Gascatik irten eta Lyonen, «Printze Txikia» bailitzan debutatuko du IDK Euskotrenek Europan
Asteazkenean abiatuko dira Azu Muguruzarenak eta ostegunean 20.00etan izango dute estraineko dema Asvel Villeurbanne, K multzoko faboritoaren etxean. Horrez gain, Montpellier inguruko BLMA eta Txekiar Errepublikatuko Zabiny Brno taldeen aurka «Europan moldatzen ikasi» nahi dute Azu Muguruzarenek.
Lyon Estatu frantseseko hirugarren hiririk handiena da, Paris eta Marsellaren ostean, eta IDK Euskotrenek ostegun honetan Emakumeen Eurocupean debuta egingo duen hiria ere bada –hazten segi duen heinean, Lyonek Villeurbanne hiria Lyonek «jan» egin du–, Asvel Villeurbanne saskibaloi kluba –gizonen klubak ostiralean jokatuko du Saski Baskoniaren aurka Euroligako dema– izango delarik donostiarren lehenbiziko aurkaria, ostegunean 20.00etan hasita.
«Pasa den udaberrian ‘datorren urtean Europara goaz’ lasai asko esaten genuen, baina orain bertan dugu», adierazi du Azu Muguruza entrenatzaileak astelehen honetan eskaini duen prentsaurrekoan. «Eta taldeko aurkari zailenaren kontra gainera», azpimarratu du.
Lyon da, bestalde, Antoine de Saint-Exupéry hegazkinlari eta idazlearen sorterria; hau da, «Printze Txikia» liburuaren egilea. Mariasun Landak dioen moduan, «mundua eta bizitza deskubritzen dituen ume baten ibilbide iniziatikoaren kontakizuna da» liburu hau.
Saint-Exupéryk berak bere burua irudikatzen du Saharako basamortuan, galduta, hegazkin-istripu bat izan ondoren. Orduan, printze txiki estralurtar bat agertu eta harekin luze hitz egin du. Idazleak bere ikuspegi propioa ematen du giza ergelkeriaz eta umeen jakintza samurraz. Hala, umeentzako historia itxurarekin, gai askoz sakonagoak aztertzen dira.
Bada, Josean Gascako bere asteroide propiotik kanpo, IDK Euskotrenek ere mundua ezagutuko du, Emakumeen Eurocupean aurkituko dituen egun onak eta latzak, une pozgarriak eta miseriak, eta etorkizunera begira eskarmentua irabazteaz gain, urte hauetan guztietan behetik gorantz egin duen bidean zenbait aurreratu duen eta zenbat falta zaion aurreratzeko ikasiko du ere.
Hasteko eta bat, joan den larunbatean Perfumerias Avenida Emakumeen Ligako egungo txapeldunari 83-68 irabazi zion talde gipuzkoarrak, eta konfidantza hori aldean hartuta ekingo dio Europeako bideari IDK Euskotrenek. «Jakina garaipen honek balio digula geure buruan sinesteko, baina batetik, gure debuta da Europan eta badakigu zernolako aurkaria izango dugun aurrez aurre. Horrez gain, Lyonetik Kanaria Handira zuzenean egingo dugu bidaia eta lan-karga ongi banatu beharko dugu taldeak behar bezala erantzun dezan», adierazi du IDK Euskotrenen entrenatzaileak.
Larunbateko partida atzean ahal bait arinen laga behar badu ere talde donostiarrak, orduko hartan ondo egindako zenbait gakok aurrera begira ere badute baliorik. «Hasteko eta bat, jokalari guztiak taldeari zerbait emateko kapaz izan ziren –puntuak, errebotea, defentsa...– eta zapatuan bezala, kontzentraturik jokatzea, defentsako intentsitatea eta talde jokoa mantentzea eskatu dakizkioke taldeari ostegunean ere. Horrek behar du gure jokoaren gakoa», da Azu Muguruzaren ustea.
Izena eta izana
Aurreneko faseko ligaxka honetan K multzoan jokatzea egokitu zaio talde donostiarrari. Asvel Villeurbannez gain, Estatu frantseseko BLMA taldeko «gazelak», Montpellier ingurukoak, eta Zabiny Brno txekiarrak izango dira gipuzkoarren aurkariak.
«Ezin gara Europara joan txango batera bagindoaz bezala. Gure aurreneko helburua ikastea da, gure burua Europako txapelketa baten nola moldatzen den ikustea, baina ez goaz denborapasa eta ahaleginduko gara ligaxka honetan ere aurrera egiten», adierazi du Azu Muguruak. Bada, «noski, begiratu bat botako diogu multzoko beste partidari ere», aipatu du. Donostiarrak Lyon aldera asteazkenean abiatuko dira, eta asteazkenean bertan jokatuko dute BLMA eta Zabiny Brnok, Txekiar Errepublikan, 17.0etan hasita.
