INFO
Elkarrizketa
Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs
‘Hondamendia’ antzezlanaren idazlea eta zuzendaria

«Pandemia garaian konturatu ginen indibiduoa pixka bat fiktizioa dela»

Eskuz esku aritu dira Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs ‘Hondamendia’ obra ontzen. Elkarrekiko duten konplizitateak eraman zituen bi sortzaileak duela urte ta erdi bideari ekitera. Urriaren 14an ikusiko du argia antzezlanak Luhuson.

Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs. (Maialen ANDRES - Guillaume FAUVEAU | FOKU)

Tarteka Harkaitz Canok eta Ximun Fuchs-ek izaten dituzten hitz aspertuetako batean sortu zen ideia. «Zaldibarko zabortegiko gertaerarena eta izurriarena, denboran, elkarren gainean jarri ziren bi hondamendi izan ziren. Zabortegiek, gainera, badute gaixotasunarekin loturarik», esan du Canok.

Baina nola eraman antzerkira, nola kontatu? Norbanakoari zen taldeari, biei jarri diete fokua. «Pandemia garaian konturatu ginen indibiduoa pixka bat fiktizioa dela. Izan ere, izaki banatuak garen uste hori oso erlatiboa da. Uste baino konektatuago gaude, azkenean», zehaztu du Canok.

Gidoia agertoki gaineko lanarekin osatuz eta eraldatuz joan da. Bizpahiru asteko egonaldiak egin dituzte Leitzan, Errenterian, Hendaian. «Berak idatzi, eta hortik oholtzara, eta berriz idazketa… joan-etorrian ibili da testua idazkera bera oholtzatik ahalik eta hurbilen izateko, aktoreengandik ahalik eta hurbilen, jostun handiek jantziak egiten dituzten bezala. Eta ahalik eta zehatzen izateko gaiarekin, landutako gaiak gu baino handiagoak baitira. Eskaini ahal dioguna errespetua, lana eta gure izerdirik hoberena da», esan du.

Eta dezente izan du izerditik erditzeak. «Kristoren lana egin dute guztiek, ez sinestekoa!», esan du Canok, miresmenez. «Saio dezentetara joan naiz prozesuaren fase ezberdinetan. Besaulki batean eserita ilunpean nengoen eta guk biok idatzitako eszenaren gainean inprobisazioak egiten dituzte. Oso inprobisazio askeak egiten dituzte. Nire lana izan da antzezlana inprobisazio horietara moldatzea; oso aberasgarria izan da».

Zuzeneko musikaz, bideoz eta dantzaz osatutako ikuskizuna da ‘Hondamendia’. Luhuson ari dira azken asteotan lanean. «Momentuz ez dakigu sobera zer den eta nora goazen. Ez dugu ikusten non dagoen portua ere, baina ongi», aitortu du Fusch-ek barre artean, Axut! taldeak ezaugarri duen lan-prozesuaren erakusle.

Soildu

«Azken egunetan bi ordutik gora zihoan istorioa ordutebete eta 45-50 minutura ekarri nahian ari gara. Hortik behera zaila izango da jeistea, bere tenpoa eskatzen du. Besaulkitik ikusten dituzu gauza asko soberan daudenak. Behar bada dramaturgo peto batek bere buruan egiten du hori dena baina nik hori egiten dut antzokian, saioetan. Hor jabetzean naiz informazio asko kendu daitekeela», adierazi du Canok.

Gozamena izan da idazlearentzat Fuchs lanean ikustea. «Ikusi dut antzerki zuzendari baten idazmahaia –kasu honetan Ximunena– oholtza dela. Zu besaulkian zaudenean ikusten duzu berak ukondoa jartzen duenean bera ere idazten ari dela. Ari da hezur-haragizko pertsonaiekin, argiarekin, musikarekin, irudiekin… idazteko beste modua da, zailagoa zentzu askotan. Orri zurian dagoena abiapuntua da, errezeta, baina horrek mugimendua hartu behar du, gorputza, eta koreografikoa izan behar du. Niretzat oso polita izan da hori ikustea», kontatu du.

«Oso fisikoa da beraien lan egiteko modua. Antzerkia ez da hasten hizketan hastean, lehenbiziko arnasarekin hasten da. Filosofia hori muturrera eramaten dute», jarraitu du.

