INFO

Aitor Esnaola herrikidearen espetxeratzea salatu dute Legorretan

Manifestazioa egin dute arratsalde honetan Legorretan, Aitor Esnaola bizilagunaren espetxeratzea salatzeko. Martutenen dago asteazkenaz geroztik, Auzitegi Nazional espainolak hirugarren gradua kenduta.

Aitor Esnaolaren espetxeratzea salatzeko Legorretan egin duten manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Aitor Esnaola Dorronsoro herenegun espetxeratu zuten berriro, Martuteneko kartzelan, Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua kenduta, Fiskaltzak aurkeztu zuen helegiteari jarraiki. Hori salatzeko manifestazioa egin dute bere herrian, Legorretan, arratsalde honetan, «Etxerako bidean oztoporik ez. Aitor etxera» lelopean, Sarek deituta.

 

Esnaolak ia urte erdi zeraman hirugarren graduan, baina Auzitegi Nazionalak atzera bigarren graduan sailkatu eta preso sartu dute berriro. Hamaika urte eta erdi egin ditu espetxean eta zigorraren erdia 2020. urtetik beteta zuen.

Bere herrikideen babesa ez ezik, Legorretako Udalarena ere jaso du Esnaolak. EH Bildu eta EAJk adierazpena onartu zuten eta bertan Esnaola maiatzetik hona normaltasun osoz, eskumuturreko telematikoarekin, herrian ibili dela nabarmendu zuten, «legeak dioen bezala, birgizarteratze prozesuan, legearen baldintza guztiak beteta eta legedia arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan, ez Legorretako herriarenean».

Auzitegi Nazionalaren erabakiagatik kezka agertu zuten eta gogoratu Fiskaltza «behin eta berriro»ari dela presoen gradu progresioen aurkako helegiteak jartzen, espetxeko erakundeek hartutako erabakien kontra. Horregatik, organo horien erabakiak aintzat hartzeko eskatu zuen Udalak, «gradu progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena».

Esnaolarena ez da hirugarren gradua atzera botatzen dioten kasu bakarra, eta litekeena da azkena ere ez izatea, izan ere beste zazpi helegite gehiago aurkeztu baititu Fiskaltzak. Aste honetan bertan Mikel San Argimiro kartzelaratu dute, egoera berean.