INFO

EAEko nekazaritza ekologikoa gorantz doa eta lurren %4,6 hartzen du

Nekazaritza ekologikoaren errolda %8 hazi zen iaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, lurren azaleran %16ko hazkundea izan zen bitartean. Nekazaritza ekologikoaren goranzko joera nabarmendu du Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailak.

Ostiral honetan nekazaritza ekolgikoaren datuak jakinarazteko egindako agerraldia. (HAZI Fundazioa)

Nekazaritza ekologikorako erabiltzen diren soroak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurren azaleraren %4,6 dira. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailak argitaratutako datuen arabera, 2021ean lur hauen errolda %8 hazi zen eta azalerak %16ko gorakada izan zuen.

Ostiral honetan ospatzen den Europako Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Egunaren harira Bittor Oroz Lakuako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eta Arantza Eguskiza EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko presidenteak nekazaritza ekologikoaren inguruko datuak eta izandako ibilbidearen balorazioa egin dute.

EAEko nekazal lurrek 185.689 hektarea hartzen dituzte. Berriki atera diren datuen arabera, horietatik 8.855 nekazaritza ekologikora zuzenduta daude. Hala ere, alde nabarmenak daude azpi sektore ezberdinen artean; ortularien eta fruta arbolen azalera da aipagarriena. Fruta arbolen kasuan, EAEko %20,7 dago ekologikoan izena emanda eta ortulariei dagokionez, %19,9 da ekologikoa.

Araba da azalera gehien hartzen duena, 5.056 hektarea, mahatsondoen, larreen eta estentsiboen laborantzari esker. 2021an %16 igo zen azalera batez beste, eta 2022ko orain arteko datuei erreparatuta hazkundea %12koa izan da. Gipuzkoan, bestalde, nabarmentzekoa da aurten orain arte azalerak %29ko igoera izan duela.

Ekoizle gazteak

Ekoizle eta eragileei erreparatuz, datuen arabera, Gipuzkoa da eragile gehien dituen lurraldea, 294 profesional. Eragile bakoitzaren jarduera nagusia kontuan hartuta, izen-emate gehienak ekoizleenak izan dira eta hauen barruan nekazal ekoizleena. Enpresa elaboratzaileen eta inportatzaileen kopuruak apur bat behera egin du, Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren arabera.

Nekazaritza ekologikoan izena eman dutenen artean %33 titular gazteak dira; 45 urte azpikoak dira abeltzainen kasuan, eta jarduera ekologikoan izena eman dutenen artean erdia gazteak dira. Kontseiluarentzat datu «itxaropentsuak» dira hauek.

Bittor Oroz sailburuordeak azaldu duenez, 2030erako Europako nekazal lurren %25a ekologikoak izatea da helburua. EAEko datu hauek kontuan hartuta, honakoa adierazi du: «Europako erronkei begira bidea dago egiteko; eta horretarako ezinbestekoa izango da elkarlana sustatzea, administrazioaren eta sektorearen artean.

‘Ekologikoak gara, naturala delako’ kanpaina

Nekazaritza ekologikoaren kontsumoa sustatzeko asmoz, datorren astetik aurrera publizitate kanpaina bat jarriko du martxan Lakuako Gobernuak, ‘Ekologikoak gara, naturala delako’ lelopean. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailak jakinarazi duenez, bi helburu izango ditu.

Batetik, ekoizleei begira, ekologismoaren eredugarritasuna erakutsiko zaie, aukera honen aldeko erabakia hartu ez dutenei «ikuspegia indartzeko». Kontsumitzaileei, bestetik, nekazaritza ekologikoaren bidez lortutako produktuen onura erakutsiko dizkie kanpainak.