INFO

Jevons berriz ito, eredu energetiko berri bati bide emateko

Prozesu bat efizienteago bihurtu ahala gehiago erabiltzen denez, efizientzia handiagoak ez dakar energia kontsumoaren murrizketa, hazkundea baizik. Hala dio Jevonsen paradoxak. Energia berriztagarriekin gertatu da: ez dituzte erregai fosilak ordezkatu, energia kontsumo orokorrak gora egin baitu.

Lurrun makinak energia kontsumoa biderkatu zuen. (GETTY IMAGES)

Gaitza baino okerragoa izaten da batzuetan sendagaia. Hori baieztatu zuen krudelki XIX. mendean Stanley Jevons ekonomialariak, teoria marxistaren kontra gogoz jo zuenak. Bere osasun ahula zela-eta bainuetxez bainuetxe bizi zen, bere teoria ekonomikoak garatzen zituen bitartean, eta bainuetxe horietako batean hil zen gazte, 46 urte zituela, igerileku batean itota.

Heriotzan bakarrik ez, bere lanetan ere topatu zituen errealitate anker horren zantzuak. Britainia Handiko industrializazio prozesua bertatik bertara ikusi zuen Jevonsek, eta agudo antzeman zuen teknologia baten efizientzia hobetu ahala bere erabilera hazi egiten zela. Are gehiago, energia arloan, prozesu baten efizientzia energetikoa zenbat eta hobea izan, orduan eta gehiago erabiltzen da prozesu hori, eta energia kontsumoa handitzen da, beraz. Alegia, prozesua hobetzeak energia kontsumoa murriztu ordez, handitu egiten du, erabilera biderkatzen delako. Jevonsen paradoxa izena du fenomenoak, eta gaur egun aski ezaguna da. Errebote efektua ere deitzen zaio.

Berriztagarrien adibidea

Paradoxa horrek beste ezerk baino hobeto baliogabetzen du efizientziaren mantra. Energia iturri garbi eta efizienteak lortzeak ez du bermatzen energia gutxiago kontsumituko denik. Estatu espainiarreko bi datu aski dira hori erraz islatzeko: 1990ean jatorri berriztagarriko 6.222 tpb –tona petrolio baliokide– kontsumitu ziren. Hiru hamarkada geroago, 2019an, 18.025 tpb izan ziren. Horrek esan nahi du jatorri fosileko 12.000 tpb gutxiago kontsumitu zirela? Ezta hurrik eman ere. 2019an, duela 30 urte baino 25.000 tpb fosil gehiago kontsumitu ziren. Jevonsek irribarre eginen luke.

Orain arte karramarroaren bidea egin duen trantsizioaren argazkia ematen dute datuek: sortu diren energia iturri berriztagarri eskasek ez dituzte beste iturri kutsakorrak ordezkatu, osatu baizik. Pentsa daiteke, egun hauetako krisi energetikoa ikusita, eskasiak ekar dezakeela orain ordezkapen hori –beti partzialki, erabateko ordezkapena ezinezkoa baita–, baina tentuz hartu behar dira kolapso energetikoaren iragarpenak. Eskasia badago, bai, baina planeta pikutara bidaltzeko bezainbeste erregai fosil geratzen da ezagutzen diren erreserbetan. “Nature” aldizkarian abuztuan argitaratutako ikerketa baten arabera, ikatzaren %90 eta petrolio eta gasaren %60 geratu beharko litzateke lurrazpian, berotze globalak 1,5 gradutik gora ez egiteko.

Nola egin?

Erronka ez da makala, beraz. Duela astebete hemen azaldutako datuek nahiko garbi uzten dute energia berriztagarri gehiago behar dela Euskal Herrian, klima krisiari eta dependentzia energetikoari aurre egiteko. Txanponaren beste aldea da energia horrek erregai fosilen kontsumoaren murrizketa ekarri behar duela, neurri ez proportzional batean, gainera. Alegia, fosilen murrizketa osoa ez da –ezin da– berriztagarriekin konpentsatu.

Ez da erraza izanen, energia gutxiago kontsumitzeak ia automatikoki barne produktu gordinaren (BPG) beherakada dakarrelako. Jevonsen garaian uste zenaren kontra, ekonomia ez delako bakarrik kapitalaren eta lanaren arteko dialektikaren emaitza. Energia kontsumoa aurrebaldintza du harreman horrek. Aro modernoko ia atzeraldi ekonomiko guztiek izan dute, aurrekari gisa, energia kontsumoaren murrizketa edo garestitze bat.

Eta nola atera Jevons igerilekutik, ozeano sakonean betiko hondoratzeko?

Ekonomialari britainiarrak eraikitzen lagundu zuen oinarri ekonomikoak eraitsiz; BPGaren hazkundea aldaretik jaitsiz, tokiko beharretara lotuta dagoen sistema energetiko bat eraikiz eta epe motzeko irabaziak lehenesten dituzten aktoreei paper protagonista kenduz.

Zaila bezain premiazkoa. Berriztagarriekin batera, negozio, jabetza eta kudeaketa eredu berri eta demokratikoago batek gainditu dezakeelako soilik Jevonsen paradoxa.