Euskal ipuingintzari gorazarre egin nahi dio Iban Zalduak ‘Ipuina engainua da’ obra berrian
«Ez ote da fikzioa hainbeste ertz dituen errealitate honi erantzuteko erarik zintzoena?», hausnartu du Iban Zalduak ipuin-bilduma berrian. Estiloa da jorratzen dituen askotariko gaien lokarria. «25 urteren buruan, lehenengo aldiz heldu naiz nire buruari aitortzera estilo bat dudala», nabarmendu du.
‘Ipuina engainua da’ Iban Zalduak Elkarrekin argitaratu duen obrak badu hainbat berezitasun. Donostiarraren aurreko lanen aldean ipuin luzeagoz osatua dago, eta «etapa berri baten hasiera» markatzen du egilearentzat. Bertzetik, gutxitasun sentimendu bat izan du idazleak, «estilorik gabekoa» zela pentsatu izan du, eta 25 urteren buruan, ahots ezagungarri bat topatu du, baita euskaraz ere (gaztelaniaz hasi zen idazten). «Nire buruarekin bakeak egitea suposatu du liburuak zentzu honetan», erran du aurkezpenean.
Lehenengo ideiarekin hasita, lan «mardula» da honakoa, aitzinekoak ere hala ziren, baina tamaina antzekoa izan arren, aurrekoek 38 ipuin bazituzten honakoak 16 baino ez ditu. Azkenaldian gustukoen izan dituen ipuinek espazio gehiago hartu dute, eta istorioari eustea izan du erronka, dentsitatearekin –astuntasunarekin nahasi gabe–, bizkortasunez.
Estiloari dagokionez, berau da liburua batzen duena, gaiak askotarikoak baitira. «Ipuinlari petoak askotarikoa izan behar duela» defendatu du Zalduak.
Liburuaren bertze ikur bat izatea nahi luke fikzioak duen bertute nagusia: «Norberetik idaztea ahalbidetzen dizu egozentrismoan erori gabe, norberetik baina ez norberarentzat. Ez ote da fikzioa, ipuina hainbeste ertz dituen errealitate honi erantzuteko erarik zintzo edo eraginkorrena? Ez dakit lortu dudan, baina saiatu naiz».
Eskertza
Eskerrak emanez hasi du Zalduak Donostiako Udal Liburutegiko aurkezpena. «Euskal idazle gazteen belaunaldiak» zerbait erakutsi badio horixe da, lan kolektiboak direla liburuak, nahiz eta akatsak norberarenak izan. Elkar argitaletxea aipatu du, prentsaurrekoan eta liburua idaztean lagun izan dituen Xabier Mendiguren editorea eta Pello Lizarralde idazlea ere bai, bere lehen irakurleak, ipuinak idazteko enkarguak egin dizkiotenak... Baina eskertza gehiago zabaldu du: euskal ipuingintzara, «konpetentzia baino akuilu» suertatu zaizkion idazleengana.
Izan ere, adierazi duenez, «euskal ipuingintzaren gorazarre» izan nahi du liburu honek, zeharka eta zuzen. «Gauza onak eta txarrak produzitzen dira, jakina. Baina inguruko literaturekin alderatuta ipuingintza ekosistema bereziki oparoa dugula pentsatzen jarraitzen dut. Azken urteotan akuilu izan ditut Eider Rodriguez, Ana Malagon, Uxue Apaolaza, Santi Leone, Iñigo Astiz, Ur Zubiaurre, Aintzane Usandizaga, Garazi Arrula, Iñigo Aranbarri, Gotzon Hermosilla... Haien ipuinak irakurri bitartean idatzi ditut hauek».
Euskal ipuingintza bezala, «literaturaren zeregin kritikoa» ere aldarrikatu nahi du Zalduak, «galderak egiteko ipuinek izan dezaketen ahalmena».
Gezurraren edo fikzioaren aldeko manifestu bat osatzen ari da eta bertako puntu batzuk irakurriz amaitu du hitzaldia. Hala dio batek: «Fikzioa inportantea da egiatiagoak izaten laguntzen digulako».