INFO

LEPan suhiltzailearen figura eredu polizialera hurbilduko dutela salatu du LABek Gasteizen

LABeko EAEko suhiltzaileek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Gasteizen, Gipuzkoa eta Arabako kolektibo honetako langileen LPEaren izen emate prozesuan «inposatutako irizpideak onartezinak» direla salatzeko. Salatu dutenez, suhiltzaileen zerbitzua polizia eredura hurbildu nahi dute.

LABeko EAEko suhiltzaileek mobilizazioa egin dute ostegun honetan Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Araba eta Gipuzkoako suhiltzaile Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) kudeaketa ereduaren aurka agertu da LAB ostegun honetan Gasteizen. Sindikatuaren arabera, kolektibo honetako langileei LEParen izen emate prozesuan inposatutako irizpideak «onartezinak» dira.

Izan ere, Gipuzkoa eta Arabarako LEP bateratu honen kudeaketaren aurkako jarrera azaltzeko,  negoziatzeko markoaren ezaz gain, sindikatuak Arkautiko akademiak, Gipuzkoa eta Arabako Aldundiekin batera kudeatuko duen LEP honek «suhiltzailearen figura eredu polizialera gerturatzeko asmoa» duela kritikatu du.

Salatu duenez, lan eskaintzan izena eman nahi duten pertsonak, prozesuarekin aurrera egiteko, behartuta daude, batetik, azterketa psikoteknikoak inpugnatzeko eskubideari uko egitera eta, bestalde, Polizia Akademiako zuzendaritzari norbere fitxa poliziala eskatzeko baimena ematera, «bizitza pertsonalaren espioitza eta hautaketa egitea ahalbidetuz».

«Ondo dakite froga psikoteknikoen aurka gaudela sindikatu guztiak eta suhiltzaileen kolektiboa, ez direlako gardenak, aukera ematen dutelako beraiek nahi dutenak aukeratzeko. Ondo dakite ere, behin baino gehiagotan inpugnazioak egon direla eta irabazi direla. Horregatik asmatzen dute astakeria hori. Negoziatzen lortu ezin dutena, inolako lotsarik gabe inposatzen dute», salatu du LAB sindikatuak.

Bestalde, sindikatu abertzaleak adierazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari delitu-aurrekarien eta inhabilitazioen fitxak ematera behartuko dituztela oposiziora aurkezten direnak.

«Plazaz jabetzean, auzipetua edo ezgaitua ez izatea, erreserba askorekin, baina kasuen arabera, onar dezakegu», azaldu du LABek, ez ordea izena emateko prozesuan. «Ehunka izangairen datuak babesteko eskubidea urratzea dakar eta pertsona horien guztien fitxa poliziala ematen dio Poliziaren Akademiako zuzendariari, horretarako eskubiderik ez duenean», nabarmendu du.

Gainera, sindikatuaren arabera, aukera ematen dio administrazioari bizitza eta aurrekari pertsonalak espiatzeko eta horren araberako hautaketa egiteko.