INFO

Aske ekimeneko bi kide komisaldegira eraman dituzte, gorroto delitua egotzita


Aske ekimeneko bi kide atxilotu ditu Polizi espainolak gaur ostegunean Iruñean, gorroto delitua leporatuta, eta geroago aske utzi. Akusazio zehatza ez da jakitera eman, baina inputazioa urriaren 12ko mobilizazioen testuinguruan sortu dela baieztatu du Aske-k.

Egun horretan Donostia, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean «Espainiako egun nazionala eta indar okupatzaileen aurkako» mobilizazioak aurrera eraman zituen Aske-k. Nafar hiriburuan istilua sortu zen gero, Nabarreria plazan, bandera espainola zeraman gizon batekin, irudien bitartez oihartzun zabala izan duena. Baina ez da zehaztu atxiloketek honekin zerikusia duten ala ez.

Are gehiago, ofizialki ez da atxiloketa hauen berri eman. Aske-k azaldu duenez, «frantziar eta espainiar estatuek argi izan behar dute burutzen dituzten muntai polizial eta egozten dituzten karguak egozten dituztelarik, guk argi daukagula hauek mugimendu iraultzailea kriminalizatu eta antolatuta diharduten militanteak kikiltzeko aitzaki eta bitartekari baino ez direla».

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute ostegun honetan, Nabarreria Plazan, 20.00etan.