‘Autobiografia bat’, Assata Shakur Pantera Beltzaren bizitzan barna bidaia
Assata Shakur ekintzaile estatubatuarrak bizitu zituen hainbat mugarriri esker elikatu zuen txikitatik bere kontzientzia politikoa. Pantera Beltzak taldeko kidea, kartzela, tortura eta erbestea ezagutu ditu. ‘Autobiografia bat’ ingelesezko jatorrizko lana euskaratu du Danele Sarriugartek (Katakrak).
Familia borrokalari batean sortu arren, bere kontzientzia politikoa ez zuen umetatik berezkoa, aitortu zuen Assata Shakur ekintzaile politikoak ‘Autobiografia bat’ liburuan. Bizitu zituen mugarri batzuk, eta joan zen eraikitzen nortasun bat, identitate bat eta borrokarako arrazoiak elikatu zituen pixkanaka.
Estatubatuarra eta beltza. Joanne Deborah Byron izenez jaio zen 1947ko uztailean New York hirian, eta beranduago hartu zuen beste deitura, Assata Shakur, ekintzailarena, militantearena. Pantera Beltzak eta Beltzen Askapenerako mugimenduko kidea izan zen, eta ezagutu zituen gertutik heriotza hainbatetan, eta bere haragian tortura eta kartzela. Eta azkenean erbestea ere bai. Kuban bilatu zuen babesa espetxetik ihes egitea lortu ondoren. Gaur egun, FBIk bere bila segitzen du, eta bi milioi dolar eskaintzen ditu topatzen dituenarentzat.
Literaturarako duen gaitasuna jasota gelditu zen 1988an, ‘Assata: An autobiography’ obra idatzi zuenean. Jatorrizko bertsioa, ingelesez idatzia, best seller bat da. Orain euskaraz irakur daiteke ‘Assata Shakur, autobiografia bat’. Danele Sarriugartek itzulia, Katakrak argitaletxeak ireki digu parez pare bere bizitza «epikoa».
Izena eta izana
Gure hizkuntzan editatu den bertsio honek, mamiaren aurretik, ordea, baditu hainbat harribitxi. Hala nola, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea. Assata Shakurrek eta berak elkar ezagutzen dute, biek bilatu baitzuten babes politikoa leku berean, Kuban. Edizioak ere barnebiltzen du Angela Davisen hitzaurrea, Assataren kausan oso inplikatuta dagoena.
Ostiral honetan aurkeztu dute Hedoi Etxarte editoreak eta Danele Sarriugarte itzultzaileak lan berria, Donostian. Bigarrenak «zirrara berezi bat» aitortu du erraietan. «Ohore bat izan da lan hau itzuli ahal izatea», laburbildu du.
Liburua Assata Sahakur atxilotzen duten unearekin hasten da, eta gero atalez atal txandaka kontatzen ditu atxiloalditik aurrerako momentuak eta bere haurtzarotik aurrerako une inportanteak. Bi bideak txirikordatu egiten dira, eta autobiografia bat izan arren, militantzia politikotik egiten denez, hausnarketarako tarte handia dago. Historiako mugarriak, beltzen borrokak, errepresioa, zapalkuntza, langile mugimendua… Zein izan den bere bizibidea eta bizimodua ihes egin eta Kuban erbesteratzen den arte. «Niretzat gauza asko nahasten dira bai atal biografikoetan eta atxiloaldi osteko ataletan. Badago garai bat, gizarte bat, familia bat, eta horien bidez gauza pila bat ezagutzeko aukera», esan du itzultzaileak.
Bere bizitzako pasarte politiko eta pertsonalen bidez ezagutu ahal da nola ematen den pertsona baten identitatearen sorrera, hori eragiten duten faktore guztien berri ematen du. Kasu honetan 50. hamarkadatik 70. hamakardara arteko tartea jasotzen da, eta Estatu Batuetako hegoaldean eta New Yorken kokatzen gaitu, bi leku kontrajarrietan bizitu baitzen Assata. Kontrastea ezagutu zuen. «Pasarte oso gogorrak eta ilunak dira irakurtzeko», adierazi du.
Militantearen eraikuntza horretan kontatzen du, adibidez, nola uste zuen «komunista guztiak gaiztoak» zirela jakin arte komunismoa zer zen. «Oso polita da nola kontatzen duen, nola konturatzen den hainbat gauzataz, eta uste okerrak nola errebisatzen dituen… zaila izaten da ariketa hori egitea, gauza bat pentsatzen zela onartzea, eta gero aldatu garela aitortzea erratuta ginelako». Berak hori onartzeko gaitasuna izan zuen.
Autobiografia bat den unetik, barrena hustutzen du. Dago eduki politikoa eta eduki pertsonala, badago maitasuna eta amatasun ezindua, besteak beste. Xehatzen du nola egiten duen bat Pantera Beltzekin, eta konpartitzen ditu barruan egondako liskarrak, FBIk zein inteligentzia programa izan zuen Pantera Beltzak deuseztatzeko… Harremanek ere pisua dute liburuan. Amarekin harremana oso interesgarria da, ama bakarra zen eta bi alaba hezi zituen bakarrik, aiton-amonen laguntzarekin. Irakasle izateko ikasi zuen Unibertsitatean, alabak hezi ahal izateko. «Badu poema bat amari eskainia, oso ederra dena. «Ikusten da adin batean sartzen zarenean gurasoekiko harremanak nola aldatzen diren, eta nola ikusten ditugun orduan», esan du Sarriugartek.
Bere aiton-amonak, hegoalden sustraitu zirenak, zenbat promesa jaso zituzten eta zenbat bete ziren eta zenbat ez… artea eta musikarekiko zaletasuna transmititu zizkion izeba, bere alaba eta mugimenduetako kideak. Hauekin izandako eztabaida ideologikoak ere agertzen dira, baita ere garai hartan egon zen Afrika berriko errepublikaren mugimendua. «Bere izena nola aldatu zuen orduan», eta nola tartean egin zuen ilea natural uztearen hautua. Gauza asko jaso zituen militantziarekin lotura dutenak, egunerokora ekarritako keinuak ziren, baina bizitza bati horrek zer suposatzen zion sakona zen.
Testigantza baten balioa
Angela Davisen hitzaurrea ingelesezko edizioan 2001etik aurrera publikatzen da, eta Etxartek dioenez «oso interesgarria da zeren alde batetik Angela Davis eta Assata Shakur hasiera batean edo behintzat distantziatik antzekotasun handiak izan ditzaketeela pentsa dezakegun bi pertsona eta idazle diren arren, bata da izugarri ezaguna, ikono bat, eta bestea ez».
Angela Davisek militatu zuen alderdia nazioartean antolatutako alderdi bat zen eta ez zen hala Assataren kasuan. «Angelaren defentsarako kanpainan mundu guztiko erakundeak inplikatu ziren, eta ordea Assataren atxiloaldia, torturak eta kartzelaldia gertatzen da Pantera Beltzen eraiste nabarmenean. Hainbesteraino, ia-ia ez dagoela bere aldeko kanpainen ikonografiarik. Assataren kausaren aldeko artefaktu bakarra dela liburu hau esango nuke», amaitu du editoreak.
Diferentziaren erroa «oso kontu politikoa» dela iritzita, zera gogorarazi du: «Erakundeak eta mugimenduak jende pila batek osatzen dituzte, eta batzuk ikusgarriak dira eta besteak ez. Eta Assata Shakurren testigantzaren balioa ere hor dago».