Laugarren garaipena lortu du IDK Euskotrenek; Araskik galdu egin du Bartzelonan
IDK Euskotrenek denboraldiko laugarren garaipena –denak elkarren segidan– eskuratu du igande honetan Hozono Global Jairis taldea nagusitasunez menderatu ostean (84-73). Araskik, berriz, ezin izan du bere laugarren garaipena eskuratu, luzapenean porrota jaso baitu Barçaren aurka.
Txanponaren bi aldeak Endesa Ligako taldeentzat. Larunbatean Lointek Gernikak sentsazioak berreskuratu bazituen, igande honetan bide beretik aritu da IDK Euskotren. Laugarren garaipena errskadan erdietsi dute donostiarrek, igo berri den Hozono Global Jairis talde murtziarraren aurka (84-73).
Hasi eta buka, nagusi izan da etxeko taldea, Natalia Gonzalez hiru hirukoei esker eta baita Coulibalyren hiru saskiratzeekin ere. Lehen laurdena 22-17 markagailuarekin bukatu da, oraindik ere murtziarrak estu jokatzen zeudela.
Bigarren laurdenean, baina, aldeak handitzen joan dira Azu Muguruzarenak. Gonzalez eta Coulibalyren erakustaldira batu dira Joy Alexis Brown eta Nicole Cardaño, bakoitzak zortzi puntu eskuratuz, eta jada partida apurtzen joan da (43-28). Atsedenalditik bueltan ez dute lorik hartu donostiarrek eta murtziarrentzat gehiegi izan da.
Partida borobila jokatu dute. Horren erakusle, azken laurdena 68-45eko markagailuarekin hasi dela. Coulibaly eta Joy Brownen fintasunak bukaeraraino iraun du, gainera, eta hala sufritu gabeko garaipena erdietsi dute. Laugarrena jarraian, hirugarren postura igotzeko.
Porrota luzapenean
Kutxabank Araskik, berriz, porrota jaso du Barçaren etxean, partidaren luzapenean. Gasteiztarrek ezin izan diote etxekoen azken txanpari eutsi eta Kataluniako lurretan galdu egin dute. Kutxabank Araskiren jokoaren lehen zati bikainaren ondoren, Barça CBSk erreakzionatu egin du atsedenaldian markagailuari buelta emateko. Maimouna Diarrak azken laurdenaren amaieranbi jaurtiketa libre izan ditu, Araskiri garaipena emateko baliagarriak, baina huts egin ditu eta beraz, gasteiztarrek ezin izan dute laugarren garaipena eskuratu.
Partida desegoki hasi da bi taldeentzat. Izan ere, hiru minutuko jokoaren ondoren, Kutxabank Araskik eta Barça CBSk bina puntu baino ez zeramatzaten. Hala ere, Made Urietaren neskek joko egoera horretara egokitzen jakin dute eta Maimouna Diarra izan da nagusi erasoan aukera gehiago izateko. Saskiratze gutxiko lehen laurdenaren ostean (9-13), gasteiztarrak erasoan askatu dira Florencia Chagasen gidaritzapean.
Joko antolatzaile argentinarraren puntuei esker, Kutxabank Araskiren abantailak gora egin du bigarren laurdeneko lehen minutuetan. Hiruko jaurtiketatik asmatuta, talde gasteiztarrak Barça CBS menderatu du eta 13 puntuko abantailarekin bukatu du lehen zatia (23-36). Baina aldageletatik igarotzeak partidaren dinamika aldatu du. Kutxabank Araskik ia lau minutu behar izan ditu saskiratzeko eta Barçak bere desabantaila murriztu du.
Eraginkortasun falta hori luzatu egin da, nahiz eta Kutxabank Araskik hamar minutuko abantailari eutsi dion. Baina Barça CBS taldeak gasteiztarrak estutzea lortu du 11 segundoren faltan. Azkenaurreko jokaldian, Maimouna Diarrak huts egindako bi jaurtiketa librek luzapenera joan dira (48-48). Aparteko bost minutuetan, Kutxabank Araskik ez du egoera errazik aurkitu erasoan (60-52).