Koldo Mitxelena Kulturuneak ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroa hartuko du bigarrez
‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroaren bigarren edizioa azarotik aurrera egingo da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostia Zinemaldiaren Z365 atalak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatuta.
Zinema ikasleei eta zinemazaleei zuzendutako ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroaren bigarren edizioa azaroan hasiko da. Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute eta bederatzi saio izango ditu aurten, lehenengo edizioan baino lau gehiago.
Saio bakoitzean zenbait zinemagilek film bat produzitu eta egiteko prozesutik ikusten ez den hori azaltzen dute. Bigarren edizio honetan hauek izango dira hizlariak: Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maider Fernandez Iriarte, Albert Serra, Mikel Gurrea, Fernando Franco, Pilar Palomero, Alauda Ruiz de Azua, Carlota Pereda, Alberto Rodriguez, Belen Funes, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.
Lehenengo saioa azaroaren 3an izango da. Honetan, Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernandez Iriarte arituko dira elkarrizketan. Urresolak ‘Cuerdas’ film laburra Cannesen estreinatu zuen eta orain bere lehen film luzean ari da lanean; Gorostidi egoiliarra izan da aurten Ikusmira Berriak-en eta bere lehen lana egin du bertan, eta, Fernandez Iriarte bere bigarren filma prestatzen ari da.
Bigarrenean, azaroaren 22an, Albert Serra Ariadna Ribas eta Artur Tort bere azken lanetako muntatzaileekin arituko da. Zehazki, azken Canneseko jaialdian eta Donostia Zinemaldian parte hartu zuen ‘Pacifiction/Tournement sur les îles’ lanean aritu dira.
Abenduaren 13an Mikel Gurrea zuzendaria eta Laura Rubirola izango dira elkarrizketan eta bi aldiz sariduna izan den ‘Suro’ estreinako lana izango dute hizpide.
Datorren urtekoak
2023ko lehenengo saioa, urtarrilaren 11n, Fernando Franco muntatzaile eta errealizadorearen eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen ‘La consagración de la primavera’ bere azken filmeko protagonista diren Telmo Iruretarekin eta Valeria Sorollarekin batera izango da hizlari.
Otsailaren 16an Pilar Palomero eta Sofia Escuderen txana izango da; martxoaren 9an Alauda Ruiz de Azua eta Carlota Pereda zuzendariak arituko dira hizketan; apirilaren 13an ‘Modelo 77’ filmaren Alberto Rodriguez zuzendariak eta Rafael Cobos gidoilariak beren ezagutzak partekatuko dituzte eta, maiatzaren 4ean Belen Funes eta Marçal Cebrianena izango da hitza.
Bukatzeko, maiatzaren 26an Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek beren lan egiteko modu kooperatiboa eta plataforma baterako egingo duten lehen telesailerako –‘Balenciaga’– lana azalduko dute.
Saio guztiak arratsaldeko 19.00etan izango dira kulturuneko areto nagusian. Doakoak dira eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Antolatzaileen arabera, ikastaroaren helburua «zinemagilearen begirada bakarra deszentralizatzea» da, «baita proiektu bat osatzen duten lanbide tradizionalagoak ezagutaraztea ere, eta, ondorioz, zinema modu kritiko batean ikusten eta irakurtzen ikastea».