Charles III.aren alde politikoa: ‘Armiarma beltzaren memoranduma’ eta Commonwealth ezbaian
Batzuek politikan muturra sartuta duen Errege Etxeko kidetzat jo izan dute Charles III, eta hainbat hamarkadatan erreformista izango ote zen eztabaidatu da publikoki. Gobernuko ministroei egindako idatzi eta ‘Armiarma memorandumak’ bezala ezagunak diren dokumentuek bultzatu dute iritzi hori.
«Erregea politikatik kanpo mantentzen da». Britainiar (eta ez soilik britaniar) konstituzio modernoko oinarririk onartuenetako bat da. Koroak botere handiak dituen arren, gaur egun gobernu hautatuaren erizpide eta nahien arabera bakarrik egikaritzen direla ulertzen da. Subiranoa alderdien politikatik urrun mantentzen da, modu publikoan behintzat, baina bere eraginaren eta parte-hartzearen benetako irismena nahita estali izan den zerbait da. Horren adibide da, ia dena prentsara iragazten den herrialde batean, apenas ezaguna dela ezer Isabel II.ak bere erregealdian ezagututako 14 lehen ministroekin astero egin dituen bilerei buruz. Ziur aski hori da gobernuaren arazo guztietatik prentsara filtratzen ez den bakarra.
Gaiak garrantzi berritua hartu du, askoz gehiago ezagutzen delako Charles erregearen ikuspuntu askori buruz, eta bera, Galesko Printzea zen bitartean, aktiboa izan delako ministroekin, bere kausak sustatzen eta bere iritziak ezagutzea ahalbidetuz. Azkena, Boris Johnsonen Gobernuak migratzaileak Ruandara bidaltzeko plana errefusatzea.
Galesko printze zenean, errege berria sarritan kritikatua izan zen bere esku-hartze politikoengatik. Ezagunenak alderdikeriarik gabeko gaiei buruzkoak izan dira, hala nola arkitektura, medikuntza alternatiboa eta ingurumena, non nekazaritza organikoaren, jasangarritasunaren eta kontzientzia klimatikoaren defendatzailea izan den.
Hala ere, hori ez da guztia. Auzitegietan borroka luze bat izan ostean, ‘The Guardian’ egunkariak, 2015ean, printze zenak ministro nagusiei bidali zizkien 27 gutun eman ziren ezagutzera. ‘Armiarma beltzaren memorandumak’ bezala ezagutu ziren, bere idazteko moduari erreferentzia eginez.
Hezkuntza idazkari ohiak Charles III.aren presioa salatu zuen eta 2021ean jakin zen Saudi Arabiako agintariek diru kopuru handiak sartu zituztela errege berriaren interesezko proiektuetan
Hauek bere nahi politikoaren zabaltasuna erakusten dute. Gutun haietan eskaera ezberdinak egin zizkien ministroei, Iraken zeuden soldaduentzako baliabide hobeak edota behien tuberkulosiaren hedapena geldiarazteko azkonarrak erabiltzea. Era berean, botika alternatiboen eskuragarritasun zabalagoa bilatu zuen, presio egin zuen pertsona jakin batek nekazariei tratu txarrak ematen zizkieten supermerkatuen aurkako kanpaina bat egiteko eta bere idazkariari proposatu zion Downing Streeti ospitale berrien diseinuari buruzko informazioa ematea. Baina ministroak gai delikatuagoetan presionatu zituela ere zabaldu zen. David Blunkettek, hezkuntza idazkari ohiak, gogora ekarri zuen orduko printzeak presioa egin ziola eta 2021ean jakin zen Saudi Arabiako agintariek diru kopuru handiak sartu zituztela errege berriaren interesezko proiektuetan.
14 herrialdetako estatuburua, oraingoz...
Eguneroko politikatik haratago, monarkia bera ere ezbaian jarri dezake aldaketak. William Printzeak, duela hilabete batzuk Jamaikara egindako bisita batean, Commonwealtheko estatu indibidualek, hala erabakitzen badute, errege familiarekiko elkarteetatik bereizita bere bidea aukeratzeko eskubidea zutela aitortu zuen. Hori orain gogoratu egingo da, izan ere, litekeena da erreginaren heriotzak eztabaida berpiztea jurisdikzio batzuek errege familiarekin elkartzearekin jarraitu nahi ote duten jakiteko. Ben Jones konstituzio historialariak «sistemarentzako shock» bat iragarri du Commonwealtheko herritarrentzat.
