Euskarak dena du irabazteko ikus-entzunezkoen arloan, baita gazte euskaldunen artean ere
Euskara lehenesten duten gazteen artean aparteko lubaki bat da ikus-entzunezkoen mundua. ‘Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan’ txostena landu du Uemak eta Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu ditu emaitzak, azterlanak politika egokiak lantzeko argia eman dezakeela iritzita.
Ikerketa mardula egin du Uemak: udalerri euskaldunetako gazteek –ikasleak, 10-18 urte artekoak– erantzundako 11.600 inkestetan oinarritu dute lana, eta ikus-entzunezko euskarrietan darabilten hizkuntzen inguruko datuak jaso dituzte. Asteazken eguerdi honetan aurkeztu dute ‘Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan’ azterlana Gasteizko Legebiltzarrean Gari Goikoetxea txostenaren arduradunak eta Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak.
Bost ataletan banatu du mankomunitateak bere ikerketa: ikasleen hizkuntza-ezaugarriak, telebista eta plataformak, sare sozialak, musika eta bideojokoak.
Hizkuntza profila
Ikus-entzunezko euskarrietan ikasleek hautatzen duten hizkuntzari erreparatu aurretik, hauen hizkuntz-ezaugarriak aztertu du Gari Goikoetxeak zuzendutako lanak. Udalerri euskaldunetan Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik Batxilergoko bigarren mailara artean ikasten ari diren gazteen artean, bostetik hiruk (%59ak) dute euskara lehen hizkuntza gisa, eta lautik batek (%24ak) gaztelera eta euskara, biak, dituzte lehenengotzat edo ama hizkuntzatzat. Orotara, ikasleen %83k euskara jaso du etxean eta, gainera, portzentajea handitu egin da aurreko belaunaldiekin alderatuta.
Ikasgeletan erabiltzen dute gehien (%81,6) eta etxean gutxien (%71); lagun artean ere paretsu (%72,2), eta ikasleen %55ak adierazi du erosoago egiten dutela euskaraz gazteleraz baino.
Abiapuntu gisa balio dute datuok, ikusteko kasurik onenean ere, hau da, euskara gehien erabiltzen duten haur eta gazteen kasuan, euskarak dena duela irabazteko ikus-entzunezko euskarrietan. Are, bi norabideetako arazoa da: ama-hizkuntza euskara izateak ez du ikus-entzunezkoetan euskara lehenestea bermatzen –ezta gutxiago ere–; kontrara, ikus-entzunezkoen erdarazko kontsumoak eragin nabarmena du gazteen hizkuntza ohituretan. Hainbat ikastetxek helarazi zioten «kezka» hori Uemari, eta hortik abiatuta ondu dute ikerketa.
Telebista
Sarri aipatzen den joera konfirmatu du Uemaren ikerketak: telebista audientzia galtzen ari da, online plataformak hazten ari diren bitartean. Joera hori nabarmendu egiten da adinean gora egin ahala: Lehen Hezkuntzako ikasleek nahiago dute ohiko telebista eta Batxilergokoek Netflix-en gisako plataformak.
Datu on bat dakar azterlanak. Telebista kontsumitzen dutenen kasuan, euskarazko ETB1 da ikasle gehienek aipatu duten katea, %39ak. «Etxean euskaraz egiten dutenek, euskarazko telebista ikusteko ohitura dute», argitu du Goikoetxeak.
Alta, ETB1 aparte utzita, Lehen Hezkuntzako haurrek gehien ikusten duten katea Clan da, gaztelerazkoa, umeentzako edukiak zabaltzen dituena. Ama hizkuntza euskara duten haurren kasuan, kate honen audientzia (%41) euskarazko baliokidea litzatekeen ETB3ren audientzia (%27) baino nabarmen handiagoa da.
Baina, aipatu bezala, online plataformak indartzen ari dira azken urteotan, hainbeste, ezen hiru gazteetatik bik (%62k) Netflix kontsumitzen baituen, Amazon Prime Video (%33k) eta MovistarPlusen (%20) aurretik. Soilik %10ak kontsumitzen du EiTBren Nahieran plataforma, zeinak euskarazko eta gaztelerazko edukiak dituen.
