INFO

Garraiolariek greba mugagabea iragarri dute espainiar Estatu osoan, hilaren 14tik aurrera

Errepideko Merkantzien Garraioaren Sektorea Defendatzeko Plataformak igande gauetik astelehenerako gauerdian hasiko du greba, salatzeko zamaketariek kostuen azpitik egiten dutela lan, legea urratuz. Patronalak, aldiz, lanuzte deialdiaren kontra agertu dira.

Kamioilarien protesta baten artxiboko irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Errepideko Merkantzien Garraioaren Sektorea Defendatzeko Plataformak astelehenean iragarri du Estatu espainiarrean greba mugagabea hasiko duela datorren igandetik astelehenerako gauean, salatzeko zamaketariek ez dutela legea betetzen galeretan lan egiten dutelako.

Protestara deitu duen plataforma autonomoen elkarteak eta garraiolarien enpresa txikiek osatzen dute eta pasa den martxoan hogei egunez luzatu zen greba deialdia babestu zituen. Antolatzaileek adierazi dutenez, probintzia-batzarretako botoen %86k grebaren alde egin du.

«Zazpi hilabete geroago, ez da errespetatzen garraiolarien kostu-prezioa, gero eta gehiago ordaintzen baitugu», deitoratu du Manuel Hernandez plataformaren bozeramaileak, egoera «adar-jotze bat» dela gaineratuz. «Kostuen legeak mota guztietako garraioei eragin behar diela» defendatu du.

Greba-deialdi berriaren arrazoia da, Hernandezek azaldu duenez, Gobernu espainiarrak erakutsi duen «pasibotasuna», hain zuzen zamaketariak zerbitzuaren kostuak estaltzen dituzten prezioak ordaintzera behartzen dituen araua ez delako betetzen. Madrilgo Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari leporatu dio lege hori beteko dela ziurtatzeko baimena kendu diola Guardia Zibilari.

Patronalen ezetza

Errepide bidezko Nazioarteko Garraioaren Elkarteak (Astic), zeinak Estatuko enpresa handienak ordezkatzen dituen eta Errepide bidezko Garraioaren Batzorde Nazionaleko (CNTC) kidea den, agertu du ez dago arrazoirik grebara joateko, eta «kalte» egingo duela garraioaren sektorean nahiz sektoretik kanpo.

Patronal hau eta sektoreko beste batzuk hilabete batzuk daramate Gobernu espainiarrarekin negoziatzen CNTC bidez.

Astic-en arabera, azken urteotan aldaketa esanguratsuak lortu dira garraioaren erregulazioan eta langileen lan-baldintzak eta enpresen funtzionamendu-esparrua hobetu dira.

Ramón Valdivia Astic-eko lehendakariorde exekutiboaren iritziz, lanuztearen ordez egungo lege-esparruak eskaintzen dituen tresnak erabili behar dira orain, eta «ez itxarotea Gobernuak, gure ordez, legea betetzen ez duten bezeroekin negoziatu arte».

Elkartearen kalkuluen arabera, 2023rako garraio-enpresen kostuak %6 eta %10 bitartean handituko dira, baina sektorearen arazoak, endemikoak zein koiunturalak, negoziatuz konpontzen direla uste du, «eta ez ekonomia, gizartea eta sektorearen irudia kaltetzen dituzten geldialdi mugagabeekin», azpimarratu du.

Salgaiak Garraiatzeko Espainiako Konfederazioa (CETM) –hau ere ere CNTCko kide– greba deialdiaren kontra agertu da. Deitoratu du greba deitu duen plataformak Garraio Katearen Legea onartzea garaipen gisa ospatu bazuten ere (lege horrek debekatu egiten du kostu azpitik ordaintzea), orain «beste langabezia batera» jo nahi duela, jakin arren «eskaera ez dela bideragarria juridikoki».