Aukera eta betebeharra Eibarrentzat
Armaginek bisitari kaskarrena hartuko dute, etxetik kanpo puntu bakarra ere lortu ezinda dabilen Mirandes, alegia. Irabaziz gero, lehen postutik puntu batera geratuko lirateke baina galduz gero, seigarren postuan kokatuta jokatu beharko lukete hurrengo bi partidak, biak Ipuruatik urrun.
Berriro ere jardunaldiari amaiera emango dio Eibarrek. Mirandes hartuko du Ipuruan astelehen gauean (21.00) aukera eta betebeharra batzen dituen norgehiagoka jokatzeko.
Badaude baikortasunari eusteko arrazoiak. Hasteko, armaginen ibilbidea Ipuruan. Etxean partida guztiak irabazi duen talde bakarra da Gaizka Garitanorena, azkenean, Racingen kontra jokatutakoan, eskaini zuen irudiak zaleak guztiz konbentzitu ez bazituen ere. Gorri-urdinen zenbakiek talka egiten dute Mirandesek Anduvatik urrun lortu dituenekin. Izan ere, Bigarren Mailako bisitari ahulena da, hiru partidatan ez baitu punturik lortu eta gola egiterakoan ere arazoak ditu, bakarra egin baitu.
Aukeratzat har daiteke neurketa, beraz, are gehiago jardunaldia orain arte nola joan den kontuan hartuta. Eibarren aurretik zeunden hiru taldeen artean (Alaves, Las Palmas, Cartagena) puntu bakarra eskuratu dute. Mirandes gaindituz gero, beraz, bigarren postura igoko lirateke armaginak, Las Palmasekin berdinduz eta Alaves liderretik puntu batera geratuz.
Baina aukera aprobetxatzera behartuta dago Eibar. Igo nahi duen talde batek puntu asko eskuratu behar dituenez gain, estatistikek eta jardunaldian orain arte gertatu denak, betebehartzat hartu daiteke. Eibarren etxetik kanpoko estatistikak begiratuta, hain zuzen ere, bidaiei hain probetxu gutxi ateratzen duen taldea izaki, ez dago etxean ezer oparitzeko moduan. Gainera Ipuruatik urrun jokatuko ditu hurrengo bi partidak (Ibizan ostegunean eta Xixonen datorren astelehenean) eta bisitari ibilbidea ez badu sendotzen, astea oso mingarria izan daiteke. Batez ere, aurretik zihoazen aurkariek lortu ez dutena, atzekoek eskuratu dutelako 9. jardunaldi honetan. Momentuz, Granadak gipuzkoarrak harrapatu eta Sportingek eta Burgosek gainditu egin dituzte.
Garitanok eskertzen du Ipuruara itzultzea, ordutegia zaleak biltzeko onena ez bada ere, eta partidaren garrantzia onartu du, «oso aste exijenteari hasiera» emango diolako eta «aurreko partidan lortu genuen puntua ona egin» nahi duelako bere taldeak. Norgehiagoka gogorra izan zen La Romaredakoa eta, aurrekoei jarraituz, Eibar garaipena eskuratzetik oso urrun geratu zen baina entrenatzaile bizkaitarrak bere taldeak erakutsitako «sendotasuna» gogoratu du. «Goiko postuetan egon nahi baduzu, oso garrantzitsua da sendoa izatea eta Zaragozan urrats handia eman genuen bide horretan, 70 minutu 10 jokalarirekin eta hogei bederatzirekin jokatu eta golik jaso ez eta, gainera, eskaini genuen sendotasun irudia eskainita, aurrerapauso bat da». Garitanok «arlo horretan falta zaizkigun gauzetan hobetzen jarraitu behar» dutela esan du baina «edukitzen dugun freskotasun eta alaitasun ofentsiboak mantenduz, jartzen dugun erritmoa mantenduz, gora heltzea, golak sartzea…».
Guzti hori bateratzen saiatuko dira gipuzkoarrak Mirandesen aurka. Bisitari ahula, ahulena, izan da orain arte baina Garitanoren esanetan «etxetik kanpo edozeini irabazteko gai dira. Partida on bat egin beharko dugu irabazi nahi badugu, gurean zentratuz baina aurkariaren indarrak kontuan hartuz. Asko dira eta kalitate handia daukate, batez ere zelaierditik aurrera min egin dezaketen talentu handiko jokalari gazteak ditu».
Eibar baja dezenterekin iritsiko da neurketara. La Romaredan txartel gorria ikusi ondoren, bi partidako zigorra jarri diote Venanciori eta batekoa Javi Muñozi. Badirudi Rios Reina oraindik ez dela errekuperatu eta zalantza handiak daude Chemaren inguruan ere. Aketxek ez du taldekideekin entrenatu baina baliteke gutxienez deialdian sartzeko prest egotea eta Berrocalek Zaragozan izandako lesioa susto baten geratu omen da. Hamaikakoan errepikatu dezake atzelariak.
Aldaketak aurrealdean egongo lirateke: Aketxek bete dezake Javi Muñozen hutsunea edo, Stoichkov erdira mugitu eta Quique sartu taldean ezkerrean aritzeko. Leschukek, bere aldetik, Bautista ordezkatu dezake puntan.
EIBAR
Hasierako hamaikakoa: Yoel; Tejero, Berrocal, Arbilla, Imanol; Sergio, Matheus; Corpas, Stoichkov, Quique; eta Leschuk.
Bajak: Venancio eta Javi Muñoz, zigortuta.
MIRANDES
Hasierako hamaikakoa: Herrero; Raul Parra, Navas, Martin, Salinas; Oriol Rey, Prados, Pinchi; Marcos Paulo, Roberto eta Raul.
Bajak: Simon Moreno, Gelabert eta Michelis, lesionatuta.
Epailea: Garcia Verdura (Katalunya).
Zelaia: Ipurua.
Ordua: 21.00 (LaLiga Smart TV).