Manifestazioa deitu dute Hondarribian ikastolako garbitzaileen arazoa behingoz konpontzeko
«Eskolako zaborra, udalaren ardura» lelopean, hilaren 23an, 17.00etan, protesta egingo dute Hondarribiko kaleetan Talaia Ikastolako «seme-alabak pairatzen ari diren egoera onartzen ez dugula adierazteko».
Eskolan sartzea airean bazegoen ere –tartean haurrak klaseak patioan egitearen ideia ere mahai gainean jarri zen–, azkenean Talaia Hondarribia Ikastolako umeek 2022-2023 ikasturteari hasiera eman zieten astelehenean, behin herriko jaiak igarota, Satarka, Biteri eta Bordari eraikinetan. Baina bertan aurkitutako egoera ez da ona, garbitzaileek greban jarraitzen baitute eta gelak eta pasiluak zikinak jarraitzen baitute, albiste honen argazkietan ikus daitekeenez.
Hala, Loraitz haurreskolan bezala, Satarka, Bordari eta Biteri eskola publikoetan osasun baldintza minimoak ez direla betetzen salatzen dator Talaia guraso elkartea gatazka hasi zenetik. Abuztuan 110 egun bete ziren. Horregatik, eta irtenbiderik ez denez lortzen, hilaren 23an, ostirala, arratsaldeko 17.00etan, manifestazioa egingo dute Hondarribiko kaleetan «Eskolako zaborra, udalaren ardura» lelopean. «Gure seme-alabak pairatzen ari diren egoera onartzen ez dugula adierazteko» balioko du protestak, gurasoen elkarteak adierazi duenez. Ibilbidea honakoa izango da: Biteri, Satarka, San Pedro kalea, Zuloaga kalea, Alde Zaharra eta Kale Nagusia, Udaletxearen aurrean amaituz.
Joan den ikasturte bukaeran hainbat ikaslek eta irakaslek, asmatikoak barne, osasun arazoak izan zituztela ikusita, ikasturte berrian ematen den egoera «onartezina» dela ulertzen dute.
Irailak 8an, Hondarribiko Alardearen egunean, udal azpikontratako herriko garbitzailea Donostiako PRECOra hurbildu ziren. ISS enpresarekin ekainaren 29an hitzartutako bilkuran espektatiba handiak zituzten lan-gatazkari aterabide bat bilatzeko. Izan ere, ekainaren 29an egindako aurreneko bilera hartan (enpresa telematikoki), irailak 8an proposamen zehatz batekin etortzeko hitza eman zuen enpresak.
Baina «esku hutsik» azaldu zirela salatu du ELA sindikatuak. «Gure harridurarako enpresa agertu zen galdezka ea zein diren puntu nagusiak, eta esan genien bilera hori ekainaren 29an egin genuela, eta urtarrilaren 10etik aldarrikapenak argi daudela, orain negoziatzeko garaia dela», adierazi zuen orduan ELAko Xabier Etxanizek. Hala ere, irailaren 13an hirugarrenez biltzeko deia luzatu zien enpresak, bideokonferentziaz berriz ere, baina «ez zen aurrerapauso handirik eman» eta irailaren 20an beste bilera bat egitea adostu dute.
Aurretik, abuztuaren 25ean Txomin Sagarzazu alkatearekin eta Kalixa Silanes zinegotziarekin egindako bilerak ez zuen nahi ondorioak ekarri. Udalak %100eko zerbitzu minimoak galdegin zizkion Lakuako Gobernuari, eta helegitea aurkeztu bazuen ere, euskal gobernuak greba eskubidearen izenean ez du neurri hori onartu. Gurasoen ustetan, udalak zerbitzua enpresa bati azpikontratatu badio ere, azken batean eskolak gutxieneko garbitasun batekin mantentzearen ardura udalarena da.
ELA sindikatuak argi du ISS Facility Services-en «gatazka denboran luzatzeko maniobra» ari dela egiten. Izan ere, udalak enpresa honi esleitua dion udal bulego eta eskola publikoen garbiketa zerbitzuaren kontratua prorrogatzea interesatzen zaio. Urtean ia 1,2 milioi eurokoa da kontratua. «Esperpento bat izango litzake hori, eta ikusita enpresaren jarrera zein den, bada momentu bat non udala plantatu beharko den, eta kontratua etetea erabaki beharko duen», azaldu du Etxanizek.
Bitartean, Talaia guraso elkarteak Twitter kontu bat sortu du «gatazkaren oihartzun ahalik eta handiena eman asmoz».
Hondarribiako Talaia eskolako garbitzaileak mobilizaturik daude aurreko Apiriletik. Hasieran geldialdi partzialak eginez eta greba mugagabean aurreko irailaren 1a ezgeroztik@HondarribiaUdal aren zerbitzu bat betetzen duen @ISS_ES empresako langileak dira denak.
— Talaia Eskolako Familia Elkartea (@Talaia_FE) September 14, 2022