INFO

BTN Donibane Garazi: Saio epela, hitanoaren hautua eta genero rolak

Jon Gurrutxaga bertsolaria eta Ainhoa Urien gai jartzailea gonbidatu ditugu NAIZ irratiko BTN plazara, Bertso Tertulia Nagusira. Donibane Garaziko saioa aztertu dugu ariketaz ariketa. Gai jartzaileen aziertoak, hitanoaren erabilera eta rol banaketan ematen diren estereotipazioak.

Donibane Garaziko saioa, BTN22 ( Bob EDME)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Donibane Garazikoa saio epela izan zen eta ezusteko aurpegi batzuk ere nabaritu ziren epaileen emaitza jakin berritan. «Ordenak ez ninduen harritu, jakina zen Ametsek poto egin zuela. Eta hirugarrenarekin zegoen aldea ere ulertzekoa da, Elustondok bi poto egin baitzituen», azaldu du Gurrutxagak.  Horregatik, epaia «justua» izan dela nabarmendu dute Urien eta Gurrutxagak. Urienek gehitu: «zortziko handian, epel»; Zortziko txikian «gehiago espero genuen...». Hala ere, Donibane Garaziko saioak izan zuen bere distira.

Potoak poto, Nerea Elustondoren lan ona nabarmendu du Gurrutxagak: «badauka bertso oso lurtarra, mundutarra. Gertuko irudiak erabiltzen ditu eta entzulearekin konektatzen badaki» nabarmendu du. Oihana Iguaranek hitanoa erabiltzean hartutako arriskua nabarmendu dute, «erregistro horrekiko koherente ez bazara hori epaileek zigortzen dute» ohartarazi du Urienek.

Puntutako ariketan Azpiroz eta Mugikaren ariketa azpimarratu dute: «Azpirozek asmatzen du elementu berriak ekartzen, rol hori itzalpekoa da...» esan du Gurrutxagak. Seiko motzean bi potoak alde batera utzita, Urienek Iguaranen lana gogoratu du. «oso ondo hartu zuen bere bertso kidearen rola, 12 urteko semea, eta oso ondo atera zuen bertsoaldi hori diskurtsiboki zein ideologikoki ekarpen handia egin zuen».

Amets Arzallusen eguna ez zen izan Donibane Garazikoa, ganbarako lanean irrist egin eta poto bat egin zuen, baina bertsoaldi politak ere utzi zituen. Rol banaketaren inguruan egin dugu hausnarketa BTNn, seiko motzean «argudiotegian amaren prototipoa erreproduzitu zuen nahiko modu orokorrean, eta nik uste dut horrek gero pisatu egin ziola».  Bukaerako agurrean ere presente izan zuen kantatutakoa eta «beti etortzen gara erakustera baina ikastera ere bai» esan zuen Arzallusek. Horrelako umiltasunetik egindako onartzea azpimarratzekoa dela dio Urienek.

Ganbarako lanean Iguaranen doinu berria ekarri dute solasaldira eta baita Aitor Etxeberriazarragaren ariketa ere.