San Fermin Txiki-ri dirua kentzeko Udalaren erabakiari helegitea jarriko dio Jai Batzordeak
Iruñeako Alde Zaharreko Jai Batzordea lanean jarri da Udalak dirulaguntza itzultzeko eskatu ostean. Programan «ordaindutako iragarki bat sartu izana erabili du argudio gisa», leporatu diote. Presoen eskubideen aldeko ekitaldia kriminalizatzeko ahalegina Mayaren beste traba bat dela diote.
Alde Zaharreko Jai Batzordea bere abokatuekin lanean ari da Iruñeako Udalak San Fermin Txiki jaiak antolatzeko dirulaguntza kentzeko erabakiari helegitea jartzeko. Hala iragarri du larunbata honetan ohar bidez.
Iturri berberek zehaztu dutenez, emandako eta jada %75eko batean ordaindutako dirulaguntza, 5.791,33 eurokoa da, «eta ez du inolaz ere estaltzen jaien antolaketaren kostua, 30.000 euro baino gehiagotan zenbatetsia», hots, dirulaguntzarik jasotzen ez dituzten gastuak kontuan hartuz.
«Iruñeako Udalak, dirulaguntza kentzeko, jaietako programan ordaindutako iragarki bat sartu izana erabili du argudio gisa, legez eratutako elkarte batek antolatutako legezko ekitaldi baten berri emateko zena», leporatu diote alkateari. Ekitaldi hau, gogorarazi dutenez, «urteko ostegun guztietan egiten da, eta ez zaio inori omenaldirik egiten; aitzitik, presoen eskubideak errespetatzea eskatzen da.
Zentzu honetan, Jai Batzordeak berresten du berak ez duela Udalak dirulaguntza kentzeko argudiatutako ekitaldia antolatu. «Jaietako egitarauan sartutako iragarkiak ez du horren inguruko zalantzarik uzten».
«San Fermin Txiki jaien barruan, erakunde eta kolektibo askok jarduera propioak antolatzen dituzte, herritarrei irekiak, eta Jai Batzordeak egitarauaren ekitaldien zerrendan jasotzen ditu. Ekintza horien antolatzailea izan gabe egiten du, eta, beraz, dirulaguntzaren xede diren jardueren zerrendan sartu gabe. Iruñeko Udalak ezagutzen duen ohiko jarduera da», zehaztu dute ohar batean.
Milaka lagunek gozatu ahal izan zuten joan den asteburuan Alde Zaharreko Jai Batzordearen lanaren emaitzaz eta jai herrikoi, autogestionatu eta «neurri handi batean autofinantzatuak antolatzen dituen auzo oso baten lanaz», zoriondu dira.
Aurten, esaterako, Alde Zaharreko 450 bizilagunek baino gehiagok parte hartu dute, borondatez, herritarrek maite dituzten jaiak prestatzen eta ospatzen. «Istilurik gabe» igaro direnak, eta «botere politikoak kontrolatzeko eta instrumentalizatzeko egiten dituen ahaleginetatik ihes egiten dutenak».
Jai Batzordeak adierazi duenez, «egoera horretan, dirulaguntza kentzea, autoantolaketaren eta auzokideen konpromisoaren indarrari aurre egiteko beste traba bat baino ezin da ulertu».
Hala, Udalaren aldetik jartzen diren zenbait zailtasun gainditu behar izan dituztela aipatu dute, hala nola Udalak komuna publikoak ez jartzea, eremu sentikorrak babesteko hesiak ez uztea, Iruñeako auzoetako azken urteotan jai herrikoiak finantzatzera bideratutako zenbatekoak asko murriztea, edota jaietako jarduerak egiteko baimenak jakinaraztearen atzerapena. «Traba hauei eta beste hainbat eta hainbatei Alde Zaharrean auzo oso baten lanaren indarrari esker aurre egingo diegu», berretsi dute.