Plataformetan Bigarren Hezkuntzako ikasleek lehenesten duten hizkuntza zein den jakiteko, bertan eskaintzen diren telesailen zerrenda bat igorri zieten, zein ikusi duten erantzun zezaten. Gaztelerazko ‘La casa de papel’ da ikusiena (%54) eta, atzetik, euskarazko ‘Goazen’ telesailak ditu jarraitzaile gehien (%45). «‘Goazen’ telesailak lortzen du etxean gazteleraz egiten duten ikasleak ere erakartzea», zehaztu du ikerketaren arduradunak.
Halere, gainontzean, gehien ikusten dituzten telesailen artean, denak dira gazteleraz edo euskara ez den beste hizkuntza batean: ikasleen %73ak –Lehen Hezkuntzan ere egin dute galdera hau– esan du gazteleraz ikusi duela azken seriea edo marrazki bizidunak.
Euskarazko telesailen kontsumoak behera egiten du adinak gora egin ahala. Ez, ordea, gaztelera nagusitzeko, baizik ingelesa. Batxilergoko bost ikasletik batek ingelesezko serieak ikusten ditu.
Atal honetan, Uemak ondorioztatu du gazteek fikzioa bilatzen dutela, Goikoetxeak azpimarratu duenez. Hala, kontsumoan ez ezik eskaintzan arreta jartzeko deia egin du eta arlo horretan «apustu sendo bat» behar dela aldarrikatu.
Sare sozialak
Youtube da gazteentzako sare sozialetan erregea, %85ak erabiltzen du. Atzetik daude Whatsapp (%74) –kontuan izanda Lehen Hezkuntzako ikasleen %64k ez duela mugikor propiorik–, Tiktok (%65), Instagram (%56), Snapchat (%40) eta Twitch (%24).
Bada, zein da sare sozialetan euskaraz ikusten dituzten edukien portzentajea? Plataforma nagusiak kontuan hartuta, soilik %9koa da Youtuben, Tiktok-eko erabiltzaileek edukien %6 ikusten dute euskaraz eta Twitch-ekoek %1a.
Antzera gertatzen da sare sozialetan norbere edukiak sortzen dituzten ikasleen kasuan. Kasurako, Tiktoken edukiak kargatzen dituzten ikasleen %76k gaztelera erabiltzen du eta Twitch-en %81ak.
Euskarazko edukiak horren murritzak izatearen arrazoietako bat «erreferente faltan» kokatu du Gari Goikoetxeak. Bere esanetan, euskarazko edukiak sortzen dituzten erreferenteak falta dira eta, gainera, dauden horiek ez daukate ikusgarritasunik.
Soilik Instagramen apurtzen da erdarekiko joera: ikasle guztien %21ak (bost ikasletik hiru ibiltzen da sare sozial honetan) sortzen du edukia euskaraz.
Musika eta bideojokoak
Beste behin, Youtube da ikasleen plataforma gustukoena musika entzuteko (%78ak erabiltzen du) eta, atzetik, Spotify (%69). Musikan ere, gaztelera da nagusi: ikasleen erdiek gazteleraz entzuten dute musika, eta gainerako erdian antzeko ehunekoak dituzte euskarak (%26) eta gainerako hizkuntzek (%25). Lehen hezkuntza euskara duten ikasleen artean ere gehiago dira gaztelaniazko musikaren entzule (%46).
Bideojokoen zale dira gazteak, batez ere Lehen Hezkuntzako ikasleak: %78 ibiltzen da teknologia hauekin eta erabiltzaile gehienak mutilak dira (%89). Adinak gora egin ahala, kontsumoa gutxitzeko joera daukate. Jolas hauen kontsumoa gaztelerazkoa da batez ere (%54) eta oso urria da euskararen presentzia, %4koa.
Bide-orrria
‘Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan’ txostena Legebiltzarrean aurkeztu ondotik, egoera «makurra» dela nabarmendu dute Gari Goikoetxeak eta Iraitz Lazkanok. «Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoa, beraz, ezinbestekoa da neurriak hartzea» esan dute, eta azpimarratu aurkeztutako datuak soilik udalerri euskaldunei dagokiela.
Euskararentzat ez da konkistatzen erraza izango ikus-entzunezkoen mundua, Uemako arduradunek esan bezala, «azkar eta asko» aldatzen den errealitatea delako. Baina Iraitz Lazkanok bota du bide-orri bat marrazteko oinarri litzatekeen galdera: «Euskal hiztunon komunitate bezala, zer egiteko prest gaude ikus-entzunezkoen esparruan?»