Kilometroak Ibarran: Festa eredu berri bat garai berri baterako
Kilometroak festaren eredu berria jarri dute martxan 2022ko ekitaldi honetan. Egun bakarreko festa erraldoi soil izatetik, urte osoan zehar luzatuko den egitasmoa izatera igaro da, eta gainera, Gipuzkoako ikastola ezberdinek elkarlanean prestatu dute. Igande honetan dena borobilduko da.
1977an Beasainen eta Lazkaon Kilometroen lehen edizioa ospatu zenetik festak zenbait aldaketa izan baditu ere, oraingo honetan jaiaren eraldaketa iraganean egindakoa baino dezente sakonagoa izan da, zentzu handi batean, garai berrietara egokitzeko asmoz.
Eredu berriak ikastolen mugimenduak historikoki izan duen misioa bultzatzen jarraitu nahi du, baita ikastola bakoitzaren komunitatea indartzen lagundu ere. Usue Sukia eta Aitor Bengoa Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendaritza taldeko kideak dira eta aurtengo Kilometroak ekitaldia antolatzeko ardura izan dute. Haien arabera, eredu berria haientzat ere ezezaguna zen hasiera batean, eta egoera berrira denbora laburrean moldatu behar izan dira: «Festaren eredu berriari dagokionez, onartu behar dugu hasiera batean guk geuk ere ez genekiela zehazki zer zen, baina urtea aurrera joan den heinean jabetzen joan gara eredu berri horren nondik norakoez».
Esan bezala, oraingo edizioan egun bakar bati protagonismoa eman beharrean, urte osoko egitarau oparoa prestatu dute, eta makina bat ekitaldi ospatu dituzte han-hemenka festa girotzeko asmoz. Hori izan da eredu berriak dakarren aldaketa nagusietako bat. Horren haritik, Sukiak zera dio: «Urriaren 2a egun handia izango da denontzat, baina orain artean landu ditugun komunikazio ildoak eta balioak urte guztian zehar garatu izan ditugu denbora horretan egindako ekitaldi ugariren bidez. Urriaren 2an bukatuko da gure Kilometroak urtea, arestian aipatutako horiek guztiak borobilduz».
Nortasuna jaian islatuz
Beste berritasun azpimarragarri bat da edizio bakoitza antolatzeko ardura duen ikastetxe eta herriak bertako izaera eta idiosinkrasia festan islatzeko aukera paregabea duela, eta nahi duen forma eta moldea eman diezaiokeela ekitaldiari. Bengoaren aburuz, «iragan urteetako Kilometroak, nolabait, estandarizatuak zeuden, eta berdin zuen zein herritan ospatzen ziren, urtero errepikatzen zen jaia baitzen. Orain, berriz, antolatzaileak bere izaera eta balioak jaian bertan txertatzeko aukera izaten du. Guk gure txikitasunetik antolatu dugu aurtengoa, eta igandean gure eredua islatuta egongo da ziur».
Zentzu horretan, Uzturpe ikastolako zuzendaritza taldeko kideak dio eredu berri hori euren ezaugarrietara moldatzeko modu bat izan dela, eta hala, eredu berriak euren gustuko Kilometroak festa antolatzeko parada ezin hobea eskaini diela.
Bestalde, festaren beraren eredua eraldatzeaz gainera, kontsumo eredua eta ohiturak birpentsatu eta aldatzeko asmoa ere azaldu dute aurtengo jaiaren antolatzaileek. Sukiaren hitzetan, «eredu horren baitan kontsumo ereduaren aldaketa aldarrikatu nahi izan dugu; jendea kontsumitzaile-ikusle pasibo izatetik, parte hartzaile izateko pausoa ematea izan da gure helburuetako bat, eta espero dugu hala izatea osatu dugun egitarauari dagokionez».
Hiru balio, hiru ardatz
Azkenik, Kilometroak festaren bitartez hainbat balio landu eta transmititu nahi izan dituztela azaldu dute Uzturpe ikastolako zuzendaritzako kideek. Hain zuzen ere, hiru dira, Sukiaren arabera, guztiaren gainetik garatu nahi izan dituzten balioak: «Guk gure barrura begira egin dugu Kilometroak 2022, eta landu ditugun balio eta ildoak izan dira, batetik, kulturartekotasuna, gure ikastolaren errealitatea aintzat hartuta guztiz beharrezkoa delako; bestetik, berrikuntza, Uzturpe ikastolak betidanik izan duen indargunea izan delako».
Eta hirugarrenik, gastronomiari eman nahi izan diote aurten garrantzia eta protagonismo berezia, bertako produktuen lanketaren bidez. «Izan ere, gu oso ohituak gaude ikastolako jangelan bertako eta inguruko baratzetako barazkiak kontsumitzen. Produktu horiek inguruko komertzioetan erosten ditugu, eta eredu hori Kilometroak jaira eraman nahi izan dugu, noski».
Milimetroak: Saretzea, auzolana eta parte hartzea sustatzeko
Festa eredu berri bat sortzeaz gainera, aurtengo edizioan beste hainbat ekimen jarri dituzte martxan Kilometroak jaiaren antolatzaileek. Horien artean, aipatzekoa da iragan apirilaren 20an Oarsoaldean eta maiatzaren 20an Tolosaldean ospatu ziren Milimetroak izeneko gazte topaketak. Horien xede nagusia izan zen ikastola desberdinen komunitateak harremanetan jartzea, komunitate horien parte hartze erreala bultzatzea eta euskarari espazio berriak eskaintzea kultur adierazpide desberdinen bidez, betiere albait modu ludikoenean.
Kilometroak Kultur Elkarteko kide den Nekane Artolaren arabera, «jai parte hartzaileagoa egitea eta egun batetik urte osora salto egitea dira Milimetroen helburu nagusiak». Ez hori bakarrik, festa erraldoi eta bakarra atzean utzi, eta saretzean zein auzolanean oinarritu beharreko jaia izatea nahi dutela dio Artolak.
Estreinako Milimetroak ekitaldia Oarsoaldean ospatu zen eta hura antolatzeko ardura izan zuten Haurtzaro ikastolak, Orereta ikastolak eta Pasaia-Lezo lizeoak, Ibarrako Uzturpe ikastolarekin batera. Apirilaren 26an egin zuten lehen hitzordua Errenterian bertan, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena betetzen zen egunean, hain justu. Efemeride hori baliatuta, aipatu ikastoletako DBH 4. mailako 100 bat ikasleek Picassoren “Gernika” obraren bertsio koloretsua margotu zuten, eta ondoren herriko plazan jarri zuten ikusgai. Horren bidez, gainera, gerrarik gabeko mundu justu, hobe eta burujabeago bat aldarrikatu nahi izan zuten.
Maiatzean Ibarran egindako topaketan, aldiz, Nafarroa, Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa Beheretik joandako 400 ikasle inguru elkartu ziren herri horretako plazan. Lehenik eta behin harrera ekitaldia egin zuten bertaratutakoei ongietorria egiteko. Ondoren, talde txikitan banatuta Altxorraren Bila izeneko ibilbide kulturala osatu zuten, eta eguerdian bazkaria egin zuten indarrak berreskuratzeko. Arratsaldean, azkenik, ikastola bakoitzeko ikasleek prestaturiko ikuskizun desberdinez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Egunari amaiera emateko, «flashmob» arrakastatsua osatu zuten. Azken honek egunari amaiera eman bazion ere, argi geratu zen jaiaren hasiera besterik ez zela izan.