INFO

2023ko Nafarroa Oinez Etxarri Aranatzen ospatuko da ‘hotsein!’ lelopean

Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak hartuko du 2023an Nafarroa Oinez festa, «euskararen arnasguneak bizkortzearen» helburuarekin. Ostegun honetan egin dute Tafallan ospatutakoaren balorazioa ere, eta baikor azaldu dira Garces de los Fayos ikastolako kideak izandako erantzun jendetsuagatik.

2023ko Nafarroa Oinez aurkezteko agerraldia, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan (Iñigo Uriz | FOKU)

Ostegun goizean aurkeztu dute 2023an Etxarri Aranatzen egingo den Nafarroa Oinez. Izaskun Errazkin Andra Mari ikastolako gurasoen ordezkariak eta zentroko zuzendari Iñigo Orellak eskuan bozgorailu bat zutela egin dute agerraldia, hori izango baita logotipoa, ‘hotsein!’ leloarekin batera. Euskararen arnasguneak bizkortzea izango da festaren helburu nagusietako bat.

Nafarroa Erdialdean ez ezik, beste inguruneetan ere euskarak bultzada behar duela azaldu dute: «Datorren urteko Nafarroa Oinezen proiektuari gogo handiz heldu diogu, baina baita arduraz ere, euskarak bultzada handia behar duelako, ez soilik Erriberan edo Tafallan, Sakanan ere bai, izan ere, euskararen erabilera moteltzen ari dela ikusten ari baikara».

Heldu den urteko Nafarroa Oinezek hiru helburu nagusi izango ditu. Batetik, «euskararen arnasguneak bizkortzea», euskararen arnasguneetan dauden ikastolen lana estrategikoa dela nabarmendu dute, eta garrantzitsua dela euskalkia «bizi-bizirik duten herrien eredua»; euskararen apaltzearen aurrean «zirikatzaile» izan nahi dutela gaineratu dute.

Bigarren helburua, ikastolen izaera publikoa aldarrikatzea izango da, ordezkarien esanetan Andra Mari Ikastola proiektua «herrikoia, kooperatiboa, autogestionatua, eta auzolanean oinarritutakoa» delako. Duen izaera anitza eta inklusiboa zabaltzea ere xede izango dute. Eta hirugarren helburua hezkuntza proiektu eraldatzailea bultzatzea izango da.

Helburu horiekin batera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikinean hobekuntza lanak egiteko baliatuko dute festa. «Inklusibitatearen ikuspegitik mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat eraikina eroso bihurtu eta bere eraginkortasun energetikoa hobetu eta sortutako kutsadura murriztu nahi da, ardura ekologiko, sozial eta ekonomikoagatik».

Azaroaren 26an egingo dute aurkezpen ekitaldia, Arbizuko kiroldegian, eta Sakanako euskaltzale guztiei bertaratzeko gonbita egin diete. Bestetik, Oinez Denda hilaren 11n zabalduko dela gaineratu dute.

‘hotsein!’ eta bozgorailua

Leloa izango da ‘hotsein!’ «Zuzena eta indartsua» ordezkarien esanetan. Bi esanahi ditu Sakanako hizkeretan: batetik, «zarata egin» edo «burrunba egin», eta, bestetik, «deitu» edo «aldarrikatu». Bi zentzuak baliatu nahi dituzte proiektuaren izaera definitzeko: «Bi esanahiak baliatu nahi ditugu. Batetik, Andra Mari Ikastolak zarata egin nahi du, euskara txoko guztietan entzun dadin. Bestetik, dei zabal bat egin nahi du arnasguneetan dauden ikastolon alde, proiektu horien beharra aldarrikatuz».

Logoa, berriz, bozgorailu bat irudikatzen duten hiru marratxok osatzen dute, «bozgorailuak hots egiteko grina eta hitza zabaltzeko asmoa adierazten du».

Balorazio positiboa Tafallak

Hurrengo edizioa aurkeztearekin batera, ostegun honetan egin dute urriaren 16an Tafallan ‘Erdian Erein’ lelopean ospatu zen Nafarroa Oinezen balorazioa. Garces de los Fayos ikastola pozik agertu da izandako erantzun jendetsuagatik, eta eguna «normaltasun osoz» igaro zela adierazi dute, programatutako jarduera guztiak arazorik gabe burutuz.

Boluntario lanetan ibilitako familia eta kideen lana azpimarratu dute, 1.200 lagun ibili ziren lanean hain zuzen ere, egunean bertan, zein urte osoan zehar. Erakundeetako ordezkariei ere eskerrak eman dizkiete, euskararen aldeko festan eta ikastolen mugimenduan parte hartzeagatik.

Lekukoa eta babes osoa helarazi diote Etxarri Aranazko ikastolari, datorren ikasturteko Nafarroa Oinez bertan ospatuko baita. Tafallako Ikastolak adierazi du «indarberrituta» sentitzen dela «Erdialdean euskara ereiten jarraitzeko» eta Oinez Basoa proiektua garatuko duela aurreratu du. Hegaztien behatoki bat eraiki nahi dute Casarruejos aintziran, gozamenerako eta ingurumen-hezkuntzarako elementu gisa.