INFO

Emakumeen erabateko gehiengoa Euskadi Literatura sarietan: zazpiak eraman dituzte

Edurne Portelaren ‘Los ojos cerrados’, Irati Jimenezen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ eta Teresa Maldonadoren ‘Hablemos claro’ saiakerak eta Koro Navarroren ‘Fiesta’ itzulpena dira 2022ko Euskadi Literatura sariak. Aurten, lehenengo aldiz, banatu diren diren zazpi sarietatik zazpik emakume izena dute.

Ezkerretik eskuinera, Teresa Maldonado, irati Jimenez, Koro Navarro eta Edurne Portela Bingen Zupiria sailburuarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Zazpi sari, zazpi emakume irabazle. 2022ko Euskadi Literatura Sariak joera edo errealitate baten isla izan daitezke, aurten banatu diren zazpi ataletako sari guztiak emakume sortzaileek jaso dituztelako. Bilboko Bidebarrieta liburutegian eman dira ezagutzera ostiralean falta ziren lau kategorietako irabazleen izenak: Gaztelaniazko literatura kategorian Edurne Portelaren ‘Ojos cerrados’ (Galaxia Gutenberg) eleberriak irabazi du –kategoria honetan saria jaso duen lehen emakumea da ere Portela–; saiakeran, euskaraz, GARA eta NAIZeko kolaboratzaile den Irati Jimenezen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ (Elkar) eta gaztelaniaz, Teresa Maldonadoren ‘Hablemos claro’ (Catarata). Euskarazko literatura itzulpen onena Koro Navarrok itzulitako Ernest Hemingway-ren ‘Fiesta. Euguzkia jaikitzen da’ (Erein eta Igela) klasikoaren lana saritu da. 

Joan den astean Gasteizen jakitera emandako beste sariei gehitzen zaizkie, alegia, Uxue Apaolazari –Euskarazko Literatura ataleko irabazlea ‘Bihurguneko nasa’ liburuagatik–; Leire Bilbaori –Euskarazko Haur eta Gazte Literatura ataleko saritua ‘Barruko hotsak’ lanagatik– eta Literatur Lanaren Ilustrazioaren sailean, Maite Mutuberriari ‘Irrimola’ liburuagatik.

Sari hauek banatzen hasi zirenetik lehenengoz dira zazpi saridunak emakumeak; lehenengo aldia da ere Gaztelaniazko saiakerako saria emakume batek jasoko duena.

Aurtengo Euskadi sarietako azken lau irabazleen izenak ezagutzera eman dituenean, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak errealitate bat aipatu du: «Atzera begirakoa egiterakoan, garai hauen ezaugarri bat izango da emakumeen presentzia eta emakumezkoak egiten ari diren eta egin dioten ekarpena. Bizi dugun une kulturalaren ezaugarrietako bat izango da, batez ere literaturan, emakume sortzaileen presentzia eta emakume hauek euskal literaturari egiten dioten ekarpena, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Uste dut zazpi saridunak emakumeak izatea horren adierazgarri dela, eta ez beren generoagatik, saritutako lanaren kalitateagatik baizik».

Epaimahaiarentzat Edurne Portelaren ‘Los ojos cerrados’ lana «nobela korala da, non ahotsek, errealitatea ulertzeko moduek eta hizkuntzek mikrokosmos bat eraikitzen duten, non kalteak belaunaldiz belaunaldi heredatzen diren, baita isiltasunak, konplizitateak eta lotsak ere». Epaimahaiko kideen ustetan Portelak «kontatutakoaren eta kontatu gabekoaren arteko tentsioa sortzen duen ikuspuntu joko aberasgarria ezartzen du, eta orainaren eta iraganaren arteko elkarrizketa proposatzen du, erruari eta barkamenari buruz hausnartzeko». Txani Rodriguezek, Javier Maurak, Aixa de la Cruzek, Jesus Camarerok eta Patricia Millanek osatu dute Gaztelaniazko LIteraturako aurtengo epaimahaia.

Bestalde Euskarazko Literatura Itzulpenaren kategoriako epaimahaiak uste du Koro Navarrok liburuak duen balio literario handiari erantzuteko, jatorrizko testuaren indarra eta bizitasuna ez galtzeko erabaki egokiak hartu dituela, «euskarak dituen baliabide berezkoak baliatuta. Nabarmentzekoak dira elkarrizketen tonu egokia, erregistroa eta ahotsen txandakatzeak nola jaso dituen, eta bestelako pasarte narratibo eta deskriptiboen jarraipen erosoa, prosaren soiltasuna, zehaztasuna eta eraginkortasuna». Aintzane Ibarzabalek, Idoia Gilleneak eta Idoia Santamariak osotu dute Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi Literatura saria erabaki duen epaimahaia.

Irati Jimenezen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ lanak Euskadi Literatura Saria jaso behar duela erabaki duen epaimahaian Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik parte hartu dute. Beraien erabakian Jimenezen liburuak «hipotesi ausartak» proposatzen dituela azpimarratu dute eta gaineratu dutenez «testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurleari etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa, honengan gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da».

Azkenik Gaztelaniazko saiakerako epaimahaiarentzat Teresa Maldonado «estilo bereziki zehatz eta argiarekin, gai konplexu eta polemiko bat modu zehatz eta errazean baina zehaztasunez heltzeko gai da, une oro jarrera neurtua eta azalpen-argitasuna erakutsiz, eztabaida hauetan ohikoa ez dena. Presarekin oso bateragarriak ez diren ekintzak irakurtzera, pentsatzera eta deliberatzera bultzatzen du». Mikel Reparazek, Iñigo Maraurik, MªJesus Pandok, Ainhoa Novok eta Javier Camarrak osatu dute Gaztelaniazko Saiakerako epaimahaia.

Euskadi Literatura Sariak datorren azaroaren 24an banatuko dira Donostiako Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.