INFO
Elkarrizketa
Fermin Aio
’Berpiztu’ filmaren zuzendaria

«Perspektibarekin konturatuko gara zein ekarpen egin dion Kepa Junkerak gure musikari»

Berpizten sentitu du bere burua Kepa Junkerak. Lau urte bizitza publikotik aldenduta egon ostean itzultzeko garaia dela ikusi du. Bere musika ibilbidea eta bizi duen unea jaso du asteazken honetan argia ikusiko duen dokumentalak. Adarra Sariarekin aitortza ere egingo diote.

Kepa Junkera bere semea eta alabetako batekin, dokumentalean. (NAIZ)

2018ko abendua da. Bizitza erabat aldatuko zaio Kepa Junkerari (Bilbo, 1965). Ictusa izango du Ganten (Belgika) ‘Maletak’ diskoaren aurkezpen biran bete-betean dagoela. Erietxean emango ditu hurrengo asteak eta agur esango dio bere jarduera artistikoari eta publiko aurreko aktibitateari. Bizitza berria.

Lau urte daramatzagu bilbotar musikaria kamera aurrean ikusi gabe. ‘Berpiztu’ dokumentala baliatu du aurkezpen publikoa egiteko.

Zergatik orain? galdetu diogu filmaren zuzendari Fermin Aiori. «Publikoaren aurrean berriz agertzeko unea zela sentitu zuen Kepak. Denbora pasa da. Hasieran barrura begiratzeko unea da, errekuperatzeko ze gaitasun daukazun ikusi behar duzu. Eta borroka horretan zentratu behar duzu. Baina denborak aurrera egin ahala, behin lan hori eginda, berriz kalera irteteko garaia iristen da. Eta nik uste dut hori modu naturalean gertatu zaiola Kepari. Bere gorputza hobeto mugitzen eta hitz egiten berriz ikasi duenean, orain, irten daiteke».

Fermin Aio, ‘Berpiztu’ filmaren zuzendaria. (Gorka RUBIO/FOKU)

EiTBren Galan eskainiko dute filma gaur eta Donostiako Udalak ekitaldia aprobetxatuko du 2020an Junkera jaso gabe geratu zen Adarra Saria emateko. Berak ezin izango du bertan izan eta bere senideek jasoko dute.

Ingurukoei esana zien Junkerak liburua egin nahi zuela bere ibilbidea kontatuz. Bertan artistak desberdinek parte hartzea nahi zuen. «Izenburua trikitilariak berak jarri zion proiektuari. ‘Zergatik ez dugu dokumentala ere egiten?’ pentsatu zuten ingurukoek», azaldu dio Aiok NAIZi.

Ictusa izan baino aste pare bat lehenago ezagutu zuen musikaria Aiok. «Belgikara joan aurretik, berarekin kolaboratzeko proiektu baterako deitu zidaten. Arratsalde bat eman nuen baserrian proiektuaz hitz egiten. Sekulakoa iruditu zitzaidan! Ideiak etengabe botatzen zituen sumendia zen! Azkenean proiektuak ez zuen aurrera egin baina berarekin zerbait egiteko grina piztu zitzaidan. Eta orain etorri zait aukera», kontatu du.  

«Bere ibilbidea betidanik jarraitu dut baina hain barrutik ez nuen ezagutzen bere sorkuntza. Perspektibarekin uste dut konturatuko garela nolako ekarpena egin dion gure musikari», azpimarratu du.

Lasaitua

Joan den larunbatean Gernikako Lizeoan emanaldi pribatua egin zuten familiarentzat eta lasaitua hartu zuen. «Asko gustatu zitzaien, eta niretzat hori zen garrantzitsuena, familia pozik egotea», aitortu du.

Ez zen bere kezka bakarra. «Nire beste beldurra zen ea gai izango nintzen Kepari eta berak egin duen guztiari justizia egiteko. Artxiboa hain handia da... katalogatze lanean bakarrik bi hilabetez aritu zen taldekide bat, jakiteko zer material geneukan. Jakina, hori guztia ezin zen sartu dokumentalean. Erabaki behar genuen zer sartu eta zer ez», dio. 