Estatu frantseseko liga txapelketa ez da oraindik abian jarri eta horrek, nahitaez, zaildu egin du IDK Euskotrenentzat Asvel Villeurbanne taldeari buruzko «scouting» itxurosorik egin ahal izatea. Baina horrek ez du esan nahi taldea ezezaguna zaienik; ez bederen jokalarien izenei erreparatzen badiegu.
Hala, Frantziako selekzioarekin domina bat eta bi baino gehiago irabazitako Marine Johannes, Sandrine Gruda, Alexia Chartereau eta Helena Ciak aurki ditzakegu, edota Belgikako selekzioko antolatzaile titularra den Julie Allemand. Horrez gain, euskal saskibaloi zaleentzat aurpegi oso ezagunak ere badaude Lyon ondoko talde honetan. Batetik, Lointek Gernika Bizkaian bi bi urtetan jokatu zuen Blake Dietrick estatubatuarra, eta bestetik Araskin pare bat denboralditan aritu zen Laura Quevedo hegaleko espainiarra –2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabaztea zer den dakien jokalaria–. Ezin da ahaztu, bestalde, Juste Jocyte eskolta lituaniarra ere, 17 urte baino ez dituen arren, pasa den udan Lituaniako selekzioarekin urrezko domina irabazi baitu Europako 18 urtez azpiko txapelketan, jiokalari balioatsuenari dagokion MVP saria eskuratuz gainera.
«Badakigu oso jokalari bikainak direla eta gure kasuan, gainera, Europan etxetik kanpo jokatzea oso ezberdina dela entzuten dugu etengabe. Beldurra ematen du. Baina azken baten, gure eginbeharra Europan debuta egiten dugularik, kantxa barruan eta kanpoan talde itxura ematea da. Hala emanez gero, ba ikusiko dugu zer gertatzen den, baina taldea gutxien ez lehiatzeko kapaz izango da», iritzio dio, hala ere, donostiarren entrenatzaileak.
Jokatu ahala ikasi
Bestetik, ezin da ahaztu 30 urte daramatzala Azu Muguruzak berak Ibaeta Basket klubeko entrenatzaile karguan, baina ostegunekoa berarentzat ere debuta izango dela Europan. «Lasai nago eta fokoa beti ere Emakumeen Ligan jarrita, hor egin behar baititigu lanak behar bezala. Beste gauza bat da Europan jokatzeak ilusioa sortzen duela eta denok nahi dugula lan txukun bat egitea», azpimarratu du horren harira.
«Noski, zalantzak hor daude beti, ez dakizulako taldeak zer itxura emango duen lehiaketa ezberdin baten, partidak ikustea eta aztertzea bi gauza oso ezberdin direlako, baina orain arte eratu dugu oinarriarekin, nahikoa beharko luke gutxienez estraineko partida hau lehiatzeko. Bururik galdu gabe, egiten dakigun hori ahalik eta ondoen egitea da gure betebeharra, aurreneko aurkari hau ahalik eta estuen hartzeko».
Horrez gain, donostiarrek hiru egunetik behin ohi baino sarriago jokatu beharko dute hemendik aurrera. «Lan-kargak behar bezala banatzea» da uneotan Azu Muguruzaren obsesioa, ez baitago, antza, jokalarien merkatuan, Ivana Racaren ordezkorik.
«Bila dihardugu, baina une hauetan ez dago behar dugun ezer, eta ez du merezi taldearen dinamikan sartzen saiatzea ezer eman dezakeenik uste ez duzun jokalaririk», onartu du entrenatzaile donostiarrak.
Aldiz, La Seu d'Urgellen min hartu eta gero, Ane Esnalek ez zuen Perfumerias Avenidaren aurka jokatu larunbatean, baina astelehenetik bertatik hasita taldekideekin entrenatzen hastekoa da jokalari gipuzkoarra. «Egun gutxiren kontua da Ane taldera bete-betean itzultzeko», aipatu du, zorionez, Azu Muguruzak. Dena beharko do du IDK Euskotrenek, Gasca pabilioiko bere asteroidetik beste mundu ezberdinetara jauzi egitera doan une honetan, tximeleta-sare bat baino gehiago beharko baitu lehiakor izan eta lantzean behin har ditzakeen muturrekoen aurrean bururik jaitsi gabe aurrera egiteko.