INFO

Saseta eta Monzon omendu dituzte Hondarribian, diziplina anitzeko ekitaldi artistikoan

Kandido Sasetaren heriotzaren 85. urteurrenean eta Telesforo Monzonen ‘Gudarien egiñak’ liburuaren publikazioaren 75. urteurrenean, diziplina anitzeko ekitaldi artistikoa antolatu dute Olaso Dorrea Fundazioak eta Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteek larunbat honetan Hondarribian.

Diziplina anitzeko ekitaldi artistikoa hartu du Hondarribiko Itsas Etxeko auditoriumak. (Lander IRUIN | FOKU)

Irati Jimenez idazlearen gidaritzapean, 200 eta 300 lagun artean bildu ditu larunbat honetan Hondarribiko Itsas Etxeko auditoriumean ‘Saseta, Monzon eta Gudarien eginak’ ekitaldiak. Olaso Dorrea Fundazioak eta Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteek dantza, musika, poesia, memoria, historia eta literatura uztartzeko ekitaldia sortu dute, bi figura historiko horiek omentzeko xedearekin.

Emanaldiaren zuzendari artistikoa izan da Jimenez, baina idazlea ez ezik, Sasetari buruz egin diren ekitaldi orotan egon den Kemen dantza-taldea izan du lagun ikuskizunak, baita Josu Txapartegik gidatutako Zarautz, Lasarte eta Hondarribiko 50-60 bat pertsonako abesbatza ere.

Monzonek ‘Gudarien egiñak’ liburuan Sasetari eskainitako ‘Sasetaren ekiñaldiak’ olerkia ezpata-dantzarekin batera interpretatu dute disziplina anitzeko ekitaldi artistikoan, eta Estitxu Pinatxo eta Jokin Pinatxo anai-arrebak ere igo dira oholtzara, eta Jaurlaritzako sailburu ohiaren liburuko lehen olerkia den ‘Alargun zoroarena’-ren bertsio musikatua eskaini dute. Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariek ere parte hartu dute ikuskizunean.

85 urte bete ziren otsailaren 23an Kandido Saseta Arecesen (Asturias) hil zutenetik, Agirre lehendakariak hara bidalitako bi brigadetako bat zuzentzen ari zela. Hamar urte geroago, Mexikon ‘Gudarien egiñak’ liburua argitaratu zuen Monzonek, eta bertan eskaini zion Eusko Gudarosteko sortzaile izandakoa ‘Sasetaren ekiñaldiak’ izeneko poema. «Ekitaldian olerkiari berebiziko garrantzia eman diogu, liburua hau da erbestean publikaturiko lehenbiziko euskarazko titulua», azaldu dio Peli Lekuonak NAIZi.

Hurrengo eta azken emanaldia Bergarako Seminarixoan izango da, hilaren 27an, arratsaldeko 19.00etan.