Pertsonaiak ere elkarrekin definitu zituzten. Dantzaria, irrati-esataria, Zaldibarko langileak, politikariak, enpresariak... gorpuztu dituzte aktoreek. «Garbi geneukan pertsonaien obra bat izan behar zuela, pertsonaiei bizitzan gainera etortzen zaienaren aurreko erreakzioa. Nork bere bizitzatik, esperientzia afektibo, profesional eta sozialetik bizi behar zuela tragedia bikoitza. Ospitaleko giroa, giro domestikoa eta Zaldibarko gertaera ikus daitezke. Azken hau fikzioa da, baina oso garbi dago zertaz ari garen», azaldu du Canok.

Dokumentazioa

Badu dokumentaletik. Eta katarsitik. «Ikusiko dira zuzenean irudiak Ermuan eta Eibarren grabatuak. Nire idazteko modua ere benetako gertaerei heltzea izan da gainera. Baina badago desapegoa ere, fikzioak ahalbidetzen dizu ez bakarrik pertsonaien bizitza domestiko-afektiboa kontatzea, eta hori izatea zentrala baita momentu batean hain grafikoa den inguruneari argi-printzak ematea eta zergatik ez, une batean fartsa eta umorea ere egotea. Hor atzean dagoen kronikaz eta salaketaz gain kontaketa fartsara eta katarsira eramateko ahalegin handia dago. Pasarte gogorrak dauden heinean badaude bestelakoak ere», aitortu du Canok.

Badago gizakiak bere ardurei iskin egiteko daukan joeraren –maila politikoan ala intimoan– hausnarketa ere. «Eta indibidoen arteko harremana nola gauzatu eta artikulatzen den. Eta ondoren, pandemia garaian, baita nola artikulatu eta desartikulatu zen. Pandemia garaiko lekziorik esanguratsuena nik uste hori izan zela, bizimodu baten desartikulazioa eta beste bizimodu baten artikulazioa bideratu nahia. Eta gure borondatea non kokatzen da? Non kokatzen zara zu? Artikulatu behar dugu nahi duten moduan ala guk asmatu behar dugu modu berri bat? Oso abstraktoa izan daiteke horrela esanda, baina askoz konkretuagoa da teatroan», jarraitu du.

Bideoak antzezlanean duen pisuaz, hauxe Fuchs-en hausnarketa. «Bideogintzak pandemia garaian hartu zuen gaina. Elkarrekin komunikau ahal izateko beharrezkoa genuen pantaila-gailua eta horrek gure bizitzaren koadroa markatu zuen. Denak bilakatu gara Mona Lisak elkarren artean komunikatu ahal izateko eta hori ere agertzen da lanean. Zer gara? Nola komunikatzen gara gure artean? Gure hizkuntzak zer leku du gure gizarteko kezketaz egindako kontakizunean?». Galderak eszenan.

Hedabideon jokaerak ere badu presentziarik. «Nola kontatzen dira gertakizunak euskal komunitatearentzat?», eman du pista Fuchs-ek.

Euskal jendartearentzat, euskaraz

6-7 aldiz aritu dira elkarlanean Axut! eta Artedrama. Euskal eszenan bide propioa eta nabarmena egiten ari diren antzerkigileak dira. Ezin ahaztu ‘Zaldi urdina’ ekoizpena, esaterako. «Euskal Herrirako pentsatuak diren ikuskizunak sortzen ditugu. Saiatzen gara aktualitatearekin edo jendearen errealitatearekin bat egiten. Euskal jendartearentzat inportantea dela iruditzen zaiguna saiatzen gara egiten. Airearen zaporea kontatu eta jendearen kezkak oholtzan plazaratu nahi ditugu antzokian euskal komunitate bat egiteko», kontatu du Fuchs-ek. Saiatzen gara egiten iruditzen zaiguna inportantea dena euskal jendartearentzat.  

«Jendea etortzen da horretarako ere, badaki guk kontatzen duguna beste hizkuntza batean ez duela aurkituko. Gehigarria da euskaraz ikustea antzerkia», nabarmendu du.

Luhuson estreinatuko dute lana urriaren 14an. Markina Xemein (urriak 16), Donostia (urriaren 21etik 30era), Eibar (azaroak 1), Arrasate (azaroak 6), Larresoro (azaroak 10), Hendaia (azaroak 18), Bilbo (azaroak 20-21), Hernani (azaroak 22), Santurtzi (azaroak 24), Lesaka (azaroak 27), Zarautz (abenduak 2), Gernika (abenduak 3) eta Leitza (abenduak 11) momentuz lotuta dituzten emanaldiak.