Euskaraldiaren hirugarren edizioan izena emateko epea ireki da
Belarriprest edo ahobizi gisa Euskaraldiaren 3. edizioan parte hartu nahi duten guztiek izena emateko aukera dute ostegun honetatik aurrera.
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren 3. edizioa eta dagoeneko ahobizi edo belarriprest gisa parte hartu nahi duten herritarrek izena emateko aukera dute ostegun honetatik aurrera. Horren karira ekitaldia egin dute arratsaldean Bilboko Kafe Antzokian eta bertan bildu dira herrietako batzordeetako kideak, entitateetako arduradunak, euskalgintzako eta gizarte alorreko kideak eta erakundeetako ordezkariak.
Izena emateko aukera Euskaraldia hasi arte egongo da zabalik eta aurreko urteetan izena eman zutenek parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko euskaraldia.eus webgunean sartuta edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez.
Entitateei dagokienez –denda, elkarte, kirol talde, enpresa edo erakundeak), urriaren 31 arte izango dute ariguneak jakinarazteko epea.
Antolatzaileen esanetan, «beste behin ere, lortu nahi dugu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan».
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak nabarmendu duenez, «Euskal Herri osoa berraktibatzen ari dela ikusten ari gara. Itxaropentsu gaude, Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten ere Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen baitugu»
Horregatik, gizarte osoari eta erakundeei dei egin die ariketa sozial honetan parte har dezaten. «Euskaraldia, maila indibidualean nahiz kolektiboan erabilera-dinamikak abiatzeko edo indartzeko aukera paregabea da. Beraz, animatu eta bakoitzak gure lorpenak eta erronkak plazaratu ditzagun; hau ez baita euskararen aldeko egitasmo bat, erabileran urrats zehatzak emateko ariketa baizik: bai herritarrentzat eta baita erakunde eta gizarte eragileentzat ere», adierazi du.
Bingen Zupiria Lakuako Hizkuntza Politika sailburuak ariguneen garrantzia nabarmendu du. «Ariguneen eragina handia da, arigunea osatzen duten partaideengan eragiteaz gain, entitatean euskararen erabileran urrats berriak emateko abiapuntu izan daitezkeelako eta entitateetatik kanpora herritar multzo zabalagoetara heltzeko aukera ematen duelako. Bultzada handiagoa eman behar diegu», esan du.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariaren aburuz, «elkarlana da Euskaraldiaren abiapuntua eta oinarria, eta honetan denok gara beharrezko eta dugu zeregina: Nafarroako Gobernua erakunde publiko gisa, Euskaltzaleen Topagunea gizarte zibil antolatu moduan, eta gero haien borondatez, eta gogotsu, animatzen diren tokiko erakundeak, era guztietako entitateak eta askotariko norbanakoak».