Euskal saskibaloiak hegazkina hartu eta Europa ezagutzeari ekingo dio aste honetan
Surne Bilbao Basket asteartean, Lointek Gernika Bizkaia asteazkenean eta Saski Baskonia ostegunean, denek kanpoan ekingo diote Europako denboraldiari. IDK Euskotren geratuko da oraindik Europan estreinatu gabe, baina asteazkenean ligari ekingo dio.
Saskibaloi denboraldia martxan jarri baldin bada jarri, orain ez dago geratuko duenik eta aste honetan Endesa Liga martxan jarriko den moduan, Europako lehiaketak ere abian ipiniko dira hiru euskal talderentzat: Surne bilbao Basket, Lointek Gernika Bizkaia eta Saski Baskonia, hain zuzen. Kasualitatea ere izango da, baina hirurek ere etxetik urrun hasi beharko dutenez Europako txangoa, denei hegazkia hartzea egokitu zaie.
Surne Bilbao Basket izango da goiztiarrena, asteartean 18.30etan jokatuko baitu Pragan Nymburk talde txekiarraren aurka FIBAren Txapeldunen Ligari (BCL) dagokion aurreneko faseko estreinako partida. Joan den astean ospaturiko “Media day” delakoan nolabait bigarren mailan jarri zuten bai Jaume Ponsarnauk nola gainontzeko jokalariek, ACB Liga hasteko egokituriko aurkari gaiztoak gogoan. Baina baloia airera jaurti eta gauzak beste kolore batekin ikusten dira orain, batez ere Badalonan eta etxean Betisen aurka garaipena erdietsi ostean.
«Hurrengo jokatu behar ditugun neurketei begira, sekulako konfidantza ematen digu Badalonan irabazteak», onartu zuen Bilbao Basketeko entrenatzaileak. «Denboraldi-aurrean jazo zaigun guztiarekin ezin izan dugu denboraldia nahi bezala ekin, taldeak eguneroko lanaren bidez hazteko arazoak eduki dituelako», gogoan izan zuen teknikari katalanak baina Badalonako «bigarren zatia» eredutzat hartuta aurrera egiteko modua ikusten zuen Tarregakoak.
BCLko D taldean jokatuko dute beltzezko gizonek, erreferentzia larregirik gabeko hiru aurkeriren aurrean. Eurocup garaitik ezaguna eta aurkari izana, Nymburk talde txekiarra da bilbotarren kontrario ezagunena: Petr Benda 40 urteko «aitona» edo Lukas Palyiza hegalekoaz gain, Terling Gibbs, Erick Lockett, Gerel Simmons edo Nate Watson estatubatuarrak izango dira erreferentzia nagusiena txekiarren artean.
Bosniako Igokea edo Turkiako Bahcesehir izango dira beste bi aurkariak. Bosniarren artean De'Shawn Stephens, Kendrick Ray edota Bryant Crawford iparramerikarrek hartuko dute aginte makila, Bosnian sortutako jokalari gazteek –tartean, 16 urteko Ognjen Radosic– eskarmentua hartzen duten bitartean. Turkiarren artean, berriz, jokalari beteranoak dira nagusi: Oguz Savas historikoa, Saski Baskonian aritutako Jaka Blazic esloveniarra, Jamar Smith edo Kartal Ozmizrak, besteak beste.
«Aurreneko postuan amaitzen saiatu behar dugu. Badakit aurreneko amaituz gero ‘play-in’ tarteko kanporaketa jokatu beharrik ez genukeela izango, eta horrek gutxiagio bidaiatu, gehiago entrenatu eta atseden hobeto hartzeko balioko liguke», gaineratu zuen Xavi Rabaseda kapitainak joan zen astean. Kontuan izan behar da Rabasedak badakiela FIBA BCL delakoa irabaztea zer den, Burgosekin lortu baitzuen balentria hori. Baita Emir Sulejmanovic bosniarrak ere, joan zen udaberrian Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferekin nagusi izan baitzen Miribillan jokaturiko Lauko Finalean.
