INFO

Onkologikoak «bizirik» behar duela aldarrikatu dute Donostian

Jende andana batu da Onkologikoa bizi dadila aldarrikatzeko Donostian egin den manifestaziora. Minbizia artatzeko zentroa «gutxiegi» erabiltzen dela kritikatu dute, eta eskaera bikoitza egin diete arduradunei: optimizatu ditzatela baliabideak eta zentroa Osakidetzan integratu dezatela.

Onkologikoko Paziente eta Erabiltzailearen batzordeko kideak izan dira manifestazioaren buruan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Onkologikoa «osoa eta monografikoa» izan dadila eskatzeko, milaka lagunek egin dute bat minbizian espezializatutako zentro honetako paziente, erabiltzaile eta langileek deitutako manifestazioan. Inurri elkartearen pankartak laburbildu du larunbat eguerdi honetako mobilizazioaren funtsa: «Onkologikoa bizirik, guk bizirik irauteko».

Zehazki, Onkologikoa bizi dadila aldarrikatu dute iritzi dutelako zentro hau «hiltzen utzi» dutela. «Garai batean, bertan egiten zen dena: minbizia detektatu, beharrezko probak eta tratamendu guztiak, eta oso azkar egiten zen dena. Hori galtzen ari da Onkologikoa hiltzen uzten ari direlako. Tresneria dago, puntako aparatuak jendea artatu eta sendatzeko, baina ez dituzte pazienteak bidaltzen bertara. Horregatik, ohe hutsak daude, kirurgiak ez dira egiten, eta anestesistak, zirujauak, medikuak, ginekologoak, onkologoak... ezer egin gabe gaude. Gure bizitzekin jolasten ari dira, eta hori ezin da onartu», adierazi dio NAIZeri Elenita Guineak. Bularreko minbizia du Guineak eta ondo ezagutzen du Onkologikoko errealitatea.

Zentroa «hiltzen» uzten ari diren horiei ardurak eskatu dizkiete mobilizazio jendetsuan: ‘Kutxa, escucha, Oncológico en lucha (Kutxa, entzun, Onkologikoa borrokan)’ eta ‘Sagardui, gezurrik ez’, egin dute oihu protestan.

Izan ere, ostiralean baieztatu zuen Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak Onkologikoak ez diola zentro monografiko izateari utzi. «Ez da egia esaten ari, beraiek badakite ez dela horrela –gaitzetsi du Guineak–. Guk demostratu dezakegu galtzen ari dela zentroaren izaera monografikoa, zeren jende pila bat joaten gara, eta tamalez jende pila bat joango da. Ez dakit zer onkologikotan dabiltzan beraien gertukoak, baina gurean ez, Donostiakoan ez».

Onkologikoko Paziente eta Erabiltzaileen Batzordeko kideak eta zentro horretako enpresa batzordeko lagunek gidatu dute manifestazioa. Donostialdeako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformakoak ere han izan dira, baita Iñurri elkartekoak ere. Tartean, milaka herritar eta atzean, txaranga bat manifestazioari musikaz bultzaka.

«Txaranga jotzen ari al da?», galdetu du manifestazioaren lehenengo pankarta heltzen ari zen emakumeetako batek. Ondokoak erantzun dio: «Bai, baina atzean dago, ez dugu entzuten. Hemen jende pila bat dago!».

EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta LAB sindikatuaren babesa jaso du manifestazioak, besteak beste.

«Gutxiegi» erabiltzen da

Mobilizazioaren amaieran, Zuloaga plazan elkartu dira denak. Han irakurri dute manifestua bi kidek eta salatu Onkologikoa «gutxiegi» erabiltzen dela, jakinik ere minbizian espezializatutako osasun-baliabide bakarra dela EAEn. «Horrek eragin zuzena du kalitatearen murriztean eta prozesu kirurgikoetako atzerapenetan. Eta itxaron zerrendetan: azken urteetan %20 hazi dira», nabarmendu dute.

Onkologikoa indartzearen aldeko manifestazioa bukaerara iristen, Zuloaga plazara. (Maialen ANDRES/FOKU)
Onkologikoa indartzearen aldeko manifestazioa bukaerara iristen, Zuloaga plazara. (Maialen ANDRES/FOKU)

Gogorarazi dute 1933an sortu zenetik, Donostiako zentroak «modu integral» batean tratatu dituela gaixotasun onkologikoak, «diagnostikotik hasi eta proposamen terapeutikoraino; baita kirurgia ere, beharrezkoa zen kasuetan». Prozesu horiek «azkarrak» zirela esan dute, profesionalek «arreta-estilo propioa» zutela, eta paziente nahiz herritarrek lan hori aintzatesten zutela.

Egoera oso bestelakoa da, ordea, Lakuako Osasun sailak 2019ko urtarrilean Onkologikoa Osakidetzarekin lotu zuenetik: «Ia ez du jarduera kirurgikorik eta %10-15 arteko ospitaleratzea du». Baliabideak gutxiegi erabiltzea «lotsagarria» dela uste dute, are gehiago «itxaron-zerrenda onartezinak pilatzen dituen osasun-egoera batean». Hori dela eta, «baliabideen optimizazioa» lehenetsi behar dela iritzi dute.

Bi helburu argi bilatzen ditu gaurko protestak, zehaztu dutenez: «Botere publikoei eskatzea lau urteko loturaren ondoren Onkologikoaren etorkizuna defini dezatela, berezko duen izaera monografikoa errespetatuz. Era berean, Onkologikoa euskal osasun publiko sisteman erabat integratzea aldarrikatzen dugu. Integrazio horrek, asistentziaren esparruaz gain, Onkologikoan gure jarduera egiten dugunok kontuan hartuko dituen integrazio organikoa izan behar du».

Lakuako Osasun sailari eta Kutxa Fundazioari zuzendu zatzaie azkenik, eskatzeko defini dezatela Onkologikoko asistentzia eredua eta bertako langileen jarraitasuna berma dezatela, hauek Osakidetzako ereduaren barruan integratuz.

Dantza saio batekin eta denak batean ‘Txoria txori’ kantatuz amaitu dute larunbateko mobilizazioa, ardura dutenek entzungo dutenaren baikortasunarekin.