INFO

Egutegia eta lana pilatzeko momentua iritsi zaie IDK Euskotreni eta Lointek Gernika Bizkaiari

Zapatuan Emakumeen Ligako partidak dituzte, datorren ostegunean hasiko baitute Emakumeen Eurocupeko ibilia. Nahiko lituzketenak baino jokalari gutxiagorekin ekin beharko dute ordea, azken asteetako bajen erruz, eta horrek nekea eta lesio arriskua handitzen ditu.

Gaby Meskonyte, Kutxabank Araskiren aurkako derbian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Europan jokatzeak baditu zenbait abantaila, berdin emakumeek egindako kirolean gizonezkoek egindakoetan adina. Hasteko eta bat, hedabideen aldetik oihartzuna lortzeko modu bat da eta, ondorioz, jendea ere erakartzen du. Bestetik, zenbait jokalarirengana iristeko aukera ematen du.

Baina era berean, lana pilatzea suposatzen du. Bidaiak, nahiz eta aurreneko fasean urrunegi joan beharrik ez den izaten, nekea, hiru egunetik behin jokatu beharra, behar bezala ezin entrenatua... pilatzen dira eta horri aurre egitea ez da erraza. Are gutxiago hasieratik nahi baino jokalari gutxiagorekin jokatzea tokatzen denean.

Uneotan IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia ez daude osorik, barruko jokoari dagokionez batik bat. Ivana Raca serbiarrak egur esan zion joan zen astean IDK Euskotreni arrazoi pertsonalak tarteko eta hegal-pibot balkandarra gabe, hankamotz dago talde donostiarra.

Bestalde, zer esan gernikarren inguruan? Denboraldiaurrea amaitu zenetik Nogaye Lo belauneko minak jota dago eta oraindik ez du aurtengo Emakumeen Ligan debutik egin eta Hayes moztu eta gero, Sofia Da Silva, Cvitkovic eta Julie Wojtaren artean konpondu behar dituzte uztaipeko arazoak. Horri, bestetik, Marta Alberdiren sorbaldako lesioa gehitu behar zaio. Asteon ebakuntza egin eta denbora puska baterako jokoz kanpo geratu da hegaleko bizkaitarra.

Erotzeko moduko hamar egun

Larunbateko partidetatik hasita, nahikoa buruhauste suposatzen du horrek talde bientzat. IDK Euskotrenek, esaterako, zaopatu arratsalde honetan Perfumerias Avenida ahaltsua jasoko du Josean Gascan. Egia da Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen dueen taldeak indar handia galdu duela, Samuelson ahizpek batez ere ez dutelako jarraitzen eta Silvia Dominguez antolatzaile beteranoa min hartuta dagoelako. Alabaina, uztaipean Fasoula, Crvendakic edo Reisingerova lako jokalariak dituen taldeak errespetua sartzen du, batez ere kanpotik Maite Cazorla, Erika McCall eta Leonor Rodriguezen mailako jendea duenean.

Baina azken baten partida bat beti da partida bat, eta horrek baino kezka handiagoa sortuko dio akaso Azu Muguruzari gainera datorkiona. Larunbatean Perfumerias Avenidaren bisita; ostegunean Asvel Villeurbanne indartsuaren kantxan Emakumeen Eurocupean debuta; urriari agur esateko, Kanaria Handiaren etxera bisitan joan behar, eta azaroari diosala egiteko, berriz, hilaren 2an Zabiny Brno txekiarra Donostian bisitari eta hilaren 6an, aldiz, Murtziako Hozono Global Jairis taldea Josean Gascan, talde igo berria, bai, baina Belen Arrojo, Melisa Brcaninovic, Marina Lizarazu, Tamara Abalde edo Erika De Souza jokalari ezagunak tartean dituena bera –edo Claudia Contell gazte dohatsua–. Hau guztia hamar egunen buruan.

Ikustagun orain Lointek Gernika Bizkaiaren egutegia. Larunbatean 18.15etan Benbibreri bisita –IDK Euskotreni irabazi eta Kutxabank Araskiri gorriak ikusi arazo zizkion talde berbera–, hasteko; handik Alemaniara zuzenean Rutronik Stars Keltern taldearen aurka jokatzeko ostegunean; etxetik pasa ezinik, Irati Etxarriren Spar Gironaren aurka jokatu behar urriaren 29an eta azaroari ekiteko, berriz, Veneziako Umana Reyer taldea Malosten hilaren 2an eta Kanaria Handiaren aurka hilaren 5ean, etxean berriz ere.

Inork ere ez dio ezetzik esan nahi Europari, baina izerdia franko bota beharko dute hurrengo hamar egunetan hala donostiarrek nola gernikarrek, eta emaitzek erakutsiko dute esfortzu horrek pena merezi ote duen.