INFO

Etxalarko altxorra: Usategietak herriaren babesa behar du bizirik segitzeko

Usategieta etxalartarren ondarea da. Lizarietan egiten duten sare bidezko ehiza berezia da; natura errespetatzen du eta 600 urteko historia izan arren oraindik bizi da. Urrian hasiko du sasoia. Kide berriak behar ditu, baita baliabideak ere, txolomei eraztuna jartzen jarraitzeko, bertzeak bertze.

Gerardo Danboriena ‘Landdaburu’ usazaleak 55 urte darama lan honetan. Irudian, Idoikogune postutik jaisten, paleta eta txatarra eskuetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sara eta Etxalarko usazaleek Usategietako tradizioaren besta ospatuko dute igande honetan Lizarietako lepoan. Bertan hartu nahi dute urrian sasoi berriari ekiteko indarra. Gainera, Etxalarko Usazaleen Elkartea aurkeztuko dute. Usategietan lan egiten duen taldeari egitura bat emateaz gain, jardueraren balioa agertzea eta babesa biltzea dira elkartearen xedeak.

Herriko Etxeari, saltokiei nahiz herritarrei zuzendu diete deia: «Orain arte herriaren babesik gabe iraun duen arren, hainbat zailtasun agertu dira, eta herrian aberastasuna sortzen segitzen du; horregatik, bidezkoa iruditzen zaigu ondasun horretatik atal bat guregana ailegatzea, jarduerarekin segitzeko».

«Han lanean ari garenok badakigu zer dagoen jokoan, nolako altxorra dugun. Aitzinekoengandik etenik gabe jasotako ondarea eta esperientzia luzea dutenen jakituria biltzen dugu, baita gazte talde eder baten indarra ere».

Bederatzi sare-tokietako bat

Elkarteko bi kiderekin egin dugu txangoa Lizarietara, Gerardo Danboriena ‘Landdaburu’ eta Jasone Mitxeltorenarekin. 500 metroko garaieran gaude, hainbat hegaztiren iraganbidean. Begiratokia ornitologoz beteta dago. Goiz-albatik iluntzera arte hantxe izaten dira beren hamaka, kataloxa eta platerekin, eguraldi ona ala txarra egin, zein espezie ikusten duten apuntatzen.

Estatu frantsesetik etortzen dira urtero, gehienak boluntario. Ikusmira aparta dute: Ibanteli (698 metro), Suhalmendi (301), Sara (60), Ainhoa (120), Zugarramurdi (205), Atxuria (756), Urdazubi (94) eta Etxalar (97).

Handik hurbil dago Etxalarko sare-tokia, Euskal Herriko bederatzietako bat. Bertze zortziak Ipar Euskal Herrian daude; horietako bat, Lizarietan bertan, Saran, Etxalarkoaren parean. Hego Euskal Herrian debekatuta dago sareekin ehizatzea, baina Etxalarren baimentzen da, kultur balioagatik. Eragin eskasa du uso populazioan eta, hortaz, ingurumena errespetatzen duen jardueratzat hartzen da. Badakigu XIV. mendean egiten zela, 1378koa baita lehen aipua.

Etxalarko usazaleen lehen postura joan gara, Idoikogunera, Landdabururen azalpenak adituz. 55 urte daramatza usazale eta zer pasioz mintzo den! «Lehen ehiza gosea kentzeko zen; orain, libertinajea gailendu da, eta galzorian dago tradizioa», dio. Duela 250 urte Pirinioan 40 sare-toki zeuden. «Zergatik galdu ziren? Uso pase txarrak, gerrak, epidemiak...».

Usoek bizirik irauteko estrategiak asmatu dituzte eta populazioa mantendu edo zertxobait goititu dute.

 

 

350.000 uso bat-batean
Landaburuk ezagutu duen sasoirik onena 1970ekoa da: 340 dozena harrapatu zituzten. Txarrena, iazkoa izan zen, 29 dozenarekin. Mitxeltorenak emozioz kontatu du nola egun batez 350.000 uso pasatu zitzaizkien buru gainetik bat-batean. «Badakizue zenbat harrapatu genituen? Bakarra!». 

 

Sare bidezko ehizak isiltasuna behar du, baina duela 120 urte eskopeta hotsak hasi ziren. «Bi ehiza arrunt ezberdin dira. Elkarrekiko errespetua bada, ez da arazorik, baina adostasun faltak izan dira».

Gerardo Danboriena eta Jasone Mitxeltorena, Idoikogune postuan. Bata paletak botatzen, bertzea txatarra astintzen eta oihuka, usoak bideratzeko. (Iñigo URIZ/FOKU)

Idoikogunetik sareak ikusten dira zuhaitzen artean. «Paletekin usoen hegaldia jausten dugu eta behin jausita, denen artean arbol tarte horretan sartzea izaten da gure lana», agertu du Mitxeltorenak. Ondoko postuan egoten da bera txatarra –puntan oihal bat duen makila– astintzen eta garrasika, hegaztiak bideratzeko.

