INFO

Jokin Altunak lehen garaipena erdietsi du izterreko minez bukatu duen Peñaren aurka

Markagailuan aurretik zela (12-14) izterrean mina sentitu du Peñak eta aldageletatik bueltan, apenas erantzun ahal izan ditu Altunaren kolpeak (22-16). Ordura arte partida lehiakorra izan da. Altuna III.ak Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du hurrengo igandean; ikusi behar ea Peñak jokatu ahal duen.

Altuna III.ak ezin izan du partida apurtu Peñak mina sentitu duen arte. (Raul BOGAJO | FOKU)

Batek jakin Jon Ander Peñak izterrean zaintiratua sentituko ez balu. 11-14 irabazten zegoela, Altuna III.aren hamabigarren tantoan sentitu du mina tolosarrak eta bi aldiz pentsatu gabe erretiratu da aldageletara. Alarma guztiak piztu dira, udaran ere arazo muskularrak tarteko, kantxetatik at egon izan behar baitzuen zenbait astez.

Itzuli da pilotalekura baina ezin izan dio eutsi Jokin Altunaren jokoari. Partidaren lehen zatian ondo baino hobeto erantzun du Baikoko pilotariak. Bera hasi da agintzen (0-2) eta Amezketakoak segituan berdindu duen arren, deseroso aritu da zenbait tantotan, ezin izan baitu partida apurtu.

4-0eko partziala ezarri du Aspekoak –7-3koan ezker-eskuin mugiarazi du tolosarra, akitzeraino– baina oraindik partida bizirik zegoela erakutsi du Peñak. Zabalera jokatuta, sakea berreskuratu du eta 4. pilotarekin sekulako mina eman dio Amezketakoari. Abiadura izugarria eman dio sakean eta errestoan, 1-8ko partziala sartuta.

Amezketarraren bederatzigarren tantoan, erabat behartuta erantzun du Peñak eta 2. pilota jokora aterata, 11 tantora berdindu du partida Altunak. Dena dela, tolosarrak ezker paretean ederki utzitako pilota bati esker, sakea bereganatu du eta berriro ezarri du partzial nabarmen bat (0-3koa).

11-14 jarri da partida unerik erabakigarrienean. Altuna ere urduri samar ikusi da baina 12-14koarekin iritsi da inork nahi ez zuena: Peñaren lesioa. Izterrean sentitu du zaintiratua eta partida bukatzean azaldu du «beldurrez» jokatu duela bigarren zatia: «Zentzun jokatu behar da horrelakoetan eta ez nuen nahi gehiegizko esfortzua eginez gero bi hilabete kantxetatik kanpo geratu».

«Puntuarekin pozik nago baina baita penatuta ere. Inori ez zaio gustatzen min hartzea, ezta arerioa baldin bada ere», onartu du Jokin Altunak ETB1eko mikrofonoetan. Bertan, adierazi du hasieran «deskolokatuta» jokatu duela eta kosta egin zaiola, Peñak oso aurrean jokatu duelako.

Hurrengo asteburuan, Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du Altunak, Donostian. Peñak, berriz, jokatzeko moduan baldin balego, Dario izango du aurkari, bizi ala hil izango den neurketan.

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a: 22

Peña II.a: 16

Pilotakadak: 135. Iraupena: 54:47. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 7-3, 7-5, 8-5, 8-11, 11-11, 11-14, 17-14, 17-15, 18-15, 20-16, 22-16. Egindakoak: 13 Altunak eta 13 Peñak. Bi paretak: 1 Altunak eta 2 Peñak. Dejadaz: 3 Altunak eta 2 Peña. Airez: 5 Altunak eta 8 Peñak. Moztuak: 3 Altunak eta 1 Peñak. Luze joak: 1 Altunak eta 0 Peñal. Galdutakoak: 3 Altunak eta 9 Peñak. Gorabeherak: Ogetan jokatutako partida, espero baino publiko gutxiago.