INFO

Hego Euskal Herriko adinekoen egoitzetako langileak, baldintza duinagoen alde borrokan

Adinekoen egoitzetako langileek mobilizazioak egin dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Araban eta Bizkaian lehenengo greba eguna izan dute eta Nafarroan hirugarrena. Gipuzkoan, aldiz, hitzarmen berri bat sinatu den arren, LABek ez du borroka amaitutzat ematen.

Arabako egoitza pribatuen langileek egindako manifestazioaren hasiera, Gasteizko Plaza Berrian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hego Euskal Herriko adinekoen egoitzetako langileak lan baldintza hobeagoak lortzeko borrokan daude. Araban eta Bizkaian hainbat greba egunen lehenengoa izan da asteazken hau, Nafarroan bigarrena eta Gipuzkoan, aldiz, LAB sindikatuak adierazi du borroka ez dagoela amaituta duela hilabete batzuk hitzarmen berri bat sinatu zen arren.

Arabaren kasuan, erresidentzia pribatu eta etxebizitza komunitarioetan bi greba egun deitu zituzten, asteazkenean eta ostegunean. Horrela, Bizkaia eta Gipuzkoako baldintzekin bat datorren hitzarmen bat eskatuz, Gasteizko erdialdean manifestazioa egin dute eta arratsaldean langileen testigantzak partekatuz ekitaldi bat antolatu dute.

Tamara Letamendik (LAB) eta Adrian Garciak (ELA), greba deitu duten sindikatuetako ordezkariek, negoziazio mahaiaren «blokeoa» salatu dute. Patronalaren «proposamen eskasak» ikusita mahaia utzi zuten, «1.200 euro irabaztea eta 1.742 orduko astakeria lan egitea» eskaintzen baitzuten enpresek.

«Ez da normala» Bizkaian eta Gipuzkoan hitzarmenak orain 1.400 euroko soldata ezartzea, eta Araban, berriz, 997 eurokoa, eta lanaldia 1.592 ordukoa izatea. Hori dela eta, baldintzak inguruko lurraldeekin «parekatzea» eskatu dute.

Gipuzkoan, joan den uztailean hitzarmen kolektibo berri bat sinatu zen sektore honetarako. Hala ere, UGT sindikatuaren babesarekin baino ez zen onartu. Hori, hain zuzen, da LABek asteazken honetan Donostian salatu duena. Haien ustetan, hitzarmena «gutxiengoan» sinatu izanak -UGTren ordezkaritza %8koa dela ziurtatzen baitute- «langileon negoziazio kolektiborako gaitasuna nabarmen murriztu da», ohar baten bidez adierazi dutenez.

Honen aurrean, LABek patronala eta Gipuzkoako Foru Aldundia interpelatu ditu eta beraiekin biltzea eskatu du, «langileen prekarizazioan erantzunkizun zuzena» dutela uste baitute, UGT beraien «ezinbesteko aliatua» delarik. Horrela, Gipuzkoako helduen egoitzetan «borroka ziklo» berri bati ekingo diotela iragarri dute.

Bizkaian zazpi greba egun deitu dituzte asteazken honetatik abendura arte. Asteazken honetan, lehenego greba egunean, Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira, Bilbon Diputazioari eta patronalari «lan-baldintzak parekatzea eta ratio duinak exijitzeko», sare sozialen bitartez azaldu dutenaren arabera.

Nafarroan deitutako hiru greba egunetako azkena izan dute asteazken honetan, ELA, UGT eta LAB sindikatuek deituta. Lehedabiziko egunean, joan den astelehenean, elkarretaratzea eta manifestazioa egin zuten Tuteran. Hauen bidez lan baldintza «duinagoak» bermatzen dituen hitzarmen bat ez ezik, haien lana aitortzea eskatu zuten, «egoitza publiko eta duin gehiago» lemapean.

Sindikatuek Iruñean egindako manifestazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Asteazken honetan, Nafarroako egoitzetako langileak berriro manifestatu dira Iruñeko kaleetan, lehen sektoreko hitzarmena lortzeko. Manifestariek «langile gehiago, zerbitzu hobea» edo «Gobernua eta patronala, erantzukizuna» bezalako kontsignak zabaldu dituzte ibilbidean.

Sindikatuek hiru greba egunen balantze «oso positiboa» egin dute, urriaren 24tik 26ra, Nafarroako egoitzen sektorean, Foru Komunitateko lehen hitzarmen sektoriala aldarrikatzeko.

«LABek borrokari eutsiko dio Hego Euskal Herri osoan, sektore honen langileen funtsezko eginkizuna behingoz duindu eta aitortu arte, kurtso berri honetan sektoreko langileak aktibatu, antolatu eta borrokatzeko markoak eta tresnak eskainiz. Erantzukizuna duten instituzio eta patronalei ozen eta garbi esan nahi dizuegu; aurrean izango gaituzuela eta, langileon prekaritatean sostengatzen den zuen zaintza eredua lehertu arte, borrokan jarraituko dugula», adierazi dute LABek zabaldutako oharrean.