INFO

Atxiloketekin eta Internetera sarbidea moztuta isilarazi nahi ditu Iranek protestak

Irailaren 16az geroztik Iran protestak hartuta dago Mahsa Amini gaztearen heriotza salatzeko. Kazetari zein aktibisten atxiloketekin ari dira agintariak protestak isilarazi nahian, hala nola Interneterako sarbidea murriztuz. Bitartean, mundu zabalean elkartasun mobilizazioak hedatzen ari dira.

Stockholm hirian, emakume bat bere ilea mozten ari da elkartasun keinu batean. (Fredrik PERSSON | AFP)

Irango agintariak duela hamaika egun Mahsa Aminiren heriotzaren ondotik herrialdean jazotzen ari diren protestak isilarazten saiatzen ari dira indarkeriaz eta, besteak beste, kazetariak zein giza eskubideen aldeko ekintzaileak atxilotzen ari dira. Era berean, Internetera konketatu ahal izateko murrizketa handiak ezarri dituzte.

Moralaren Poliziak derrigorrezko beloa «gaizki» eramateagatik atxilotu zuen Amini 22 urteko gaztearen heriotzak protesta gogorrak eragin ditu herrialdean, eta askatasun handiagoa eskatu dute oraingo mobilizazioetan, gai ekonomikoetan oinarritutako azken urteetako ekintza jendetsuetan ez bezala.

Polizia indarren manifestarien aurkako errepresioari, oraingoan, informazioarena gehitu zaio. Izan ere, iragan 16an Amini hil ondoren protestak hasi zirenetik, gutxienez 20 informatzaile atxilotu dituzte, Kazetariak Babesteko Batzordearen arabera.

Atxilotuen artean Nilufar Hamedi kazetaria dago, ‘Shargh Daily’ egunkari erreformistarentzat Aminiren kasuaren berri ematen lehenetarikoa izan zena.

Mohamed Hosein Ajorlou senarrak hala adierazi du Twitterren bere emaztearen egoeraren inguruan: «Ondo dago eta egunero yoga praktikatzen du konfinamendu bakartian».

Beste kasu bat Yalda Moaiery fotokazetari ezagunarena da.  Protesten lehen egunetan atxilotu zuten eta geroztik Teherango Qarchak emakumeentzako kartzelan dago.

Maryam Karimbeigi eta Golrokh Iriyaei ekintzaile ezagunak ere atxilotu dituzte, astelehen honetan Irango Langile Libreen Batasunak jakinarazi duenez.

Bestalde, Hossein Ronaghi adierazpen askatasunaren aldeko ekintzailea duela egun batzuk atxilotu zuten, eta, zenbait informazioren arabera, haren abokatua ere atzeman zuten.

Saeid Dehghanek, giza eskubideetan espezializatutako abokatuak, adierazi zuen gutxienez lau lagun atxilotu dituztela protestetan. «Horrek esan nahi du manifestarien defentsa debekatuta dagoela», salatu zuen Twitterren.

Kazetari eta ekintzaile horiek Twitter edo Telegram bezalako aplikazioetan protestei buruzko informazioa partekatzen zuten, baita munduari bira eman dioten beloak erretzen ari ziren emakumeen bideoak ere. Internetera sartzeko ezarritako murrizketak Iranen gertatzen ari dena munduan zehar zabaltzeko traba handia dira.

Sarera konektatzeko murrizketak

Internetera konektatzeko ezarritako murrizketa handiei beste debeku batzuk eransten zaizkie. Adibidez, arratsaldetan eta gauetan, alegia protestak gertatzen direnean, sare mugikorrak moztu egiten dira, eta sare finkoek, funtzionatzen dutenean, oso abiadura motelean egiten dute.

Whatsapp eta Instagram bezalako aplikazioak, Iranen baimenduta dauden apurretako batzuk, blokeatu egin dira. Facebook eta Twitterrera sarbiderik ez dago Iranen, baina erabiltzaileek VPN internet bidezko anti-iragazkiak erabiltzen dituzte sare sozial horietara sartu ahal izateko, baina horiek ere huts egiten ari dira.

Ia hedabide guztiak Irango agintarien esku egonda, eta atxilotutak izan diren kazetari eta ekintzaile independenteak medio, gero eta zailagoa da gertatzen ari dena jakitea. Izan ere, nazioarteko hedabideek murrizketa handiak dituzten informatu ahal izateko.

Hori guztia dela eta, protesten baitan hildakoen kopurua ere ez da ezagutzen. Irango Estatuko telebistak 41 pertsona hil direla esan zuen duela bi egun, baina iturri berberek zehaztu zutenez, zenbaketa propioa da eta ez zifra ofizialak. Hainbat hedabideren arabera, 70etik gora dira manifestazioetan hildakoak.

Protestak mundu zabalean

Bien bitartean, gazteek Aminiren heriotzagatik protestatzen jarraitzen dute, herrialdeko presidente Ebrahim Raisík, Armadak, Guardia Iraultzaileak eta Botere Judizialak ohartarazi arren.

Bart, beste behin ere, irandar asko kalera irten ziren «emakumeak, bizitza, askatasuna» oihukatuz Teheran, Yazd eta Tabriz bezelako herri eta hirietako kaleetan, Oslon egoitza duten Gobernuz Kanpoko Erakundeen arabera.

Teheran iparraldeko auzo aberatsetan, protesten bihotzetik urrun, auzokide askok «heriotza diktadoreari» oihukatzen zuten beren leihoetatik gaueko iluntasuna aprobetxatuz.

Parisen, Suedian, Grezian zein Txilen jazo dira halaber elkartasun protestak eta mundu zabalean emakumeek beren ilea moztu dute Iranean sufritzen duten askatasun falta salatzeko.