Irailaren 27a Kolapso Turistikoaren Eguna izendatu du SET sareak
Europa hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden hirien sareak (SET) Kolapso Turistikoaren Eguna izendatu du irailaren 27a eta aldarrikapen ekintzak egingo ditu «turistifikazioaren ondorio kaltegarriak» jasaten dituzten hainbat tokitan. Honen berri eman du BiziLagunEkin plataforma donostiarrak.
BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak adierazi duenez, Europa hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden hirien sareak (SET) Turismoaren Nazioarteko Eguna ospatu ordez, Kolapso Turistikoaren Eguna izendatu du irailaren 27a eta aldarrikapen ekintzak burutuko dira «turistifikazioaren ondorio kaltegarriak jasaten dituzten hainbat tokitan».
Ohar batean azaldu duenez, SET sarea 2018ko udaberrian sortu zuten Iruñea, Donostia, Venezia, Valentzia, Sevilla, Palma, Lisboa, Malta, Malaga, Madril, Girona, Kordoba, Kanariar uhartea, Camp de Tarragona, Bartzelona eta Marseillako entitateek eta handituz joan da, «indarrak batzeko eta lurralde hauen turistizazio-prozesuekin ahots kritikoa pizteko helburuarekin».
«Pandemiak ezarritako parentesiaren ondoren, SET sarea berraktibatu egin da turismo masiboa pandemia aurreko garaikoa parekatu, gainditu eta bertsio kaltegarriago batera heldu delako. Sektore pribatuak lanpostuei buruzko ohiko xantaia zinikoa muturrera eramaten duen bitartean, eta eredu ekonomikoak birplanteatzeko eta dibertsifikatzeko diskurtsoetatik urrun, tokiko administrazioek eta estatu-gobernuek baliabide publiko ugari bideratu dituzte turismoan aritzen diren enpresetara; nahiz eta horietako askok milioika euroko etekinak dituzten multinazional handiak izan, kalte sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak eragiten dituztenak», adierazi du.
Aldi berean, pandemiaren ondorioz, «tokiko administrazioek ostalaritza sektoreak hiri-espazioaren okupazioa handitzea erraztu» dutela salatu du: «Behin-behinekoak behar zuten neurri horiek higiene arrazoiekin justifikatu zituzten, baina, kasu gehienetan, ez dira lehengoratzen ari osasun-arriskuak murriztu direnean. Kudeaketa pribatuaren pean dagoen hiri-espazioaren hazkundeak hiri-espazioaren merkantilizazioa eta eguneroko bizi-baldintzetan eragiten du».
«Uda honetan turismo masiboaren itzulera ikusi dugu, kasu batzuetan estatistikoki covid aurreko aldira hurbiltzen dena, eta beste batzuetan argi eta garbi gainditzen duena. Horrek berraktibatu eta larriagotu egiten ditu bizilagunen bazterketa-prozesuak eta krisi ekonomikoak kolpatzen duen populazioaren esplotazio/prekarizazio-prozesuak», adierazi du.
Honen aurrean SET sarearen kideek hainbat tokitan ekintzak egingo ditu «jarduera turistikoaren areagotzeak ingurumen eta gizarte aldetik dituen ondorio globalak» salatzeko. Halaber, «egungo krisi globalaren eta energia-baliabideen eskasiaren testuinguruan, turismo jarduerari laguntzeak sortzen dituen kalteak» kritikatuko dituzte; eta «gentrifikazioaren, espazioen merkantilizazioaren eta bizilagunak kanporatzearen aurkako politika aktiboak» aldarrikatuko dituzte.