1990eko Irunberriko gertakariak; zerbait argitu lezakete orduko Gasteizko haurrek?
Irunberrin, 1990eko ekainaren 25ean, Jon Lizarralde eta Susana Arregi ETAko militanteak hil ziren Guardia Zibilak eremua itxia zuenean. Justu egun horretan Gasteizko hainbat haurrek txangoa egin zuten Arroilara. Gure Bazterrak elkartea pertsona horien bila dabil, lekukotasunak jasotzeko.
Gure Bazterrak elkartea 1990eko ekainaren 25ean Irunberriko Arroilan izan ziren gasteiztarren bila dabil, lekukotasunak bildu eta gertatu zena argitzeko asmoz. Egun hartan, Guardia Zibilak ETAko hiru militante atxilotu zituen paraje hartan eta horietako bi hil egin ziren: Jon Lizarralde, eskuineko lokian tiro bat jasota, eta Susana Arregi, ezkerreko lokian bi tiro jasota. Hirugarren lagunak ere, German Rubenachek, tiro bat jaso zuen buruan eta larri zauritu zen; begi batetik itsu gelditu zen.
Audientzia Nazionalak onartu zuen bertsio ofiziala –Rubenachek beste bi ETAkideak hil zituela– ez zela egia, eta errugabetu egin zuen handik bizirik atera zen euskal militante bakarra. 32 urte geroago, kasua argitu (edo aitortu) gabe dago oraindik: zeinek egin zien tiro hiru militanteei, Guardia Zibilak guztiz kontrolatua zuen eremu hartan?
Oñatiko Gure Bazterrak taldea, ikerketa etnografiko eta historikoa egiten duena, eta Pako Aristi idazle eta kazetaria informazioa biltzen saiatzen ari dira, galdera horri eta Guardia Zibilaren eta Gobernu espainiarraren bertsio ofizialak uzten dituen beste hamaikari erantzun ahal izateko.
Sekretu Ofizialen Lege frankistaren babesean daude datuak, baina 1/1990 sumarioa berrirakurriz deskubritu dute elkartekoek 1990eko ekainaren 25 hartan bi autobus bete haur gasteiztar egon zirela Irunberriko Arroilan, Kiroletako Udal Institutuak antolatutako txango batean. Gaur egun, 35 eta 45 urte bitartean izanen dituzte, eta horien bila dabiltza hain zuzen.
Lekukotza berriak jasotzeko, txango hartan parte hartu zuten pertsonen laguntza eskatzen dute, baita haietako norbait ezagutzen dutenena edota gertaeren inguruan edozein informazio izan dezaketen lagunena ere. Helbide elektroniko bat sortu dute harremanetan jartzeko: jardunaldiak@hotmail.com.
Isiltasun ofiziala
Gertakarien bertsio ofiziala garaiko Barne ministro espainiarrak, Jose Luis Corcuerak, eman zuen. Behin baino gehiagotan zuzendu behar izan zuten kontakizun horren arabera, militanteek beren buruaz beste egin zuten poliziek inguratu zituztela ikusita. Ikerketa judiziala ez zen amaitu eta Guardia Zibilaren bertsioa zalantzan jartzen zuten ekintza batzuk argitu gabe gelditu ziren. Hala kontatu izan du Txemi Gorostiza abokatuak NAIZen.
Esate baterako, ez zuten aztertu zeinek egin zien tiro Lizarralde eta Arregiri, behin Audientzia Nazionalak Rubenach ez zela izan baieztatu eta gero, fiskalak defendatzen zuen bezala. Ez zuten azaldu gorpuak egun horretan bertan aurkitu izana ere, ezta Jon Lizarralderen biriketan agertutako Irati ibaiko ura, testigantza kontrajarriak eta polizien ekintzetarako eta ondoko atxiloketetarako oinarri izan zen informazioaren jatorria ere.
ETAk Guardia Zibilari leporatu zizkien hilketak. Hiru militanteak torturatu zituela salatu zuen, eta bertsio ofiziala ukatu egin zuen.