INFO

Min hartuta dagoen Urrizaren hutsunea izango du aurtengo Binakako erremonte txapelketak

Azken hamalau txapelketetan aritu den iruindarra, zazpi alditan txapela jantziz, ez da erabat osatu eskumuturrean izandako lesioaz eta beste hiru aste eman beharko ditu kantxetatik at.

Txapelketan arituko diren pilotariak gaurko aurkezpenean. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Inork entzun nahi ez zuen berria konfirmatu da gaur Orona Ideon egin den 52. Binakako erremonte txapelketaren aurkezpenean eta Javi Urriza txapeldun handiak uko egin behar izan dio aurtengo edizioan jokatzeari lesio baten ondorioz. Buruz Burukoan mindu zuen eskuin eskumuturra ez zaio erabat osatu eta beste hiru aste eman beharko ditu kantxetatik at. Aurrelari iruindarrak azaldu duen eran, «inoiz ez nuen hutsik egin Binakakoan, 14 urte daramatzat profesionaletan eta urtero jokatu nuen». Urte horietan guztietan zazpi txapel ere jantzi ditu nafarrak, azkena iaz bertan, eta ezin izango du iaz Labakarekin lortutako garaipen horren defentsa egin.

Izar handienetako bat faltako den arren, Oriamendiko beste erremontista nagusiak txapelketan izango dira, bost bikotetan banatuta. Azken ordura arte zain egon ondoren, enpresak aldaketak egin behar izan ditu, baina ahalik eta bikoterik parekatuenak osatu ditu: Ansa II-Juanenea, Ezkurra II-Martirena, Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Aldabe-Azpiroz eta Segurola-Larrañaga.

Ligaxka, berrikuntzekin

Txapelketa larunbat honetan hasiko da eta lehenengo partidan Segurola eta Larrañagak, Aldabe eta Azpiroz izango dituzte aurrez aurre. Bost bikote hauek ligaxka bat jokatuko dute denak denen aurka, abenduaren 27a bitarte, baina aurtengo ligaxkak berrikuntzak dakartza.

Ligaxkako bikote onenak finalerako txartela lortuko du zuzenean, bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdietarako txartela lortuko dute eta azken bi sailkatuak kanporatuak izango dira. Beraz, ligaxkak garrantzia irabazten du.

Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia abenduaren 24an, Eguberri egunean, jokatuko dute eta ligaxkaren irabazleak zain izango du kanporaketa horretako garailea abenduaren 29an.

Jaialdia Altsasun

Bestalde, Oriamendi 2010 Nafarroara, Altsasura zehazki, itzuliko da frontoi motzeko pilotaleku batera. Jaialdiak bi partida izango ditu arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Lehen partidan Loitegi-Zalduak Etxarri-Martirenaren aurka jokatuko dute eta estelarrean Aldabe-Barrentxeak eta Ezkurra II.a-Azpirozek neurtuko dituzte indarrak.