INFO
Elkarrizketa
Jon Ander Ulazia
Eibarko kontseilari ordezkaria

«Eibarrek klub gisa hartu duen dimentsioa mantendu behar dugu»

Hamarkada batean lehen aldiz, Eibarrek zenbaki gorriekin amaitu du denboraldia eta gauza bera gertatuko da aurtengo kontuekin. Alta, Jon Ander Ulaziak taldea Lehen Mailara itzultzea eta, bide batez, estutasun ekonomikoak desagertzea espero du.

Jon Ander Ulazia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ohiko Batzarra egingo du Eibarrek azaroaren 17an. Administrazio Kontseiluak akziodunei aurkeztuko dizkien zenbakiak, berriz, ezohikoak izango dira. Igoera lortu ez izanak eta inbertsio finantzarioak astindu dituzten merkatuaren gorabeherek gorriz margotu dituzte balantzea eta aurrekontua.

Zifrez gain beste gai asko –Kontseiluaren berritzea, kirol ibilbidea, Kirol Hiria...– jorratuko diren bilkuran, Jon Ander Ulazia kontseilari ordezkariari egokituko zaio, besteak beste, kontuak azaltzea, NAIZekin izandako elkarrizketan egin duen bezala.

Zer nota jarriko zenioke azken denboraldiari, kudeaketari dagokionez?

Inpaktu handia izan dugu Ukrainako egoeraren ondorioz gure inbertsio finantzarioak asko jaitsi direlako martxotik aurrera, eta horrek eraman gaitu galerak izatera. Ohiko kudeaketa ekonomikoari nota ona jarriko nioke; egin genuen aurreikuspena nahiko zehatza zen. Baina egoera honek aurrerantzean inbertsio finantziarioetan lupa gehiago jarri behar izatera garamatza eta errekuperatzeko mugimendu gehiago egitera. Bi gauza argi dauzkagu, finantziazioa daukagu proiektuak aurrera eramateko CVCren bitartez eta, horren ondorioz, ez daukagu inbertsio hauen beharrik. Egungo testuinguruan, antzina gertatzen zen bezala, depositoak ez dira penalizatzen eta inbertsio horiek errekuperatzeko zain gaude, perfil kontserbadorea izatera bueltatuz. Azkenean helburua ez baita dirua irabaztea, ez galtzea baizik.

Zenbaki gorriak agertzen dira aurrekontuan ere. Ezohikoa da hori Eibarren.

Argi geneukan jaitsiera-laguntzarekin Lehen Mailara bueltatzeko gai ez baginen, hiru urteko epea zabalduko zela zenbaki gorriekin. 2.B mailara jaitsi ginenean gauza bera gertatu zen. Aldea da orain argi daukagula gainerako handiagoa utzi behar dugula eta horregatik hartu ditugu hogei milioi hiru urtetan erabiltzeko. Horrela, klubak ondare on bat izango du edozein ezustetarako. Eta Lehen Mailara itzuliko bagina, saiatuko ginateke Ligaren «ratio onargarri» deritzen horietan berriro egoten. Horretarako, 40 milioiko ondare garbia behar duzu. Asko kostatu zitzaion klubari Lehen Mailako urteetan ratio horretara iristea eta argi daukagu ezin dugula galdu.

«Argi geneukan jaitsiera- laguntzarekin 1. mailara bueltatzeko gai ez baginen, hiru urteko epea zabalduko zela zenbaki gorriekin, 2.B mailara jaitsi ginenean bezala»

Zer erantzun espero duzue akziodunen aldetik.

Galderak, jakin-mina, kezka... sortzea espero dut, ezohiko gauza baten aurrean normala baita. Azalpen zehatzak emango ditugu eta jendea lasaitzeko nahikoak izatea espero dut; aurreko urteotan bozketetan  babes zabala izan dugu eta aurten bere horretan mantentzea espero dut.

Baliteke kirol arloko eztabaida zorrotzagoa izatea.

Ohikoagoa izaten da gure batzarretan galdera gehiago egotea kirol mailan ekonomikoan baino. Eta normala da pasatu zenaren ondoren galdera, kezka, kexa eta iradokizun gehiago izatea. Guk argi ditugu hartu ditugun erabakiak eta beharrezkoak diren azalpen guztiak emango ditugu, ez baitaukagu ezkutatzeko ezer.

Zelaian gertatutakoaren inguruan zer iritzi duzu?