Erakustaldia egiten ari zaizkigula, turista frantsesak hurbildu zaizkie jardueraz galdezka eta paleta opari emanda kontent joan dira. Urriaren 1etik azaroaren 20ra arte izaten da usazaleen sasoia, eta turismoa handituz doa. Haiekin solas egitea garrantzitsua dela uste dute.

«Jenderik eza» nabarmendu du Danborienak. «Ikasteko, aunitz aritu behar da eta jendeak ez du posible. Gainera, egun osoz egon beharra dago eta hotza pasatzen da». Eurentzat onena ipar-ekialdeko haizea izaten da.

Talde lana Horixe maite du Mitxeltorenak. «Hemen bat bertzearekin gara eta etxerako oihura arte ez da inor jausten. Jokoa ongi ateratzen dela gozamena da». Usoak ikustean toki izen bat oihukatzen dute, denek hara begiratzeko. Gero tutua jotzen dute harrizko dorretik, tiroak isiltzeko, eta sareetako usazaleak erne jartzen dira, sarea botatzeko.

Zortzi postu dituzte eta bakoitzean pertsona bat izaten da. Sareetan, lau pertsona. Guztira, dozenako taldea.

Zenbait herritan oztopoak jartzen dituzte oraindik ere emakumeek tradizioetan parte hartzeko; Gerardo Danborienak, ordea, gonbidatu egin zuen lehen emakumea duela 20 urte baino gehiago.

«Zer ematen digu honek? –egin dio Landdaburuk galdera bere buruari–. Diru arrunt gutxi baina adiskide aunitz. Abenduaren 1ean bilkura eta bazkaria egiten dugu Usategietako elkartean –saratarrek eta etxalartarrek osatua– eta 110 lagun elkartzen gara. Afizio bat ere eman digu».

Usazaleak kantariak direla eta euskarari eusten diotela erantsi du Mitxeltorenak. «Karrikan erabiltzen ez diren hitzak ikasi ditut. Adibidez, ‘aroa’. Elkarrekin gosaldu eta aroa begiratuz hasten dugu eguna».

Ornitologoek 35 urtetik gora daramate Lizarietara etortzen. Irudian, ezkerretik hasita bigarrena da Aurelien Andre bretainiarra. (Iñigo URIZ/FOKU)

Begiratokira bueltan, Aurelien Andre ornitologoarekin mintzatu gara. Nantesetik, Bretainiatik, etorri zen eta Saran bizi da. Lizarietako bi ostatuetako batez, Hor Dagoz, ere arduratzen da 2018tik. Etxeko janaria eskaintzen dute, sareetan harrapatutako usoak barne, «hagitz goxoak, perdigoirik gabeak».


Animaliak zaintzen

Estatu frantsesean ehiztariekin gatazkan daude animaliazaleak; Nafarroan, aldiz, usazaleen lagunak dira. 2018an CPAL elkartea sortu zuten ornitologo boluntarioek eta usazaleei txolomak erosten hasi ziren. Eraztuna ipini, aztertu eta libre uzten dituzte berriro. Hala, orain arte ehizarako izan den Usategietak bertze funtzio bat ere betetzen du.

 

Txikiak galtzen
«70eko hamarkadatik harrapari guztiak babestuta daude eta horri esker hegazti handi gehiago dago. Aldiz, hegazti txikien populazioa murrizten ari da. Ehiza mehatxu bat da, baina ez handiena. Habitat naturalen sakabanaketa eta kutsadura dira mehatxurik handienak», adierazi du Aurelien Andrek.

Txolomak
Usoak ez bezala, gutxitzen ari dira txolomak. Zaharrenak 15 urtez bizi dira. Tiroen eraginez, gutxi ailegatzen dira bertzela biziko luketen bizitza egitera. 

 

 

2018an hasi zirenetik 250 txolomari eraztuna ipini diete eta ia 300 askatu dituzte.

Euren berririk duten galdetu dio Jasone Mitxeltorenak eta pena hartu du gehienak eskopetariek hil dituztela jakitean. Andrek argitu duenez, badira ekologista politikoak eta ekologista langileak eta haiek bigarren taldekoak dira. «Ehiza mota batzuen kontra egon gaitezke, baina ingurumena eta bertako bizidunak errespetatzen dituztenak lagun ditugu».

«Horregatik hasi nintzen! –sartu da Mitxeltorena–. Aurelienek konbentzitu ninduen». Irri egin dute biek. Frantsesek diote tradizioa bizi dela hemen eta eurena, berriz, museoetan dagoela.

«Txolomei bezala usoei ere eraztuna ipintzea interesgarria litzateke», planteatu du Gerardo Danborienak. Eta «laguntza behar da, bertzela tradizioa bukatuko da eta», errepikatu du. «Ni baikorra naiz», erran dio Andrek.

Usazaleen bestan, aratxe errea bazkaltzeaz gain, bertze hainbat ekitaldiren artean paleta botatzeko txapelketa eginen dute Etxalar eta Sararen artean eta ornitologoek ere botako dute.