INFO

Alondegiko komunitate artistikoari barne begirada bat

Gela batean, performance-ak bihurtuko diren eskulturak; ondokoan, telefono mugikor batzuetan literaturari buruz ari dira; hirugarrenean, automata batzuk musika egiten. Arte diziplina anitz gurutzatzen dira Bilboko Alondegian eta, Ate Irekiei esker, isilpean egiten diren lanak, agerian geratzen dira.

Elena Aitzkoa eta ‘Ur aitzak’ proiektuaren barneko eskultura. Atrioan dago. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ateak eta leihoak irekitzean, etxe barneko haizea berriztu egiten dugu. Freskatu, ideia berriak sartu. Antzeko zerbait pentsa zitekeen Bilboko Alondegiaren Ate Irekien egunaren esanahiaz, baina agian justu kontrakoa delakoan gaude, egoitzaren barnean ikusitakoaren arabera.

Denboraldi berriaren hasiera eman zaio ostegun arratsaldean Bilboko erdigunean kokatutako ‘sormenaren faktorian’, Azkuna zentroa izen ofiziala duen gunean. Eta urtero bezala, ohi denez, Philippe Starckek modernitate ilun eta barrokora ekarri zuen ardoen biltegi zaharraren barrunbeak plaza bihurtu dira. Kaleko plaza; sortzaileen plaza.

Bertan, urtean zehar ‘kozinatzen’ ari diren proiektu artistikoak aurrez aurre ikusi ahal izan ditu kaleko jendeak. Sorkuntzari laguntzeko programetan dauden artistekin hitz egin, haien lanera hurbildu eta galderak bota ahal izan ditu.

30 proiektu garatzen ari dira Alondegian gaur egun, Fernando Perezek, bertako zuzendariak, aipatu duenez. Batzuei Alondegiak berak egin die proposamena; beste batzuk Babestu izeneko programaren egoiliarrak legez daude. «Hemen ez gara egitaraua egitera soilik mugatzen, sormenaren haztegia garelako. Hemen sormenerako denborak luzeagoak dira: egoiliarrak 2-3 urte egon daitezke lanean». Helburua zein da? «Komunitate artistikoa sortu ahal izatea».

Horren adibide, Blanca Ortiga artista eta arte ikertzailea. Urte bete darama lanean Bat espazioan ‘Shifter!’ proiektua lantzen, ikertzen. Eskulturaren eta performatibitatearen arteko harreman puntuan kokatzen da bere praktika. Zertarako balio izan dio Blancari egoiliar legez egindako tarte horrek? «Tamalez, erakundeek beti lan berriak eskatzen dituzte, eta ez da erraza erakusketak prestatzea. Honek aukera ematen dizu lana garatzeko, ikertzeko, proiektua denboraz prestatzeko, eta denboraz hausnartzeko», erantzuten du.

Ondoko gelan literaturari lotutako lanketa bati ekin zion duela hilabete Isabel de Naveránek. Literatura, olatuak, ahozkotasuna... kontzeptu anitz aipatzen ditu. Urtarrilean beste emakume pentsalariekin batera Alondegian bertan egingo dituen jardunaldiak borobiltzen ari da egun.

Eraikinaren atriora jaitsi eta ‘Ur aitzak’ eskulturarekin egin dugu topo. Alondegia eta Elena Aitzkoa artistaren arteko lanketa bat da. Eskulturak dira, pixkanaka, datozen hilabeteotan, atrioan ‘agertuko’ direnak. Poesia eta eskultura lotu egiten ditu egile honek.

Eta goian, berriz, Jonathan García Lana dago, Tunipanea izena hartu duen ‘luthier esperimentala’, berak dioen bezala. Aurki zabalduko duen erakusketa eta kontzertua (hilaren 19an) prestatzen ari da. Musika, teknologia berriak eta arte garaikidea biltzen ditu egile honek. Cortes kalean lantegia du, lanaren beste zatia Alondegian egiten ari da.

Artisautza eta artearen arteko mugan, automata musikalak sortzen ditu Tunipaneak: esaterako, piano bat ‘birziklatuz’, xilofono antzeko bat sortu du, baten doinupean mugitzen dena... Eta artefaktu hauek sortzen dituzten doinuek konposizio bat dute? Zoriak elkartzen ditu, aipatzen duenez, hori baita bere erakusketaren leloa: ‘Zoriaren barne-erritmoa’.