Aitor Esnaola ere espetxera, hirugarren gradua kenduta; 36 ordutan bigarrena da
Beste euskal preso bati hirugarren gradua bertan behera utzi dio Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak aurkeztutako helegiteari kasu eginez: Aitor Esnaola legorretarra da orain. Hamaika urte daramatza preso eta zigorraren erdia 2020. urtetik gainditua du. Martutenen sartu dute berriz.
Ia urte erdi hirugarren graduan eman ostean, bigarren graduan sailkatu eta ondorioz espetxera bidali du berriz Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Auzitegi Nagusiak Aitor Esnaola Dorronsoro legorretarra, Etxeratek jakinarazi duenez.
📌🟢Aitor Esnaola bigarren gradura itzuli eta espetxera bueltatu da. 2022ko maiatzean 3. gradua eman zion Esnaolari Eusko Jaurlaritzak, aurretik tratamendu-batzordeak aldeko proposamena egin ondoren. Baldintza guztiak betetzen ditu eta...
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) November 2, 2022
Oharra 👇https://t.co/UU7hjkMVHT
Fiskaltzaren eskariz hartu du erabakia, aurreko kasuetan bezala: Unai Fano izan zen lehena, iazko urrian, eta Mikel San Argimiro izan da azkena, astearte honetan hain zuzen ere.
Litekeena da bi hauek azken kasuak ez izatea, kontuan hartuta zazpi helegite gehiago abiatu dituela Fiskaltzak, erakundeek –kartzelen Tratamendu Batzordeen irizpideari segituz– onartutako hirugarren graduen aurka.
Esnaolak maiatzean eskuratu zuen hirugarren gradua, Iñaki Bilbao Gaubeka, Gorka Martinez Ahedo eta Gorka Lupiañezekin batera, horretarako baldintzak betetzen zituelako, baina orain espetxera bueltan da. Martutenen kartzelaratu dute; hirugarren gradua Tratamendu Batzordearen oniritziaz lortu zuen espetxe berean. Aurretik Sorian izan zuten preso, eta hona Ocañatik ekarri zuten.
Hamaika urte eta erdi egin ditu preso Aitor Esnaolak. Zigorraren erdia 2020. urtetik beteta duela zehaztu du Etxeratek.
Bere espetxeratzea salatzeko Legorretan manifestazioa antolatu dute ostiral honetarako, 19.00etan herriko plazan. Gainera, Udalak adierazpena zabaldu du, EH Bilduk eta EAJk onartuta. Esnaola maiatzetik hona normaltasun osoz, eskumuturreko telematikoarekin, herrian ibili dela ekarri du gogora ezer baino lehenago, «legeak dioen bezala, birgizarteratze-prozesuan, legearen baldintza guztiak beteta eta legedia arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan, ez Legorretako herriarenean».
Erabakiagatik kezka azaldu du Legorretako Udalak. Gogora ekarri du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza «behin eta berriro”»ari dela presoen gradu-progresioen aurkako helegiteak jartzen. Espetxeko erakundeek hartutako erabakien kontra egiten du Fiskaltzak horrela. «Kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak», nabarmendu du. Horregatik, horien erabakiak aintzat hartzeko eskatu du Legorretako Udalak, «gradu-progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena».
Manifestazioa Donostian
Esnaolari bezala hirugarren gradua kendu dioten Mikel San Argimiroren kartzelaratzea salatzeko manifestazioa egin dute arratsaldean Donostian, «Etxerako bidean oztoporik ez» lelopean. Ehunka lagunek hartu dute parte.
Ozen aldarrikatu dugu Mikelek baldintza guztiak betetzen dituela 3.graduan egoteko!
— Sare Donostia (@SareDonostia) November 2, 2022
Salbuespen neurriak STOP!
Etxerako bidean oztoporik EZ!#Urt7Bilbora pic.twitter.com/Pcd1DlsOYT
Mobilizazioa hasi aurretik Inaxio Oiartzabal Sareko kideak hitza hartu du eta gogoratu du Donostiako Udalak adierazpena onartu zuela Xabier Atristainen kartzeleratzeagatik kezka agertzeko. San Argimiroren kasuan, donostiarra izaki, Udalak ere «erantzun berbera» emango duela espero du, eta bai berak bai Esnaolak hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egoteko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituztela nabarmendu du. Bai Sarek bai Etxeratek eskubide urraketa hauen aurrean beren «haserrea» azaldu dute.