1x, U19C1X, C1x, U19C1X, CMix2X, U19CMix2X).
Donostiako Itsas Arraunketako Europako Txapelketaren antolakuntzak, Ur Kirolak Kirol Elkarte Nautikoak, 125.000 euroko dirulaguntza zuzena jasoko du ekitaldia antolatzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu duenez.
Donostiarra eta etorkizuna. Ur Kirolak taldeak 2007an Donostiarra traineru bateratua ateratzeko hitzarmena sinatu zuen, Kaiarriba Arraun Elkartea klub berriaren partaide bilakatuz. 1990eko hamarkadako bigarren erdian, Donostiako arraun elkarteak ahalmena galduz joan ziren. Horren erakusle, Donostiako klubak batzuetan trainerua osatu ezinik ere geratu baitziren. Ondorioz, emaitzak eskasten joan ziren, eta donostiar arraunlariak nahi baino errazago joaten ziren hiritik kanpo arraun egitera. Egoerari irtenbideren bat eman nahian, hiriko baliabide eta ekimenen indarra batu eta traineru bateratua atera behar zela ondorioztatu zen. Udalaren inplikazioa lortuta, hitzarmena eratu zuten hiriko klub historikoek, eta horrela sortu zen, 2007ko amaieran, Donostiako traineru bateratua: Donostiarra. Horretarako espresuki klub berria sortu zen: Kaiarriba Arraun Elkartea (klubari izen ofizial hori eman zitzaion, arautegiak ez baitzuen uzten Donostiarra izeneko klubik sortzen). Ur Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek ordezkaritza paritarioa zuten klub berriaren zuzendaritzan, eta Iñaki Arana izendatu zuten lehen lehendakari.
«Aurten gure hogeita hamar arraunlari ari dira proiektu bateratuko hiru traineruetan; lehenengoan, bigarrenean eta nesketan. Ez gara Donostiarraren harrobia, traineruaren parte gara, txaluparen zati bat elikatzen dugu», azpimarratzen du Ricardo Unzuetak.
Bestalde, Ur Kirolak klubak emakumeen trainerua eratu zuen 2009an, eta lehen aldiz parte hartu zuten Emakumezkoen Kontxako Banderako kanporaketako erlojupeko saioan. Arrakasta handiegirik ez zuen izan egitasmoak, baina, azkenean, 2017an uretaratu zen emakumezkoen Donostiarra trainerua ere, Ur Kirolaken presentziarekin. 2018ko ETE Ligan nagusitu eta gero, Euskotren Ligarako pausoa eman du azken urteetan Donostiarrak, eta 2021ean Euskotren Ligako bandera bat ere eskuratu zuen, nahiz eta azken urteetan Orio eta Arraun Lagunaken itzalean egon behar izan duen. Aurten Tolosaldearekin laugarren postua saihesteko borrokan zentratuta izan da batez ere.
Ezin ahaztu, bestetik, 2017tik hona, Ur Kirolakek hasi duen «elkarlanik aberasgarriena», klubaren webgunean dioen moduan. Izan ere, desgaitasuna duten pertsonak arraunaren jarduerara modu inklusiboan sartzeko, akordioa lortu zuen Ur Kirolakek Berdin Berdinak elkartearekin, eta, horrela, «arraun egokitu eta inklusiboko eskola» sortu zuten, «dominen bila ariko ez den talde bakarra», nahiz eta itxura batean erabaki pozgarria izan guztientzat.
Eta hemendik aurrera, zer? «Aurtengoa urte oso berezia da guretzat eta hori nik dagoeneko 25 urte baino gehiago daramatzadala klubean. Baina mendeurrenean mimo gehiagorekin lan egiten da. Ez zaio behar adina balio ematen arraun talde batek ehun urte betetzeari, milaka eta milaka arraunlari igaro dira hemendik historian zehar», gogoratu du Unzuetak.
«Kirol jarduera nabarmen hazten ari da; arraun egiteko 210 fitxa ditugu, alebinetik beteranoetara, lehiaketan ehun fitxa baino gehiago... Beste ehun urte bete eta ospatzeko moduko oinarria badaukagu. Kirol gogorra da arrauna eta kuadrilla egiten da, lagunak dira zurekin batera arraun egiten dutenak eta hori da daukagun filosofia. Ontzi barruko adiskidetasunik gabe, ez ginateke iritsiko iristen garen lekuetaraino», gaineratu du. Beraz, Kantauri itsasoa Donostiara iristen den bitartean, Ur Kirolak kluba ere bere horretan jarraitzen saiatuko dela dirudi, aulki mugikorretik, harrobiko jendearekin eta egunerokotasunean oharkabean igarotzen den ezinbesteko lanarekin.