INFO

Abortatzeko eskubidearen alde mobilizatu dira Gasteizen

Abortuaren aurkakoek hainbat klinikaren aurrean egindako kontzentrazioen aurrean, Gasteizko Mugimendu Feministak ehun bat pertsona elkartu ditu ostegun arratsalde honetan «Aski da: gure gorputza, gure erabakia!» lelopean.

Gasteizko Desamparados plazan kontzentratu dira feministak abostatzeko eskubidearen alde eta abortuaren aurkakoen «jazarpenaren» aurka. (Endika PORTILLO | FOKU)

Mugimendu Feministak deituta, ehun pertsona inguru kontzentratu dira ostegun honetan Gasteizko Desamparados Plazan, haurdunaldiaren borondatezko etenaldiak egiten dituen Askabide Klinikatik gertu eta abortuaren aurkakoak elkartzen diren leku berean, hain zuzen. «Aski da: gure gorputza, gure erabakia!» lelopean abortatzeko eskubidearen alde egin dute eta abortuaren kontra daudenen «jazarpena» salatu dute.

Irailaren amaieran hasi ziren abortuaren aurkakoak Gasteizko Askabide Klinikaren aurrean elkartzen, Estatu Batuetan sortutako erakunde erlijioso baten bitartez. Apiriletik Zigor Kode espainiarrak emakumeen abortatzeko eskubidearen aurkako «ekintza gogaikarriak eta iraingarriak» debekeatzen ditu. Hortaz, elkarretaratze hauek otoitz isilak dira, mezu erlijiosoak dituzten kartelak erakusten dituzten bitartean.

Hala ere, duela aste batzuk epai batek Gasteizko nahiz Donostiako Askabide Kliniketatik 100 metro baino gutxiagora manifestatzea debekatu zuen. Hortik aurrera, Desamparados Plazara lekualdatu zituzten kontzentrazioak.

Beraz, ostegun honetan egindako mobilizazioan feministek emakumeen aurkako «jazarpena» salatu dute, zehazki «emakume eta sexu genero disidenteon gorputzaren gaineko kontrol heteropatriarkalaren adierazle zuzena» den jazarpena dela defendatu dute.

Bide batez, Gasteizko Udaltzaingoak abortuaren aurkakoen kontzentrazioen aurrean izandako jarreraren aurka agertu dira. Beraien ustetan, antolakuntza feminista «kriminalizatu» egiten dute eta «emakumeon menderatzea babestu».

«Honen aurrean jakin badakigu zein den indar polizialen, zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Izan ere, antolakuntza feminista kriminalizatzen duten bitartean, horrelako jazarpen jokabide ilegalak ahalbidetu eta babestu ez ezik, emakumeen gorputzen gaineko kontrol diskurtsoak ere indartzen dituzte», zehaztu dute mobilizazioan irakurritako ohar batean.

Gauzak horrela erakunde publikoei zuzendu zaizkie, «oinarrizko eskubidea izan beharko lukeenaren kudeaketa bere ez egiteagatik». Izan ere, osasun publikoaren arloan interes «merkantilistak» eta «pribatizazioa» «pertsona eta komunitateen interesen aurretik» jartzen direla diote.

Bukatzeko, «antolakuntza feministara» deitu dute, «erasoen kontako erantzun irmoak ematerako orduan, kolektibotasunak indartu, babestu eta zaintzen gaituelako», argudiatu dute.