INFO

Gaurko Iruñea multietnikoan berpiztu du Aingeru Epalzak Edu Saragueta pertsonaia

2000. urtean ‘Rock’n’roll’ eleberria argitaratu zuen Aingeru Epaltzak. Pertsonaia bat agertzen zen bertan, Edu Saragueta. Ordutik irakurle batek baino gehiagok iradoki izan diote hura berpiztea eta aspaldi buruan edukitako asmoa bete du orain ‘Erretzaile damutuen konpainia’ (Elkar) nobela beltzean.

Aingeru Epaltza, ‘Erretzaile damutuen konpainia’ nobela berria aurkezten. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘Erretzaile damutuen konpainia’ Aingeru Epaltzak Elkarrekin plazaratutako nobela beltzak duela 22 urteko ‘Rock’n’roll’ eleberriko pertsonaia bat du protagonista, Edu Saragueta. Idazle iruindarrak azaldu duenez, «Edu Saragueta diferente bat da. Osasuntsuago bizi da, edo behintzat horretan saiatzen da, kirola egiten du, ez du erretzen, alkohol guti edaten du, drogatik urrun bizi da». Horretarako lagunarte berri bat du, liburuari izenburua ematen diona hain zuzen, erretzaile damutuen konpainia.

Bertze gauza batzuk guti aldatu dira bere bizitzan. «Neurri handi batean kaka zaharra da bere bizitza. Sarearen bitartez ligatzera saiatzen da baina arrakasta handirik gabe. Profesionalki langabetua da, iraupen luzeko langabetua, langabezi saria agortu egin du, kotxea saldu behar izan du. Ez bakarrik hori, lehenagoko bizilekua utzi behar izan du eta etorkin auzo batean bizi izan da. Hondamendiaren seinale garbia hori beretzat. Bera da eraikin guztian hemengo bakarra, ez bakarrik euskaldun bakarra». Hala deskribatu du Epaltzak Xabier Mendiguren editorearekin batera egindako aurkezpenean, Donostian.

Kontatu duenez, bat-batean, faboreak zor dizkion lagun baten bitartez lan bat etortzen zaio, zer lan eta komunitate islamiko bati buruzko erreportaje sorta egitea bertako telebista baten kontura. Horrek ateak irekiko dizkio liburu honen trama inportanteenari.

‘Rock‘n’roll’-en hiria aipatzen zuen idazleak, berehala identifikatzen zuten ezagutzen zutenek, baina ez zuen izenik ematen. «Oraingoan, Iruñea agertzen da, Iruñea benetakoa, multietnikoa, non euskaldunok talde bat gehiago garen bertze aunitzen artean», nabarmendu du. Duela 20 urteko Edu Saraguetaren aldean, oraingoa euskalduna da. «Kuriosoa da, egoera soziolinguistikoari ihes egiten dio euskal literatura batek. Alde batetik, ‘erran gabe doa’ hori dago, bestetik narrazioari traba egiten ote dion kezka, baina ‘aurre egingo diot’, pentsatu nuen».

Umorez

Saragueta agertzen den aurreko nobelatik zerbaitek irauten du: umoreak. Drama bat kontatzen da, odola dago, hausturak daude, baina umorez josiak, umore beltzez ere bai, umore gordinez edo gordinegiz, irakurleak erran beharko hori. Aspaldi honetan Cristina Peri Rosi poeta uruguaitarraren antologia irakurtzen aritu da Epaltza, eta izugarri gustatu zaion esaldi bat aurkitu du: Peri Rosik inoiz ez dio umoreari uko egiten poesia idaztean. Oso solemnea da poesia, eta hala ere ez dio umoreari uko egiten, egoa apaltzen duelako, biziminari transzendentzia kentzen diolako eta adimenari ere laguntzen diolako.

Izenburuak ere badu umoretik. «Lagunartea da, Eduri gelditzen zaion bakarra. Kirola egiteko biltzen dira eta baita astean behin hamaiketako bat egiteko ere, ostiraletan. Edurentzat alkohol pixka bat edaten duen aukera bakarra da. Konpainia honetan bada oso fauna berezia, ez dira bakarrik fumatzaile ohiak, erretzaile ohiak ere badira, ez bakarrik tabakoa, gauzak ere erre dituztenak: bada militante ohi bat, sindikalista ohi bat, bankari ohi bat, eta okerrena, bada OTAko zaintzaile bat ere, pertsonaiarik gorrotatuena», kontatu du idazleak irri artean. Pertsonaia nagusiaren bueltan dabiltza baina haien artean ere gauzak gertatzen dira.

Nafarroako komunitate islamiarra

Mendigurenek, Epaltza «idazle maisu bat» dela azpimarratzearekin batera, beren lan hau ez dela nobela beltzaren prototipoan sartzen esplikatu du. Nobela beltzek  hasiera indartsua izaten dute; hemen, berriz, lehenbiziko hilotza berandu agertzen da. Epaltzari inportantea iruditzen zitzaion aurretik girotzea.

Nafarroako komunitate islamiarrak protagonismo handia du. «Dokumentazio lan pixka bat egin dut, batez ere mezkitak eta haien elkarteak non dauden eta nolakoak diren. Islamaren eta haren inguruko kontu batzuen gainean irakurri dut. Zapiaren kontuaz, adibidez».

Gaur egun bi jarrera daude aurrerazaleen artean: batzuei errespetatzeko modukoa iruditzen zaie, identitatearekin lotzen delako; bertze batzuk, islamiar izandako batzuk ere bai tartean, asaldatu egiten dira zapiarekiko ulerberatasun horrekin, menderakuntza tresnatzat dutelako argi eta garbi. Zapiak protagonismoa du liburuan. «Badakit hor bustitzen naizela franko. Uste dut bat egiten dudala pertsonaiarekin», aitortu du Epaltzak.