Oso lan ona egin zela uste dut. Exijentzia maila altuaren aurrean, historiako emaitzarik onenak lortu genituen 2. mailan. Baina amaierak dena pikutara bota zuen eta nik ulertzen dut jendeak izan dezakeen ezinegona edo nahigabea azken emaitzagatik. Guk ere sufritu dugu prozesu hori. Baina kirolean halako gauzak gertatzen dira eta administratzaileok egin behar duguna lanean jarraitzea da. Helburu argia daukagu eta, baliabide urriagoekin bada ere, helburu hori lortzeko lanean dihardugu.

Zuek eta jokalariek baino, Gaizka Garitanok jaso zituen kritika gehienak. Zer irakurketa egiten duzue?

Denboraldia amaitu eta hurrengo egunean, Administrazio Kontseilua eta Kirol komisioa bildu ginen autoebaluaketa egiteko. Entrenatzaileak eta talde teknikoak lan ona egin zutela uste dugu, eguneroko jardunean ikusi dugun lana ona izan da. Helburua ez da lortu eta kritikak zilegi dira. Guk ere autokritika egin genuen eta Kirol zuzendaritzari, talde teknikoari eta klub osoari helarazi genion autokritika eta hobetu beharrekoa. Badakigu kritika asko jaso zituela entrenatzaileak, baina urte osoan ikusi genuenaren ondorioz, lanaren ondorioz, helburua lortzeko Gaizka Garitano entrenatzaile egokiena dela uste dugu. Gure babes osoa du.

«Badakigu kritika asko jaso zituela, baina urte osoan ikusi genuenaren ondorioz, lanaren ondorioz, Gaizka Garitano helburua lortzeko entrenatzaile egokiena dela uste dugu eta gure babes osoa du»

Kudeaketari nota ona, kirol mailan lan ona azpimarratu... Zein da autokritika?

Une askotan, erabakigarriak ziren une askotan, ez genituela gauzak ondo egin eta horrek eraman gintuela helburua ez lortzera. Horrela trasladatu dira etxe barruan gure ustez gaizki egin edo ondo egin ez ziren gauza txiki horiek, eta denon artean lanean aritu gara urte honetan ez gertatzeko. Edozein kasutan, hobetzeko autokritika etengabea da.

Zenbakietara bueltatuz eta aurrekontuari begira, gastuak zertxobait murriztu dira, baina sarrerak asko, eta aurrezkietara jo behar izan duzue.

Iaz jaitsiera-laguntza izan zen diru-sarrera nagusia. Nik azpimarratuko nuke jaitsiera-laguntza ez den beste guzti hori, ohiko diru-sarrerak, igo egin direla, baina gure tamainagatik ez da nahikoa daukagun taldearen eta klub estrukturaren gastuen maila mantentzeko eta, beraz, galeretara joan behar dugu. Zertarako? Lehenik eta behin, eta garrantzitsuena, ahalik eta kirol talderik onena izateko eta Lehen Mailara bueltatzeko, baina baita Lehen Mailara bueltatu daitekeen kluba, estruktura aldetik, 2014an igo zena ez izateko. 1. mailan eman ditugun zazpi urte horietan estruktura mailan lortu duguna eta know-how hori ez galtzeko.

Gastu garrantzitsuak, Kirol Hiria eta CVCren mailegua batez ere konprometituta daude epe ertain eta luzean. Lehen mailako sarrerak bueltatzen ez badira, nola lor daiteke oreka?

Guk uste dugu Kirol Hiriaren gastu guztiek, eraikitzearenek gehi mantenimenduarenek, kirol errendimendua hobetuko dutela; hau da, inbertsio bat da; Kirol Hiri batekin eta lan egiteko baldintza zehatz batzuk baditugu, agian nahiz eta 200.000 euro gutxiago gastatu kirol taldean, errendimendu diferentzial hori 200.000 eurokoa baino handiagoa izango da.

Baina hori ezin duzu ziurtatu; gastuak egongo direla, berriz, bai.

Lana hobeto egingo dugu eta horrek errendimendua handituko du, hori zientifikoa da; lesio gutxiago egongo direla ere uste dugu, adibidez. Horrek guztiak errendimendu hobea lortzera eramango gaitu. Jokalari bat ekartzen inbertitzen badugu, ez dakigu emaitza zehazki zein izango den, hor ere ez dago matematikarik. Gure apustua eguneroko lanean dago izenetan baino. Eta hori da Kirol Hiriarekin buruan dugun helburua.

