INFO

Gasteiz, Foronda eta Loiuko aireportuen arteko linea berriak 13 zerbitzu izango ditu egunean

Gasteiz eta Bilboko metropolialdea lotuko dituen autobus lineen emakida bateratua aurkeztu dute. Autobus erosoagoak eta seguruagoak, ordutegi zabalgoak, prezio merkeagoak eta ohiko bidaiarientzako bonuak eta aireportuen lotura zuzena izango dira berrikuntza nagusiak.

Bizkaibuseko autobus bat Loiurantza (Marisol Ramirez | FOKU)

Carlos Ibarlucea Arabako foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren diputatuak eta Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren diputatuak astelehen honetan aurkeztu dute Gasteiz eta Bilbo lotuko dituen autobus lineen emakida bateratuaren aurreproiektua. 2023ko udaberrian itxiko da eta 2024ean jarriko da martxan.

Aldaketa nagusienetako bat Gasteiz hiria Forondako eta Loiuko aireportuekin lotuko duen linea erregular berri bat sortzea da, udako hilabeteetan noranzko bakoitzeko 13 zerbitzu emango dituena. Ibilbidearen zati nagusiena Arabatik igaroko da, eta, ondorioz, Arabako Foru Aldundiak izango du linea berri horren gaineko titulartasuna eta eskumena.

Ibilgailu berriak erosoagoak, seguruagoak eta eraginkorragoak izatea aurreikusten dute; wifi eta USB kargagailuak dituztenak, eta maletategian bizikletak garraiatzeko ainguraketa bereziak dituztenak. Irisgarritasuna ere hobetuko da, mugikortasun urriko pertsonen mugikortasuna errazteko.

Aldaketak egongo dira prezioan ere. BAT, BARIK eta MUGI txartel arrunten prezioan %20ko deskontua egingo da, eta edozein txartel erabili ahal izango da, orain arte ez bezala. Ohiko erabiltzaileentzako bonoei dagokionez, txartel arruntaren %25eko gutxieneko deskontua egingo zaio publiko orokorrari eta %30eko deskontua 26 urte arteko gazteei.

Autobidetik doan A3714 Bilbo/Gasteiz linearen maiztasuna areagotzea izan da orain arte egindako eskari handienetako bat. Aurreproiektuan hori kontuan izan dute, eta ordutegi zabalagoa eskainiko dute, eguneko azken orduetan bidaia gehiago eginez.