Paul Urkijo: «Ohore bat da euskal kultura kanpora eramatea, bidaiatu dezan»
Ahoz aho zebiltzan zurrumurruak egiaztatu egin dira: Paul Urkijoren bigarren lana, ‘Irati’ filma, indartsu dator. Horren iragarpena da euskal mitologian oinarritutako filmak larunbatean Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian bi sari jaso izana. Sitgesen bertan mintzatu gara Urkijorekin.
Sitgeseko Kataluniako Zinema Fantastikoaren 55. edizioko Sail Ofizialean proiektatu eta txalo eta laudorioak jaso ostean sare sozialetan Publikoaren Sari Nagusia irabaz zezakeela iragarri zutenek bete- betean asmatu dute. Paul Urkijo gasteiztarraren bigarren filma, euskal mitologian oinarritutako ‘Irati’ lan epikoa, hain justu, sari horren irabazle suertatu baita, publikoaren onespena adierazten duena. Horrez gain, sari tekniko bat eman diote, VFX Efektu Berezi Onenena, azken hau ex aequo jaso du “Hatching (Ego)” filmarekin batera.
Larunbat goizean epaimahaiak ezagutarazi zuen palmaresetik bi albiste nabarmendu daitezke: bat, inolako zalantzarik gabe, Jalmari Helanderbi finlandiarraren ‘Sisu’ film belikoa aurtengo edizioko irabazlea suertatu dela –lau sari garrantzitsuenak jaso zituen–; bigarrena, ‘Irati’ film historiko eta fantastikoak jendaurrean eta jaialdien zirkuituan eman duen lehen pausoa ezin pozgarriagoa izan dela.
Paul Urkijo Sitgesen harrapatu zuen NAIZek eta lehen proiekzioak (aurreko igandekoa eta astelehenekoa) nola bizi izan zituen galdetuta honela erantzun zuen: «Goizean izan genuen lehen proiekzioa, 8.30ean edo, eta hor txaloak egon ziren filma ematen ari zen bitartean. Hemen ez da Donostian bezala, hemen jendeak iritzia ematen du: gustukoa badu, momentu batean txalotu egin dezake. Gero, prentsaurrekoaren ostean, txalo zaparrada luzea egon zen, bost bat minutukoa, eta nik flipatu egin nuen. Eta, azkenik, proiekzio ofizialaren ostean txalo zaparrada izugarria entzun zen, oso hunkigarria, eta ikusi genuen jendeari asko gustatu zitzaiola. Bost urte eman ditugu proiektuan lanean eta lehenengo urratsean saritua izateak lasaitasun handia ematen dizu; gainera, ez bakarrik jasotako sariagatik, baizik eta jendearen harreragatik. Ikusita nola etorri zen jendea eskertzera, oso jator, ohartu ginen pelikula pila bat gustatu zitzaiela. Adin guztietako jendea zen. Oso polita izan zen».
Euskaraz filmatuta, nafarrera zaharrean, zer-nolako harrera izan du ikusleen artean? «Euskaraz ez dakitenei, noski, soinua oso berezia eta exotikoa iruditzen zaie. Eta hori oso polita iruditzen zait niri, oso bitxia. Esaten didate japoniera dirudiela!».
Jaialdi ospetsua, lehen mailako urratsa
Sitgesekoa ez baita edonolako jaialdia, genero fantastikoaren arloan punta-puntakoa da. «Mundu mailan ospetsuenetarikoa da, bai –esan zuen zinemagile arabarrak–. Sitges da zaharrena, eta garrantzitsuenen artean lehena da, generoko pelikulen lehenengo hitzordua. Beraz, mundu osoko filmekin lehiatu gara: korearrak, mexikarrak, herbeheretarrak... noski, haiekin lehiatzean, gu ere maila horretan gaude».
Estatu mailan aurten egin den asmo handiko ekoizpena izan daiteke ‘Irati’. Egile honen bigarren film luzea da, ‘Errementari’ apartaren ostean, baina honekin beste jauzi bat eman nahi izan du, epikotasunaren bila. Urkijok noizbait esan du euskal mitologia jorratzen duen film handi bat egin nahi zuela. Eta handia da bisualki, baita ekoizpenaren aldetik ere, beste pauso bat eman duelako horretan ere. Juan Luis Landa eta Joxean Muñozen eleberri grafikoan era librean inspiratuta eta VIII. mendeko aro historiko ilunean girotuta –Orreagako guduaren garaian–, filmak zinema historikoa eta fantastikoa uztartzen ditu, eta euskal mitologiaren eragin nabarmenarekin, magiaz eta abenturaz betetako bidaia proposatzen du.
«Izena duenak izana du», dio esaera zaharrak. Eta hori da Eneko jauntxo kristauak (Eneko Sagardoy) eta Irati (Edurne Azkarate) neska pagano eta misteriotsuak oihanaren bihotzera egiten duten bidaiaren leloa eta abiapuntua. Euskal Herriko eta Huescako hainbat lekutan filmatu zuten, 4,3 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, eta euskal aktore ezagunek parte hartu dute: Eneko Sagardoyk berak (‘Errementari’-n ere protagonista izan zen), Itziar Ituño (Mari), Ramon Agirre, Iñigo Aranbarri, Iñaki Beraetxe, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Kepa Errasti... eta Karlos Argiñano sukaldaria.
Argiñano pozik agertu zen larunbatean sare sozialetan. Zer dela eta? «Ekoizlea da, baina ‘cameo’ txiki bat ere egiten du. Jendeari kosta egiten zaio filmean aurkitzea, eta hor dago jokoa: bakoitzak bila dezala», erantzun zuen zinemagileak.
Hasieran zinema aretoko estreinaldia azarorako iragarrita zegoen arren, datorren urteko otsailera atzeratu da. «Zergatik? Alde batetik, jaialdietan mugitu ahal izateko eta, bestetik, azaroan hainbeste pelikula estreinatzen direnez, ez ginateke nahi dugun areto guztietara iritsiko. Otsailean edukiko dugu aukera ahal den estreinaldi handiena egiteko».
Bestalde, urriaren 28an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea irekiko du filmak, eta orduan ikusi ahal izango da Euskal Herrian lehenengoz. Hortik beste jaialdietara joango da... Eta ohartu al da Sitgeseko sariek zer garrantzi izan dezaketen gure kulturarentzat? «Ez dut gehiegi pentsatzen, presiorik ez izateko, baina ohore bat da euskal kultura kanpora eramatea, bidaiatu dezan. Eta beti da polita euskal mitologia eta euskal kultura kanpoan erakustea».