Commonwealth-eko estatu gehiagoko irteerak, berandu baino lehen, «saihestezinak» izango direla aurreikusten bada ere, erregealdi berriaren bitartez monarkia bera modernizatzen saiatuko direla segurutzat jotzen da, belaunaldi aldaketa bat islatu eta monarkia aurrerakoiagoa irudikatzeko.
Eskoziako erreferendumaren atarian, Isabel II: «Espero dut jendeak etorkizunaz kontu handiz pentsatuko duela»
Segur aski, errege berriak aurre egin beharko dion erronkarik handiena jarraipenari eustea izango da. Erresuma Batuko eta Commonwealtheko herritar askok ez dute inoiz Isabel II.a erregina gabeko mundurik ezagutu. Askorentzat, bera izan da Erresuma Batuaren batasuna mantendu duen haria. Hain izan zen ezaguna, ezen SNPk berak ere, 2014ko erreferendumerako kanpainan, onartu baitzuen erreginak Eskozia independente hipotetiko bateko Estatuburu izaten jarraitu beharko zuela.
Bere neutraltasun politikoa gorabehera, Isabel II.ak ere parte hartu zuen eztabaida hartan. Erreferendumaren aurreko igandean, erreginak elkarrizketa labur bat izan zuen emakume batekin hilerri batean, non, bat-batean, emakume bati zuzendu baitzitzaion: «Bozketa garrantzitsua duzu ostegunean. Espero dut jendeak kontu handiz pentsatzea etorkizunaz». Arretaz pentsatzeko ohartarazpena statu quo-ari egindako keinutzat hartu zen eta mezu interesatu hura ozen zabaldu zen hedabideetan. Orduan Erresuma Batuko lehen minsitroa zen David Cameronek, BBC-n 2018an egindako elkarrizketa batean, erreginaren idazkari pribatuarekin izandako elkarrizketen berri eman zuen, bozketa data hurbiltzen ari zenean eta inkestek independentismoari irabazteko aukerak ematen zizkiotenean.
Commonwealth ere ezbaian
Egun 54 herrialdek osatzen dute Commonwealth elkartea. Hala ere, joan den mendearen erdialdetik, bertako kide izateak ez du esan nahi kide diren herrialdeek pleitesia egin behar diotenik errege britainiarrari.
Barbadosek, 2021eko azaroan, Isabel II.ari estatuburu gisa aitorpena kendu zion eta orain beste asko dira auzi hori (Charles III.arekin) mahai gainean jartzen ari direnak. Gaston Brownek, Antigua eta Barbudako lehen ministroak, iragarri du erreferendum bat deituko duela Karibeko artxipelagoaren eta Jamaikan ere adierazpenak norabide berean doaz.
Ildo beretik, San Vicenten eta Granadinasen monarkiaren aurkako manifestazioak izan dira, eta Ralph Gonsalves gobernuburuak uztailean erreferendum bat egitea proposatu zuen, nahiz eta onartu zuen erreferenduma Commonwealtheko kide izaten jarraitzearen aldekoekin akordioa lortu ondoren bakarrik egin zitekeela.
Australiak 1998an errepublika bilakatzeari ezetz esan zion arren, azken bost lehen ministroetatik lau agertu dira aukera horren alde
Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak, aldiz, atea zabalik utzi du herrialde ozeanikoak monarkia britainiarrari uko egin diezaion, baina «ez dela epe motzeko neurria» izango ere nabarmendu du.
Errege etxe honen etorkizunaren foku nagusietako bat Australian jarri da azken orduetan. Han, azken bost lehen ministroetatik lauk herrialdea errepublika bihurtzea babestu dute. Australiako Mugimendu Errepublikanoak adierazi du hileta amaitu arte isilik egongo dela, baina norabideak argia dirudi. 1998an, dagoeneko, Australiak bere herritarrei galdetu zien errepublika bihurtu behar ote zuten. Orduan monarkiaren jarraipena nagusitu zen, nahiz eta emaitza hori errepublikarren kanpainako akatsei egotzi zaien, Australiako gizarteak Isabel II.arekin zuen loturari baino gehiago. Izan ere, errepublikaren aldekoak ez ziren ados jarri presidentea hautatzeko proposatutako metodoaren inguruan.
Kanadan ere mugimenduak aurreikusten dira. Azken inkesten arabera, % 34ak baino ez du monarkiari eutsi nahi. Hala ere, badirudi Justin Trudeau lehen ministroak bere agenda politikotik kanpo uzten duela gai hau, are gehiago kontuan hartuta konstituzio mailan edozein aldaketa onartzeko probintzietako agintari guztien aho bateko babesa behar dela.