Ez nuke adur txarreko txoria izan nahi, baina baliteke ez bakarrik ez igotzea, baizik eta jaistea. Parametro hauetan, bideragarritasuna ziurtatuta egongo litzateke?

Arrisku hori beti dago, 1. mailara igotzen saiatu diren urtean jaitsi diren taldeak ez dira gutxi. Baina guk hiru urteko plan hori egitean planifikatzen dugun zuzkidura zertarako da? Ondare bat gelditzeko. Jaitsiko bagina, igotzeko erabil genezake. Horretaz gain, nik uste dut Eibarrek klub gisa hartu duen dimentsioa eta estruktura maila, ez bakarrik gastu mailan, baizik eta zaleen  mailan, reperkusio mailan eta abar, mantendu egin behar dugula, ahal dugun heinean. Hori da gure apustua. Eta nik espero dut ez gertatzea, baina 1. RFEFra jaitsiko bagina, baliabideak izango genituzke aurreko aldian baino zailtasun gutxiagorekin Ligara bueltatzeko eta klub profesional bat izaten jarraitzeko.

Nola doaz Kirol Hiriko lanak? Badira lau urte proiektua onartu zela eta 16 hilabete makinak lanean hasi zirela.

2018an aurkeztu zen proiektua eta prozesu osoa amaitzen denean izango duguna desberdinak dira. Bete beharreko epe bat daukagu; 2023ko abendurako zelai nagusia prest egon behar da. Eta gero gainontzeko instalazioen irekiera graduala izango da.

Aurrekontua epearen proportzio berean handituko da?

Hogei milioikoa da eman genuen azken zifra, baina materialetan igoera bat egon da eta eragina izango du. Hurrengo hilabeteotan, behin proiektuak guztiz amaituta daudenean eta obren lizitazioa aurrera doanean, inbertsioaren eta prestazioen argibide guztiak eskaini ahal izango ditugu. Prestazioak ez dira 2018an aurkeztu genuen proiektuarenak, zelai bat gehiago egongo da, eraikina... Eraikitze epean eta aurrekontuan eragina izango du, baina dena azalduko diegu gure akziodunei eta zaleei.

Prozesu horri Kontseilutik jarraituko omen diozue. Azaroko Batzarrean berrautaketara aurkeztuko zarete egungo kontseilari guztiak. Nola hartu duzue erabakia?

Lehenik eta behin, Kirol Hiria bideratzeko eta amaitzeko beharra eta 1. mailara bueltatzeko saiakera elkarrekin egiteko nahia daukagu, proiektu osoa guztiz burutu. Kontseiluari jarraitutasuna eman nahi diogu, baina, 2017aren ondoren bezala, berritze bat egitea ere bai, berritze lasai bat, nahiz eta oraingoan hamaika kontseilariok aurkeztu.

«Kontseiluari jarraitutasuna eman nahi diogu, baina, 2017aren ondoren bezala, berritze bat egitea ere bai, berritze lasai bat, nahiz eta oraingoan hamaika kontseilariok aurkeztu»

Zergatik ez duzue antolatu Ezohiko Batzarra hauteskundeak egiteko, 2017an bezala?

Aurrekoan, hilabete batzuk lehenago talde batek aurkezteko interesa zuela esan zigun eta horregatik eratu zen hauteskunde prozesu bat. Oraingo honetan ez dugu izan horrelakorik eta Ohiko Batzarrean bertan egingo dugu, 2012an eta 2007an egin zen bezala.

Akziodun batzuk plataforma batean bildu dira. Oraindik ez dute esan Kontseiluan sartu nahi duten, baina gardentasun eta gertutasun handiagoa eskatzen omen diote Kontseiluari. Hausnarketa egitera bultzatu zaituzte mugimendu horrek, akziodunek senti dezaketen hutsune horrek?

Errespetuz hartzen dugu akziodun talde bat mobilizatzea. Kasu honetan, beraiek uste dute une honetan ez gaudela beren klubaren ideiatik gertu eta hori errespetagarria da. Hausnarketara baino, elkarrizketara bultzatzen gaitu, beraiekin eta edozein akziodunekin. Urte hauetan akziodun pila batekin egon naiz, asko plataforman daudenak, eta beren kezkak edo kritikak helarazi dizkidate. Orain asmoa berbera da, hitz egin, entzun, eta suertatzen bada beren ideiak bateragarriak direla gure ideiekin edo gure jarduera aberasten dutela uste badugu, beraiekin eskuz esku aritu eta bete.