INFO

Zuhaitzez zuhaitz moztea, basogintza irregularra EAEra iritsi da

Basogintza tradizionalaren aurrean, bide berriak zabaltzen ari dira beste eredu batzuk Euskal Herrian. Zuhaitz guztiak matarrasan bota beharrean, basoa zuhaitzez zuhaitz kudeatzea planteatzen duen basogintza irregularra horietako bat da.

Pinudi bat Bizkaian, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Baso osoa aldi berean moztu beharrean, bost urtean behin, zuhaitzez zuhaitz zein ebaki aukeratzea planteatzen duen basogintza irregularraren alde egin du apustu EAEn aitzindari den Aramaioko ERREZ kooperatibak.

Proiektu horretan diharduen Iñaki Etxebestek EFE agentziari azaldu dio nola funtzionatzen duen baso-kudeaketa horrek, bere esanetan «industrialak» baino ekonomia eta ingurumen emaitza hobeak emango dituena.

Legazpiko harizti batean aplikatzen du eredua. Bertan, Neikerren ura kudeatzeko Life Urbaso proiektuarekin kolaboratzen du, Europar Batasunak finantzatuta.

Nahia Gartzia Bengoetxeak eta Life Urbasoko Ander Ariasek azaldu dute basogintza irregularra babesten dutela edateko uraren bilketetatik ibaian gora dauden basoetan.

Neikerrek basogintza irregularrak lurrean duen inpaktua monitorizatuko du, hau da, lurrustelaren higadura, lurzorua babesten duen geruza. Uste denez, higadura basogintza tradizionalean baino askoz txikiagoa bada, lokatz gutxiago joango da ur-hartuneetara, eta horrek edateko ur gehiago eta garbiagoa emango du.

30-40 urteran behin, matarrasa

EAEn, intsinis pinuaren (radiata) basogintza tradizionala da nagusi, eta, funtsean, epe luzerako laborantza baten modukoa da: zuhaitz guztiek adin bera dute, eta 30-40 urtera iristen direnean, denak batera mozten dira matarrasan.

Mozketaren ondoren, ez da basorik geratzen, eta makinak erabiltzean, lurra biluzik eta higatuta geratzen da, urte batzuen buruan iratzeak sortzen hasten diren diren arte.

Etxebestek azaldu duenez, metodo horrek «ez du gure gurasoek ezagutu duten errentagarritasuna. Baso jabeak garenok badakigu intsinis pinuak zer suposatu duen gure etxeetan: baserrietan teilatuak aldatzen genituen matarrasa egiten zenean, baina gaur egun ez da horrela».

«Gaur egun, batez ere, diru-kutxa publikoek eusten diote ustiapenari, inbertsioaren ehuneko oso handia ordaintzen baitute, hau da, guztiek, eta arlo ekonomikotik buelta bat bilatu behar zaio horri», azpimarratu du.

XXI. mendean arrazoi gehiago dago: «jabearen zahartzea, landa eremuarekiko errotze eza, eta ondorioz mendian egiten diren lanak gehiago azpikontratatzeko joera, edo globalizazioa, urruneko egurra ekar daiteke...»

Eta alderdi ekologikoa dago: «bai lurzorua mantentzearen aldetik, bai biodibertsitatearen aldetik, ezagutzen dugun basogintza industriala ez da iraunkorra, ziurtagiri asko egin arren».

Zura beharrezkoa izaten jarraituko duenez papera, altzariak edo enbalajeen bezalako industrietarako, «beste era batera ekoiztea da egin behar duguna».

Lekua uztea, argia kudeatzea...

Nola? Basogintza irregularrari ‘oinez oin’ ere esaten zaio, zuhaitzez zuhaitz aukeratzen baita zein ebaki eta zein utzi, gehiago hazteko, eta ez da baso osoa mozten, bost urtean behin zati bat baizik.

Etxebestek haritz eder bat aipatu du: «40ko diametroan dago, baina ez dago bere onenean, beste urte batzuetan kapitala pilatuko baitu, gizendu egingo da. Ez da orain moztu behar, baizik eta lekua utzi, argia kudeatu garapen ezin hobea lor dezan. Zuhaitz horrek bi mila euro balio ditu, baina oraindik ez du balio hori metatu. Frantzian asko ordaindu diren haritzak ditugu, sei mila euro».

‘Oinez oin’ sistemak «uztako» zuhaitzak moztuko ditu eta «etorkizunekoak» utziko ditu, hurrengo mozketara arte. Ez dira urteen arabera kudeatzen, diametroaren arabera baizik, eta bost urtean behin kopuru bera ateratzen da.

«Hemen (hariztian) bi mila euro dituzu zuhaitz batean, eta hori pilatu gabe. Intsinis pinua hektareako 20-24.000 euro inguru ematen ari da –200 bat zuhaitz ditu–, eta 40 urtean behin kobratzen da, inbertsio eta laguntzekin. Irregularrarekin, diru-ekarpen bat duzu bost urtean behin, laguntzarik eta ezer gabe, zero inbertsioa».

Horregatik, «ekonomikoki ere errentagarriagoa da egiten ari garena baino, zalantzarik gabe», dio Etxebestek.

Gainera, espezieen aniztasuna babesten da: «Duela hogeita hamar urte aitonak gaztainondo hori kendu, motozerrarekin bota, edo ustelduta dagoen haritz hori kendu, lurrera, eta gorostia, kanpora. Gaur egun, planteamendu horrekin dirua galtzen duzu, eta benetan axola ez duen zerbaitetan ematen duzu lan denbora. Haritz hilak biodibertsitatea ematen du, gorostiak itzala egiten dio haritzari, kalitatea ematen du».

Eta horrekin batera, beste abantaila bat, lurzorua babesten da, «basoari eusten dion epe luzerako inbertsio-funtsa baita. Egitura sakratua du, inpaktuak minimizatu behar dira», ondorioztatu du Etxebestek.