Gernikaren Europako nahia
«Europan jokatzea guretzat oso garrantzitsua da. Ikusi egin behar da Maloste nola betetzen den astean zehar Europako lehiaketa ospatzen denean!». Iaz Salamancan egon zen arren, ongi daki Nogaye Lo Lointek Gernika Bizkaiako pibotak Europak duen garrantzia talde bizkaitarrarentzat. Pasa den denboraldian Mersin Çukurovaren aurkako «segada» eta «lapurreta» ahaztu gabe, orduan ere Gerardo Candina presidenteak garbi zioen NAIZen eginiko elkarrizketa: «Jendeak Europan jokatzea oso gustoko du eta ezin diogu hori kendu. Are gehiago, haserretu eta Europan aritzeari uko egingo bagenio, orduan bai, orduan ‘beraiek’ –Çukurova bezalako taldeak gogoan– irabaziko lukete».
Anberesko Phantoms Basket taldea izango da bizkaitarren arerioa asteazkenean 20.15ean hasita. Zortzi egun geroago, hilaren 12an, ordu berean hasita, erabakiko da zeinek egiten duen aurrera. Iaz serie buru izan ziren bizkaitarrak eta egokitu zitekeen multzorik gogorrenean jokatu behar izan zuten, eta aurten berriz, aurrekanporaketa hau gainditu behar dute, aurreneko faseko ligaxkan Estudiantes, Reyer Venezia eta Alemaniako Ruptronik Keltern taldeek osatzen duten H multzoan egoteko.
Europako hitzordu honen erruz, Endesa Liga atzeratu beharra izan du talde bizkaitarak, hau da, Kutxabank Araskiren aurka Mendizorrotzan jokatu behar zuen euskal derbia. Hilaren 19ra atzeratu behar izan da azkenean. Bestalde, IDK Euskotrenek ere Europan debuta egiten du, K multzoan, baina ez du hilaren 27ra arte jokatuko, Asvel Villeurbanne klub indartsuaren emakumeen taldea izango duelarik aurkari Estatu frantsesean. Aldiz, Endesa Ligako estreinaldia bai jokatu beharko duela hilaren 5ean, Bierzoko Bembibre taldearen aurka 20.00etan hasita.
Kutxabank Araski da elitean ditugun euskal saskibaloi kluben artean Europan aurten ariko ez den bakarra. Gasteiztarrek astelehen arratsaldean biziko dute aurkezpen ofiziala eta denboraldiari datorren zapatuan Mendizorrotzan jokatuko den Superkoparekin hasiko dute.
Arerio intimoak
Saski Baskoniak 2022/23 Euroliga ostegunean hasiko du, 20.30etan hasita. Zer da kontua eta Alex Mumbruk zuzentzen duen Valentzia Basketen kantxan. Hau da, Joan Peñarroyak bere azken talde ohiaren aurka jokatuz izango duelako Euroligako estreinaldia. Azken urte hauetan kantxa barruan eta baita bulegoetan ere talde biren arteko lehiakortasuna eta neurri batean ikusi ezina sustatu bada, gasteiztarren eta valentziarren artekoa izan da bera.
Arerio intimoak, etsai izan gabe ere, Fontetan gurutzatuko direnak. Duela bi urte Fontetan galduta esan zion agur Saski Baskoniak bai Euroligari nola ACB Ligari ere. Iaz, berriz, talde hauen bien arteko dema guztiak etxetik kanpoko taldeak eraman zituen. Ondorioz, Saski Baskonia bera izan zen ACB Ligako finalerdietara urratsa eman zuena Valentziaren kontura.
Biek ala biek ACB Liga irabazten hasi dute; Unicajaren aurka atzetik aurrerako lan bikaina eginez gasteiztarren kasuan, 103-89 gailendu arte; 78-83 Valentzia Basketek Sevillan, Betisen aurka 16 puntuko aldeari ia alde egiten utzi eta gero.
Esan gabe doa talde biek zer hobetua erruz dutela, baina bakoitzak bere estreinaldian emandako irudia aintzat hartuta, gasteiztarrek ez lukete beldurrik izan behar Euroliga honi ekiteko.
Azken batean, Euroligak berak eta webgune berezituek antolaturiko “power ranking” delakoetan Baskonia Top 8tik oso urruti azaldu ohi da, azken postutik askoz gertuago zortzigarrenetik baino. Bere osteguneko aurkariari ere antzekorik opa diete aurreikuspen horiek, baina pasa den Eurobasketean zer jazo zen aintzat hartuta, ez dute askorik balio delako “power ranking” horiek baloia airera botatzen dutenerako.
Bada, hegazkineko txartelak eskuan dituzte euskal taldeek eta hasi dute Europako txangoa. Zer kontatu politik ekarriko al dute etxera bueltan!