INFO

Igande honetan, 'Esku Artean': literatura, aktualitatea eta kotileoa

Erredakzio batean elkar ezagutu zuten eta literatura izan zuten harreman zubi. Pandemian 'Esku Artean' podcasta sortu zuten eta igande honetan egingo dute salto NAIZ irratira. Urduri daude Ibargutxi eta Rezabal, «agian lehen haterrak izango ditugu?».

Amalia Ibargutxi eta Garazi Rezabal (Sutan Bang )

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


'Esku Artean' podcastak bidea egingo du igande honetatik aurrera NAIZ irratian. Sutan Bang kolektiboko Amalia Ibargutxik eta Garazi Rezabalek gidatuta literatura aitzakiatzat hartuta hariari tira egingo diote hamabostero. Baina hau ez da ohiko literatura saio bat. «Ez da Sautrela» dio Ibargutxik, «literatura bai, literatura intelektuala, ez!» leloa atera zaio barru-barrutik Rezabali. NAIZ irratian egindako elkarrizketan eskapatu zaie Bernardo Atxagaren libururik ez dutela landuko, elkar begiratu dute eta Ibargutxik, zera: «esango dut?» eta besteak buruarekin baietz. «Ba niri ez zait Bernardo Atxaga gustatzen» aitortu du Amalia Ibargutxik. (Boom!)

Hau film bat balitz isilune bat beharrezkoa litzatekela esango luke zuzendariak ikusleak gertatutakoaren digestioa egin dezan. Baina hau NAIZ irratiko estudioetan gertatutakoaren kronika da, eta irratian isiluneek ez dute leku askorik, eta are gutxiago, estudioan Ibargutxi eta Rezabal badaude. Isilik egoteko itsura gutxi du bikote honek. Ederki moldatzen dira biak mikrofono aurrean eta gutxi behar dute hitz egiten hasteko; «gure gidoiek lau puntu dituzte, eta horrekin nahikoa dugu. Baina ez pentsa inprobisazioan oinarritzen garenik, eh? Ez. Aurretik asko hitz egin eta hausnartzen dugu jorratuko dugun gaiaren inguruan».

Gai bat aukeratzen dute saio bakoitzeko eta gai hori jorratzen duten hainbat liburu proposatzen dituzte. Literatur komentarioetatik harago, liburu horrek sortarazi dienari buruz hitz egingo dute «ez gara irakurri dugun horrekin soilik geratzen, baizik eta irakurri dugun horrek zer erakutsi digun eta horren inguruan zer pentsatzen dugun kontatzen dugu.  Dezente bustitzen gara», Rezabalek. Baina argi, «ez dugu lekziorik eman nahi, soilik gure entzuleak gonbidatu nahi ditugu guk hausnartzen dugun gaien inguruan ere lanketa bat egitera». Eta hau dena egiten dute aktualitatea alde batera utzi gabe. Hariari tira egiten diote, literatura aktualitatea eta bizitza bera josiz. «Eta kotileoak era bai» ohartarazi du Rezabalek. Hori ere ez da faltako.

Lanean ezagutu zuten elkar Amalia Ibargutxik eta Garazi Rezabalek, eta denborarekin lehena, bigarrenaren literatur aholkulari bihurtu zen. Eta justu, pandemia aitzin suertatu zitzaien literatur podcast bat egitearen ideia. Pentsatu eta egin. Pandemiak ez zituen geldiarazi, bideo dei bidez egin zituzten hasierako saioak, Agatha Christie idazleari eskaini zioten lehena. Pandemia bukatuta aurrez aurrekoak egin zituzten saioak, bideoan grabatu, Sutang Kolektiboaren proiektua baita hau, eta orain beraien youtubeko kanalean daude zintzilik. 

Beraz gai bat aukeratu eta horren inguruko liburu sorta bat proposatzen dute aldiro, premisa bakarra dago: liburuak beraien gustukoak behar dute izan. «Mundua zabala da eta liburu asko daude. Liburu bat ez bazaigu gustatzen uzten dugu. Hori da gure filosofia» esan du Ibargutxik.

'Esku Artean' podcastak beste urrats bat emango du orain, NAIZ Irratira egingo du salto. Iusioz hartu dute aldaketa, «egia esan pixkat urduri nago, beti egon gara gure zona eroso horretan, gure betiko ikus-entzuleekin» aitortu du Rezabalek, eta orain entzule berrietara iritsiko dira NAIZ irratiaren bidez. Lehendabiziko saioa igande honetan izango da, eta aurreratu dute prestu duten aurkezpenarekin entzuleak segituan nabarituko duela saioarekin konektatuko duen edo ez. «Gu oso gustora geratu gara» dio Ibargutxik. Iritzia eman aurretik baina, lehendabiziko lana da saioa entzutea: igande honetan, ‘Esku Artean’  NAIZ irratian, iluntzeko 21:00etan. Ondoren, NAIZ irratiko webgunean eta podcast plataformetan.