INFO

Hiru Hiriburuak txapelketako finalistak, «ilusioz» eta beste txapel bat janzteko gogoz

Olatz Arrizabalaga-Andrea Capellan eta Amaia Aldai-Nora Mendizabal bikoteak neurtuko dira final handian. Hiru hiriburuak txapelketa aurtengo sasoian abiatu da eta aurreko partidak Gasteiz eta Bilbon jokatu ostean, Donostian jokatuko da finala. Lau pilotariek ondo dakite txapel bat irabaztea zer den.

Finalistak, Donostiako udaletxean eginiko aurkezpenean. (EMAKUME MASTER CUP)

Azken urteetan beste pilotaleku handiago batzuek lekua kendu dioten arren, historikoki final handienei lotutako pilotalekua da Donostiako Atano III.a. Bada, igande honetan bere betiko protagonismoa eta distira berreskuratuko du Anoetako frontoiak, bertan jokatuko baitira emakumezkoen Hiru Hiriburuak txapelketa berritzaileko lehen finalak. Hilario Azkaratetik hasi eta Atano X.a bera, Lajos, Retegi I.a, Bengoetxea III.a, Retegi II.a, Tolosa, Galarza III.a, Eugi, Beloki, Barriola, Martinez de Irujo, Olaizola II.a edo Oinatz Bengoetxearaino, hamaika izan dira bertan txapelak jantzi dituzten pilotari mitikoak. Aldiz, igande honetan lehen aldiz, bi emakumek jantziko dituzte historiaz betetako eszenatoki mitiko honetan.

Euren palmaresa handituko dute lau emakume hauetako bik. Olatz Arrizabalaga-Andrea Capellan eta Amaia Aldai-Nora Mendizabal izango dira ikusmin handia piztu duen final honetan egongo diren lau pilotariak. Igandean 12.00etan hasiko da eliteko finala baina pilota festa ez da goizera mugatuko, arratsaldez gainontzeko mailetako finalak ere jokatuko baitira Atano III.ean (pilota goxua nagusien maila, pilota mistoa gazteak eta pilota goxua gazteak).

Ostiral honetan egin zen pilota jaialdi honen aurkezpena Donostiako udaletxean eta eliteko finala jokatuko duten pilotariak ilusioz gainezka azaldu ziren halako leku batean final bat jokatzeko aukera izateagatik. Partidak, gainera, handia izateko osagai guztiak ditu. Alde batetik, Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldairen arteko finalak dagoeneko klasiko bat bihurtu dira, beti dira bereziak eta ikuskizuna bermatuta egoten da, kantxatik at oso lagunak diren arren, takoak jantzita irabazle petoak baitira biak. Gainera, udan zehar San Mateo torneoa irabazi zuten gernikarrak eta errioxarrak eta Nafarroako Foru Komunitatea dimoztarrak eta andoaindarrak, beraz, elkarrekin txapelak janztea ondo dakite bi bikoteen arteko lehia izango da igandekoa.