INFO

Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena, Euskal Pentatloiko txapeldunak Azpeitian

Urnietarra eta Aiako kirolariak azkarrenak izan ziren bart gauean jokatutako txapelketan. Arrutirentzat lehen txapela den bitartean, Izeta VI.ak iazkoa errepikatu du.

Ane Arruti eta Izeta VI.a, podiumaren goi-goian txapelekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

2022ko Euskal Pentatloiak ezagutzen ditu dagoeneko bere txapeldunak. Bart gauean Azpeitiko Zezen Plazan gertatutakoa ostean, Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena "Izeta VI.a" dira txapeldunak. Urnietarrarentzat lehen txapela da, iazko lehen edizioko txapeldun Karmele Gisasolari gailenduta, eta Aiako kirolariak iazko txapelra errepikatu du denbora hobeak lortuz gainera.

Nerea Arrutik 21:09ko denbora egin zuen lan guztia egiten eta 2:13ko tartearekin irabazi zion Karmele Gisasolari (28 urte, Mallabia). Lucia Orbe (33 urte, Bilbo) hirugarren izan zen, atzerago helmugaratuz.

Amaitu bezain laister, crossfit mundutik datorren Nerea Arrutik Amalur Arbelaitzekin ospatu zuen garaipena lehenik. Biek bikotea osatu zuten Binakako Txapelketan eta harreman estua dutela erakutsi zuten.

Urnietarraren garaipena aizkoran erabakitzen hasi zen, nahiz eta kirolariak berak aitortu zuenez, «pixkat gaizki hasi naiz. Nerbioak bat-batean atera zaizkit azken momentuan hasi baino lehen, baina buelta eman diot eta lixto!».

Korrika egitearena ere pixkat beldurra ematen ziola aitortu zuen finalaren aurkezpenean, baina «lehenengo metroak lasai egin ditut pixkat errekuperatzeko eta gero segitu dut. Banekien hiru bueltako tartea nuela eta gero gozatu egin dut», onartu zuen.

Urte bikaina darama Arrutik eta orain Gipuzkoako aizkora txapelketan eta ondoren Euskadikoan garaipenak eskuratzen jarraitu nahi du. Ostiral gaueko txapela «familia osoari, etorri diren guztiei eta etorri ezin direnei, lagunei eta nire entrenatzaileari noski» eskaini zien.

Emakumeek egin beharreko lana hauxe izan zen: harrian, 63 kiloko bolari 15 jasoaldi eman; giza proban, 250 kiloko harriari plaza bat: aizkoran, 45 ontzako bi egur moztu; txingetan, 35 kilori 4 plaza; eta korrika 1,5 kilometro.

Izeta VI.a, ordu erdia azpitiko denbora helburu

Gizonezkoetan, aldiz, Andoni Iruretagoienak nagusitasuna erakutsi zuen beste behin, iazko txapela errepikatuz. Oraingoan, gainera, denbora hobetu zuen: 31:36. Julen Gabirondo bigarren izan zen.

«Gustura. Lan polita atera da, ez etxean bezala; lehen kilometrotik arrastaka joan naiz, kosta egin zait buelta ematea lanean sartzerakoan, baina beno gustura egindako lanarekin», aitortu zuen Izeta VI.ak lanak amaitu berritan.

Bi txandatan burutu zen gizonezkoen proba, sei kirolari baitzeuden eta txanda bakoitzean hiru aritu zirelako. Erritmoa handiarekin hasi zuten proba, baina Aiako txapeldunak argi zuen hori: «Nire estrategia hori zen, aurreneko bi lanetan topera ateratzea. Gestionatzen ondo ikasi dut eta ondo atera zait».

Denbora aldetik, gutxi gorabehera egindako marka espero zuen, «eta agian gutxiago», baina egondako maila bikainaz ere mintzatu zen: «Ikusten zen aurten oso ondo prestatuta ginela. Gabirondok kristonaren lana egin du eta txapela kentzen dut beretzat».

Hori bai, 30 minututik jaistea bere helburua dela ere azpimarratu zuen: «Entrenadoreak beti esaten dit 30 minututik jaitsi arte niri entrenatzen arituko dela eta hori lortzen dudanean, nik niri buruari entrenatzeko gai izango naizela. Hori izango da helburua egunen batean».

Eskaintzen artean, hauek aipatu zituen: «Txapela lagunei, entrenatzaileari, bidea luze honetan lagundu didaten guztiei eta Urko anaiari, bihotz-bihotzez asko maite dudala».

Gizonezkoek egin beharreko lana honakoa izan zen: harrian, 100 kiloko bolari 25 jasoaldi eman; giza proban, 400 kiloko harriari bi plaza: aizkoran, hiru kanaerdiko hiru egur moztu; txingetan, 50 kilori 6 plaza; eta korrika 3 kilometro.