Lehena, oraina eta etorkizunean saltoka dabil lana. Pozik ageri da emaitzarekin. «Oso ondo borobilduta dagoela esango nuke –adierazi du–. Oso gustura geratu naiz. Kepak 30 urtez egindako bidaia bizitzea gozamena izan da».

Aioren esanetan «oraingo Keparekin egotea» izan da proiektuaren alderdirik politena eta zailena. «Nire beldurra zen nola erakutsiko genuen oraingo Kepa. Nolako inpresioa ematen genuen, Kepa ere eroso egotea nahi nuen… familia ere agertzen da eta kontatzen du nola ari diren bizitzen oraingoa… oreka bilatzea, historia bilatzea baina egia izatea; lanak zintzotasuna islatzea izan da zailena».

«Familiarekin egindako lehenengo elkarrizketan hasi ginen pentsatzen orain Kepa nola dagoen nola azaldu. Garrantzitsua zen errehabilitazioa ikustea, familiarekin orain duen erlazioa azaltzea. Baina ez genekien nondik jo. Eta egiten joan garen heinean aurkitu dugu bidea», dio.

«Horrelako gaixotasuna daukan pertsonen inguruan dagoen tabua» ere gainditu nahi izan du. «Dokumentalak hori ere egiten du eta niretzat hori izan da politena», esan du.

Beste sortzaileengan eragina

Joseba Tapia, Ibon Koteron, Sorginak... dira dokumentalean agertzen diren euskal musika eszenako izenetako batzuk. Hauekin batera Ara Malikian, Santiago Auseron, Pablo Milanes, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes.... zerrenda luzea da.

Musika estilo anitzak jorratu dituzten eta belaunaldi desberdinetakoak diren musikariak gonbidatu ditu dokumentalean parte hartzera. Eta Junkerak auren sorkuntzan nola eragin dien galdetu. «Erantzunak oso adierazgarriak izan dira», nabarmendu du.

«Soinua beste era batera jotzen hasi ginen berarekin», kontatu du Tapiak. Koteron harago doa: «Alboka, trikitixa eta txalaparta ezin dira bera gabe ulertu».

Aiok oso gogoan ditu 1992an elkarrizketa batean Junkerak eginiko adierazpenak. «Kontatu zuen zer nahi zuen lortu eta nola nahi zuen nahastu bere musika munduko musika guztiarekin. Eta hori lortu du –azpimarratu du–. Arlo profesionalean egin du egin nahi izan duena. Soinu txikia hartu, ordura arte oso baloratua ez zen musika tresna, eta lortu du hasiera hartan bere buruari jarri zion helburua. 1992an egindako elkarrizketan badirudi etorkizuna ikusten ari dela».

Harremana berreskuratu

Proiektu honi esker duela lau urte parentesian geratutako kontaktua berreskuratu dute Junkerarekin hainbat sortzailek. «Berarekin kolaboratu duten artista askok esan didate ‘ez dut Kepa ikusi, gustatuko litzaidake, baina ez dakit nola hurbildu berarengana. Eta dokumentalean ikusten da posible dela egitea eta garrantzitsua dela gainera berarekin egotea», esan du Aiok.

Filmean, Albert Palomero eta Rober Garayren arteko eszenan suge-sorgintzailea bezala definitzen dute Junkera. Aio bat dator. «Berean jarraitzen du. Lortu du bere liburuaren inguruan 30 artista biltzea. Horrek garbi erakusten du. Energia hori dauka orain ere».

Aiori berari ideiak eman dizkio dokumentalareko. «Dokumentalaren hasieran etxeko langilea soinuei hautsa kentzen ikustea nahi zuen. Hasieran ez nion gaiarekin loturarik ikusi baina egia da, grabatu ondoren oso ideia ona zela ikusi nuen! Eta begira, dokumentalaren hasiera eman zidan berak».

Behin dokumentala estreinatuta, Durangoko Azokan emango da argitara liburua. Joseba Martin kazetaria ari da testuak idazten eta errepaso oso pertsonala egingo dio errekaldetarrak editatutako disko bakoitzari.