INFO

Eric Irastorzak Hondarribiko txapelarekin amaitu nahi du bere profesional ibilbidea

Erkiaga lagun, Bidarteko atzelariak Barandika-Lopezen aurka jokatuko du Jostaldiko Grand Slamaren finala

Finalean parte hartuko duten pilotariak material aukeraketan. (@JaiAlaiEstilo)

Final guztiak dira bereziak eta Hondarribiko Grand Slamarena ez da salbuespena, bai, ordea bereziagoa, larunbat honetakoa izango baitu Eric Irastorzak, 46 urterekin, Bidasoaz hegoaldera, profesional gisa, jokatuko duen azken partida (18.00etan). Erkiaga lagun, Barandika-Lopezen aurka jokatu beharko dute oso orekatua aurreikusten den partidan. Aurrekariek hala diote, eta ligaxkan hirugarren seta behar izan zuten gernikarrak eta zumaiarrak garaipena eskuratzeko.

Garaipena eskuratuko balu, Aritz Erkiagak udako bigarren Grand Slama kateatuko luke eta udako aurrelaririk onena izango litzateke, urri amaieran Biarritzen jokatuko den Mundialerako konfiantza handia emango liokeen garaipena, baina bereziki Irastorzarekin irabazteak poztuko luke Ispasterkoa. «Izugarri gustatuko litzaidake berarekin txapela janztea, bi urte badira elkarrekin jokatu nahi genuela, baina arazo fisiko desberdinengatik ez da posible izan. Miamin urte asko egin genituen elkarrekin eta oso harreman ona dugu eta ilusio ikaragarria egiten dit final hau berarekin jokatzeak. Ea bere Hegoaldeko ibilbidea txapela batekin amaitzerik duen, jendeak ikus dezan ez duela arrastaka amaitu. Bere ibilbide osoan goren mailan aritu da eta azken partidetan ere halaxe ari da. Eta txapela lortzerik ez badugu, gutxienez itxura ona emanda eta pozik amaitu dezala», azaldu zuen.

Horretarako, Erkiagak argi dauka erasoan arriskuak hartu beharko dituela. «Atzean Lopezek gutxitan egiten ditu opariak, beraz, sarea nahiko gertu egoteari etekina atera beharko diogu ondo errematatzen saiatzeko».

Erreferente bat

Imanol Lopezek ere ez du ezkutatzen Hondarribikoa partida berezia izango dela. «Irastorza sekulako pilotaria da, zestak asko zor dio. Pertsonalki, aurrean izateak eta berak irekitako bideak asko lagundu didate aurrera egiten. Une oso onak bizi izan ditugu kantxan eta kantxetatik kanpo eta pena ematen dit uzteak. Baina berak esaten zidan erreleboa eman beharra dagoela eta zaila izan arren, belaunaldi berriei lekua egin behar zaiela. Pribilegiatu batzuk izan gara kirol honetan eta edozeinek irabazita ere, elkar besarkatuko dugu, guztiaren gainetik lagun handiak gara eta».

Hori bai, zumaiarrak ere udako bigarren Grand Slama nahi du eta argi du horretarako zein izan behar den euren estrategia. «Batez ere Aritz jokoan sartzea eragotzi behar dugu, min ikaragarria egiteko gai da eta, baina garrantzitsuena guk gure jokoa ondo egitea izango da»